Julen Aginagalde. Bidasoa Irun taldeko jokalaria

«Granollersen aurka jokatzea pizgarria da»

Bidasoak Asobal kopako finalerdia jokatuko du gaur, Granollersen aurka. Hark kanporatu zuen Espainiako Kopan, eta hark kendu dio bigarren postua ligan. «Adi-adi jokatu beharko dugu», esan du Aginagaldek.

JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Julen Aginagalde (Irun, Gipuzkoa, 1982) prest dago denboraldiko azken ahalegina egiteko. Asobal kopa jokatuko da asteburuan, Zaragozan (Espainia), eta Bidasoa Granollersen aurka ariko da gaur finalerdietan (17:45, La Liga Sports). Irabaziz gero, Bartzelona edo Logroño izango luke aurkari finalean, bihar (18:00, La Liga Sports). Aginagaldek «ahalik eta urrutien» ailegatu nahi du. Hilabete amaieran bukatuko zaio kontratua. Badaki zer egingo duen, baina ez du esango datorren astera arte. «Pazientzia izan beharko duzue».

Asobal liga amaitu berri da, eta kopa jokatu behar duzue orain. Kosta egiten da sasoiari eutsi behar izatea? Nahiago duzue denboraldi erdian jokatu, lehen egiten zen bezala?

Nahiago edo ez, jokatu beharra dago. Ez dago besterik. Bi partidatan jokatzen dugu titulu bat, eta hori nahikoa motibazio da.

Zer moduz dago taldea?

Zenbait jokalari ditugu min hartuta [Rodrigo Salinas eta Jon Azkue]. Zoritxarrez, sarritan gertatu zaigu hori. Baina jokatzeko prest gaudenok gogotsu gaude.

Granollersen aurka jokatuko duzue. Kopan, haren kontra galdu zenuten, eta ligan, berriz, hark kendu dizue bigarren postua. Errebantxarako gogoa duzue?

Beti bilatu behar dira pizgarriak, eta Granollersen aurka jokatzea pizgarria da.

Ligan, bitan irabazi zenioten, baina, Kopan, galdu egin zenuten. Partida batean edozer gerta daiteke?

Erabat, eta halako txapelketa labur batean are eta gehiago. Talde bakoitza nolako sasoian dagoen, nola egokitzen den txapelketara... Ez dira jokatzeko txapelketa errazak. Ea ondo moldatzen garen.

Kopan, luzapena jokatu zenuten. Antzeko lehia espero duzu?

Ezin da jakin zer-nolako partida izango den, are gehiago lehena izanda. Oso bereziak dira halako txapelketa laburrak. Argi dugu adi-adi aritu beharko dugula, eta etengabe kontzentrazioari eutsi.

Zer nabarmenduko zenuke Granollersen inguruan?

Oso ondo ari da erasoan. Indartsu iritsi da partida askotako azken txanpara, eta, horri esker, neurketa bat baino gehiago irabazi ditu gol bakar baten aldearekin. Oso argi dute nola jokatu nahi duten, eta oso ondo egiten dute. Esteban Salinas, Antonio Garcia, Chema Marquez... maila handiko jokalariak ditu. Errespetu osoa zor diogu, baina guk ere gure jokamoldea eta lana ditugu. Haiekin irabazi nahi diogu.

Zer sentipenekin bukatu duzue denboraldia?

Bagenekien oso denboraldi gogorra izango zela. Europan aritu behar genuenez, partida asko jokatu ditugu, eta hori sumatu egiten da, are gehiago COVID-19a dela-eta denbora gutxian jokatuta. Zailtasun asko izan ditugu, eta, halere, azken partidara arte aritu gara lehian bigarren izateko. Merezi duen balioa eman behar zaio.

Gaizki ohitu duzue jendea?

Bai. Badirudi normala dela bigarren izatea; guk ere normaltzat jo dugu horretarako borrokatzea, eta badu arriskua. Oso zaila da.

Zailtasunak izan ez bazenituzte, gorago amaituko zenukete?

Auskalo. Lesio asko izan ditugunean, gazteek gehiago jokatu dute, eta horrek mesede egin digu, bai unean bertan, baita aurrerago ere. Ezin gara ibili traba horiek izan ez bagenitu zer pasatuko zen pentsatzen. Aurrera egin behar da beti. Garai txarretatik ere gauza onak ateratzen dira.

Zu zer moduz aritu zara?

Jokatu dudanean ez naiz nabarmendu, baina uste dut lan ona egin dudala taldeari laguntzen. Gutxiago ikusten da lan hori, baina garrantzitsua da. Oso pozik nago.

Nola daramazu rol aldaketa?

Ondo. Nik beti jarri dut taldea nire gainetik, eta taldeak askotan irabazi du. Beraz, oso pozik nago.

Zailtasun handiak egon direla esan duzu. Horietan beteranoaren ardurak hartu behar izan dituzu?

Batzuetan bai; taldea makal zegoela ikusten banuen, animatzen saiatzen nintzen. Hala ere, desagertzen ari da beteranoaren rola.

Lesioek lanak eman dizkizute?

Aduktorean lesio bat izan nuen, eta entrenatu gabe jokatu behar izan nuen. Gogorra izan zen, eta, azkenean, gelditu egin behar izan nuen. Orain, ondo nago.

Denboraldi amaieran bukatuko zaizu kontratua. Zer asmo duzu?

Lehenbizi, Asobal kopa jokatuko dut, eta gero gerokoak. Pentsatuta daukat zer egingo dudan, baina datorren astean esango dut.

Jokalari garrantzitsuek utziko dute taldea. Horrek baldintzatu dezake zure erabakia?

Tira, ez. Jokalari oso garrantzitsuek utziko dute taldea, Bidasoari asko eman diotenak. Baina badakit geratuko direnek edo etorriko direnek barruan duten guztia emango dutela. Taldea hemen geratuko da; Bidasoa hemen geratuko da. Taldea da garrantzitsuena.

Anaiak 41 urterekin hartu zuen erretiroa [Gurutz Aginagalde Bidasoa taldeko lehendakaria], eta zuk 40 egingo dituzu abenduan. Apustua duzue zeinek beranduago utzi?

Ez, eta, izanez gero, galdu egingo nuke, ziur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.