Athleticeko jokalaria

Ane Campos: «Gure defentsan eta Realaren erasoan egongo da derbiaren gakoa»

Athleticek partida amaitzear zela berdindu zion Real Madrili azken jardunaldian, eta sailkapenean «gora begira» jarri dira. Gaur derbia jokatuko dute Realaren aurka, Anoetan (12:00, ETB1). Derbiak «sentitu» egin behar direla nabarmendu du Camposek.

Ane Campos, entrenamendu batean. ATHLETIC
Ane Campos, entrenamendu batean. ATHLETIC,
Maddi Iturriotz Alkorta
2026ko azaroaren 15a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Ligako jardunaldien heren bat jokatuta, 11 punturen tarte batean banaturik daude hamahiru talde: horietako bat hirugarren postuan dago, Txapeldunen Ligako atarikoetara sailkatzeko tokian, eta beste bat jaisteko postuetan. Talde horien artean daude lau euskal taldeak. Athletic dago goien: 5. postuan dago hamasei punturekin, 3. postutik soilik hiru puntura. Ane Camposek (Getaria, Gipuzkoa, 1999) aurreko jardunaldian Real Madrili azken unean berdinketaren gola sartu zion, eta «gogotsu» helduko dio gaur Realaren aurkako derbiari (12:00, ETB1). 

Asteburu honetako jardunaldira bosgarren postuan iritsi zarete, baina azken bost neurketetatik bakarra irabazi duzue. Nola helduko zarete derbira?

Oso sendo gaude. Egia da azken partidetan ez ditugula asko irabazi, baina galdu ere ez. Azkenaldian oso joko polita ari gara erakusten, eta denok gogotsu gaude.

Azken neurketan, amaieran berdindu zenioten Real Madrili. Horrek gehigarri bat ematen dizue?

Real Madril talde oso handia da, eta haien kontra puntu bat lortu izana oso positiboa da guretzako. Gora begira gaude, eta gaurko derbirako konfiantza ez digu soilik azkenengo partidako emaitzak ematen, aurrekoetan egindako guztiak ere bai.

Jokalari gehienek nahiago izaten dute azken unean irabazi, gol askoko aldeaz irabazi baino. Zer sentitu zenuen zuk azken minutuan Real Madrili gola sartzean?

Aulkian hasi nuen partida, eta azken minutuetarako zelairatu ninduten. 0-1 ari ginen galtzen, eta dena ematera atera behar nuen. Aukera bat izan nuen, eta hasieran ez nintzen konturatu gola sartu nuenik, baina, baloia atearen barruan ikusita, kristoren emozioa sentitu nuen. Une oso polita izan zen.

Reala Europa kopako final-laurdenetarako sailkatu zen asteazkenean, Fenerbahceri irabazita; eta ligan 8. doa, baina gaur irabaziz gero, sailkapenean harrapatuko zaituztete. Horrek beste motibazio bat ematen du?

Derbietan sailkapena ez da begiratu behar. Bi taldeak gogo handiz lehiatzen garelako. Egia da Reala erdipurdi hasi zela, baina, konfiantza pixka bat emanda, gauza handiak egiteko gai dira; joan den denboraldian zer egin zuten ikusi besterik ez dago.

Nolako partida izango da?

Giro oso-oso polita egongo da. Gertuko jende asko joango da. Derbiak jokatu egin behar dira, sentitu.

Zer indargune eta ahulgune ditu talde bakoitzak? Non egongo da partidaren gakoa?

Gu defentsan oso indartsu gaude, eta gol gutxi sartu dizkigute  [soilik Bartzelonari sartu dizkiote gol gutxiago], eta erasoan gero eta aukera gehiago sortzen ari gara. Reala erasoan oso ondo aritzen da, eta horretarako jokalari oso onak fitxatu ditu aurten: Ainhoa Marin eta Laura Camino. Gure defentsan eta haien erasoan egongo da derbiaren gakoa.

Eta nola daramazu derbi bat Athleticeko kamisetarekin jokatzea iraganean Realean ibilita eta getariarra izanda?

Ni oso gustura nago Athleticen, eta lagunek oso ondo daramate. Ez dut gizonezkoen futbolarekin alderatu nahi, baina gurean lehia oso sanoa da. Normaltasun eta naturaltasun osoz daramagu. Egia da beti baten batek bromaren bat egiten duela, baina beti tonu lasai eta onean.

Athleticen bi urte daramatzazu, eta entrenatzaile aldaketa bat ezagutu duzu. Zer ekarri dio Victor Martinek taldeari?

Victor iristeak ilusioa eta konfiantza eman dizkigu. Oso gertukoa da. Argi dauka zer nahi duen, eta hori emaitzetan eta jokamoldean ikusten da.

Aurten gehiago ari zara jokatzen, eta horrek modua eman dizu gol gehiago eta errazago sartzeko. Duela hiru urte gol bat sartzen zenuen 740 minutuan behin, iaz 209 minutuan behin, eta aurten 162 minutuan behin. Zuk ere nabaritzen duzu finago zabiltzala aurkariaren ateari begira?

Ez naiz datuei begira aritzen den horietakoa. Golak sartzen ez bada, ekarpena beste nolabait egiten saiatzen naiz.

Victor iristeak ilusioa eta konfiantza eman dizkigu. Oso gertukoa da. Argi dauka zer nahi duen, eta hori emaitzetan eta jokamoldean ikusten da.

Baina garrantzitsua da aurrelari batentzat golak sartzea, ezta?

Noski, konfiantzan eragiten du; baina norberak neurtzen du bere buruari ipini nahi dion exijentzia maila. Nik denborarekin ikasi dut golez gaindiko gauzei ere erreparatzen. Esate baterako, Real Madrili azken unean sartu nion gola ezingo nukeen sartu aurretik Azkonak defentsan egin zituen lanak egin izan ez balitu.

Dena den, Athleticen aurreko jokalarien artean lehia handia dago hasierako hamaikakoan sartzeko. Titular izatea eta aulkitik hastea, biak tokatu zaizkizu azken partidetan. Nola daramazu?

Polita iruditzen zait. Halere, ez dut ukatuko, hasieran gogorra izaten da, baina denborarekin ikasten da eginkizun hori hartzen.

Realetik eta Eibarretik igaro zinen Athleticera heldu aurretik. Zer duzu orain aurretik izan ez zenuena? Nola zaude orain?

Urte asko eta bizipen asko dauzkat motxilan: futbolak eta bizitzak emandako gauza asko. Athleticen jokalari gazte asko daude, eta horiei erakusten saiatzen naiz. Egunerokoaz disfrutatzen ari naiz.

Eibarretik Athleticera igaro zinen. Futbola ezberdin bizi da bi talde horietan?

Talde bakoitzaren helburuak ezberdinak dira: Eibar maila mantentzeko lehian dabil, eta Athleticek goiko postuei begira. Kontua ez da bat bestea baino hobea dela: ezberdinak dira futbola bizitzeko moduak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA