Ilunpetan dago Galarreta. Argiak piztu ditu Joxemari Barrenetxeak (Hernani, Gipuzkoa, 1958), eta hantxe azaldu dira kantxa eta harmailak. «Zaharra da, baina polita», esan du kariñoz. Ia 50 urte daramatza haren bueltan: erremontista izan zen, ikusle fidel gero, eta kudeatzaile 2010etik aurrera.
Nola bizi dituzu azken egunak?
Pilotariei egoera zein den azaldu ostean, lasaitu handia hartu nuen. Nik adinako lasaitua hartu du familiak: abuztuan bihotzekoa izan nuen, eta oso kezkatuta zeuden; askotan eskatu didate lana uzteko. Bada, kito, utzi egingo dut. Lehenbizi, agindu bezala, pilotariei kontratuak eskainiko dizkiegu, eta 2026a ahalik eta txukunen egiten saiatuko gara. Xabik [Gonzalezek] kudeatuko du, Endikaren [Barrenetxearen] laguntzaz. Ni gainean egongo naiz, baina albo batean. Ez da erraza izango; badakit ez naizela izango ikusle soil bat.
2027an Oriamendik Galarretako erremonte jarduna kudeatzeari utziko diola iragarri duzue. Behin betiko erabakia da hori?
Bai. 2014tik ni bakarrik nabil Oriamendin, eta utzi egingo dut. Beste norbaitek hartuko balu, erremonteak aurrera jarraitu egingo luke; bestela, ez. Eta ez dugu ikusten inor dagoenik hori egiteko prest. Pilotariei galdetu diegu ea ezagutzen duten erremontea kudeatu nahi duen norbait, gu hitz egiteko prest gaudela. Baina zail ikusten dut: enpresa honek ez du euro bakar bat ere eman, eta ehunka ordu sartu ditugu lanean. Errentagarria balitz, badut jendea atzetik, eta haiei utziko nieke. Baina ez da errentagarria. Nire gustuko zeozer izan da, eta hari bultzaka ibili naiz. Baina nire garaia joan egin da. Albo batean egongo naiz, baina erremonteak aurrera jarraitzea nahi dut nik. Ea norbaitek hartzen duen, edo administrazioak erabakitzen duen behingoz zer egin behar duen harekin.
Dirua galdu duzue?
Beste diru sarrera batzuk ditugu: Galarretako jatetxearen alokairua, aparkalekuarena... Horiek erremontera bideratu ditugu. Ez genuke hori egin beharrik, erremonteak nahikoa eman beharko luke bere buruari eusteko. Baina sarrera horiek gabe, hau zulo galanta da.
Beraz, erabaki ekonomikoa da?
Ez. Ikusten dudana da nire garaia joan egin dela, gure garaia, Oriamendirena. Gizartea erabat aldatu da; nik 67 urte ditut, eta ezin diet gauza berriei jarraitu. Ideia berririk ez dut, eta ditugunekin honek ez du funtzionatzen guk nahiko genukeen bezala. Zer egin behar dut: beste urte bat hasi, eta lehengo toki berean bukatu, eta hurrengo urtean berriro ezinean ibili? Urte hasieran esan nien politikariei hau eta hurrengo urtea izango zirela azkenak. Nire ustez, erremonteak beste zeozer behar du; gu sartu ginenean trabatuta ikusten nituen orduan ari zirenak, eta, orain, neure burua ikusten dut trabatuta.
Ziurtatuta dago 2026an erremontea egongo dela?
Bai. Albistea eman ondorengo biharamunean deitu zidaten Eusko Jaurlaritzatik eta Gipuzkoako Aldunditik, agindutakoa beteko dutela ziurtatuz. Hala, datorren astean kontratuak eskainiko dizkiegu pilotariei; orain dituztenen berdintsuak izango dira. Ez da urte erraza izango: atzerako kontaketa bat balitz bezala biziko dut. Saiatuko naiz ahalik eta gehien disfrutatzen.
«Gu sartu ginenean trabatuta ikusten nituen orduan ari zirenak, eta, orain, neure burua ikusten dut trabatuta»
Norbaitek azaldu du interesa erremontea kudeatzeko?
