Eli Pinedo. Bera Berako jokalaria

«Gurea izango da liga: ez dut dudarik»

Sinetsita dago laugarrenez jarraian irabaziko dutela liga, gaur, etxean, Alcobendasen aurka (19:00, ETB4). Taldeko helduena izanagatik, ez du uzteko asmorik. Prest da Matxalen Ziarsolori lekukoa hartzeko.

Julen Etxeberria.
Donostia
2016ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Iritsi ezinik dabil azken egunetan Eli Pinedo (Amurrio, Araba, 1981). Bera Beraren eguneroko lanari aurre egin beharra nahikoa ez, eta arropa denda bat ireki berri du, Bea Fernandez taldekidearekin: www.london717.es. Gustura ari da, hala ere. Eskertu ere egiten du. «Dendaren kontuarekin, ez nago denbora osoan ligako azken partidari bueltak ematen. On egiten dit, burua pixka bat lasaitzeko, eta urduritasuna apur bat alde batean uzteko», aitortu du.

Iritsi da denboraldiko azken partida, neurketarik erabakigarriena. Nola dago taldea?

Oso motibatuta dago. Oso gogor eta ondo entrenatu gara, eta partida iristeko irrikan gaude. Badugu gogoa denboraldia amaitzeko, baina ondo amaitu nahi dugu, eta ez dago liga irabaztea baino modu hoberik amaitzeko.

Irabazi edo irabazi, beste aukerarik ez duzue.

Hala da, baina ziur naiz irabaziko dugula. Gurea izango da liga: ez dut dudarik.

Baikor egoteko arrazoiak badaude. Batetik, irabazi egin dituzue ligan jokatu dituzuen azken hamazazpi partidak. Bestetik, Alcobendasen aurka jokatu dituzuen azken hamabi partidak irabazi dituzue. Eta, azkenik, Alcobendasek ez du ezer jokoan.

Ustez, Alcobendasek ez du ezer jokoan, baina ziur naiz irabaztera aterako dela pistara. Ez da neurketa erraza izango, baina horrek asko motibatzen gaitu. Hasieratik aterako gara bete-betean.

Honaino iritsita, porrota litzateke liga ez irabaztea?

Egia esan, ez dut horretan pentsatu ere egiten. Oso-oso argi dugu helburua beteko dugula.

Zer-nolako norgehiagoka espero duzue?

Emozio askokoa. Batetik, lehiaketari lotutakoak, liga bat egongo delako jokoan. Bestetik, emozioak borborka egongo dira, hiru taldekidek erretiroa hartuko dutelako. Bidebieta bete egingo da, gainera. Ikusgarria izango da. Espero dezagun gure gertukoek eta gure zaleek gozatzea.

Laugarren liga jarraian irabaztear zaudete. Halaber, hirugarrenez bereganatzear zaudete sasoi berean Espainiako Liga, Kopa eta Superkopa. Jadanik, gaizki ohituak dituzue zaleak.

Hala da; jendea berehala ohitzen da tituluak irabaztera, baina guk oso ondo dakigu zein zaila den urtero tituluak irabaztea, lehia gero eta handiagoa baita, eta zailtasunak gero eta gehiago. Diru kontuak hor daude. Gero eta diru laguntza gutxiago ditugu. Hala ere, hor goian eutsi diogu. Zein da sekretua? Lana, lana eta lana. Ez dago besterik.

Sasoi honetan, mugarri izan zen urrian izan zenuten bolada txarra. Bi neurketa galdu zenituzten jarraian, Ro'Casa eta Atletico Guardesen aurka.

Mugarri izan zen, bai, baina galdu genituen bi neurketa horietan bagenekien sufritu egin beharko genuela irabazi nahi bagenuen. Ez dut esango gal zitezkeen partidak zirenik, baina bazegoen aukera gehiago hori gerta zedin, Ro'Casa eta Guardes oso arerio zailak baitira; bigarren eta hirugarren sailkatuak dira, eta hori ez da kasualitatea. Azken postuetan zegoen talderen baten kontra galdu izan bagenu, orduan izango zen kezkatzeko moduko zerbait, baina, zorionez, ez dugu huts egin koska bat beherago daudenen aurka.

Zuk azpimarratu duzu: berezitik ere asko izango du gaurko partidak. Matxalen Ziarsolok, Bea Fernandezek eta Tania Yañezek azkeneko partida jokatuko dute erretiroa hartu aurretik. Matxalenena da agurrik bereziena: taldeko kapitaina da, eta Bera Beran urte gehien daraman jokalaria. Hunkitzeko prest?

Bai, noski, ziur denok hunkituko garela. Matxalen ezagutzen dugunok badakigu zer-nolako jokalaria izan den. Nik neuk, gainera, gertuko laguna dut. Oso berezia izango da beretzat azkeneko norgehiagoka hau, eta saiatuko gara merezi duen moduan agurtzen, neurketa ona jokatzen, garaipena lortzen eta liga irabazten. Ez du gutxiagorik merezi, asko eman baitigu.

Nolako jokalaria izan da?

Fidela, eredugarria, langilea, konstantea, bikaina, eraginkorra...

Matxalenek 34 urterekin esango du agur. Zuk urtebete gehiago duzu, 35, eta sasoi honen amaieran bukatzen zaizu kontratua Bera Berarekin. Berehalakoa da galdera: jarraitzeko asmoa duzu?

Bai, eta jada ari naiz klubarekin hizketan kontratua berritzeko.

Okerrik ezean, sasoiko hiru tituluak irabaziko dituzu, eta udan Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan ariko zara. Ez duzu izan tentaziorik erretiroa hartzeko? Nekez egon daiteke agur esateko modu hoberik.

Ez dut izan inolako tentaziorik eskubaloia uzteko. Oraindik gogoa dut jarraitzeko, eta, fisikoki, ondo