Lauzpabost pertsonak deitu didate, eta ia gauza bera esan didate, azken hamar urteetan gehien entzun dudana: «eta hau horrela egingo bazenute? Eta fundazio bat sortuko bazenute?». Zera esaten diet beti: «eta barruan sartu eta hau horrela egingo bagenu?». Askotan entzun dut azken hamar urteetan «hau egingo bazenute», eta gutxitan «ni joango naiz egitera». Jaurlaritzak bilera batera deitu nau. Jaurlaritzak eta aldundiak deitu didate, enpresa bakar batek ere ez.
Erraztasunak emango dizkiozue kudeaketa bere gain hartu nahi duenari?
Ez diogu inolako oztoporik jarriko. Ni oso gustura etorriko nintzateke hurrengo urteetan Galarretara ikusle bezala. Erremonteak aurrera jarraitzea nahi dut, eta 23 pilotari izan beharrean 40 badira, hobeto; eta jaialdiak beste era batekoak badira eta 150 ikusle beharrean 400 badatoz, hobeto. Baina oso zail ikusten dut hori; guk hori lortzeko modua ikusi izan bagenu, hori egiten saiatuko ginatekeen. Ez diogu ezetz esango mahaian eseri eta bere proposamena aurrean jarri nahi duen inori.
Inor ez badator, akabo erremontea? Kezka hori baduzue?
Izan dut kezka hori, baina nire garaia bukatu da, eta, horrela izan behar badu, horrela izango da; beste gauza batzuetan ere gertatu da hori. 2010eko martxoaren 30ean erremontea bukatu egin zen, eta denok geratu ginen jota. Baina erremontean aritutako sei pilotarik Oriamendi sortu genuen, pentsatuz erremontea hortxe bukatuko zela guk ez bagenuen Oriamendi sortzen. Ordutik galdetu izan didate ea damututa nagoen horretan sartu izanaz. Denei esaten diet damu izango nukeela 2010ean saiakera hori egin izan ez bagenu. Garai horretan, erremontea desagertzeko arriskuan zegoen, orain baino gehiago. Gaur egun, oihartzun handiagoa du komunikabideei eta telebistari esker, eta gizartean pixka bat barneratu dugu. Horrek politikariengan ere izan du eragina: uste dute zerbait egin behar dutela erremonteari eusteko. Nire ustez, ez da desagertuko; ez dakit nola, baina eutsiko dio. Itxaropentsu naiz. Patata beroa utziko diegu. Ea zer alderdik begiratzen duen beste alde batera, egurra jasoko baitu. Ez dakit nola jarrai dezakeen aurrera erremonteak, baina horretan pentsatzen ariko dira.
«Datorren astean 2026rako kontratuak eskainiko dizkiegu pilotariei; oraingoen berdintsuak izango dira»
Erremontistek «erabateko borondatea» azaldu dute.
Egoera azaldu nienean harritu egin ziren. Denbora luzeagoan segitzeko eskatu zidaten, baina esan nien ospitalean nengoenean esperantza gutxi nuela bilera hau egiteko, eta aurten bertan buka zitekeela hau. Nire ustez, oraindik ez dute erabat barneratu. Esan dute norabide berean arraun egingo dugula. Oso ondo, baina, nire ustez, Jaurlaritzarekin-eta egin beharreko bilerak Oriamendiko zuzendaritzak egin behar ditu, eta gero, haien laguntza behar badugu, eskatuko diegu, eta etorriko dira. Gehientsuenek erremontea maite dute, eta jokatzen jarraitu nahi dute, baina hori kudeatuko duen norbait behar dute.
Zer egin beharko litzateke erremontea osasuntsu egon dadin?
Jakingo banu, orain dela bost urte egingo nukeen. Baina ez dugu asmatu. Saiakerak egin ditugu: adibidez, txapelketa gehiago egin ditugu, eta lehia piztu dugu pilotarien artean; lehia horrek zaleak kutsatu ditu. Finalerdietan frontoi erdia betetzen da, eta finalean, osoa. Baina handik astebetera beste jaialdi bat antolatu, eta 150 lagun baino ez datoz, eta hori frontoia hutsa izatea da. Ez dugu jakin nola eman buelta horri, eta jakin gabe joango gara.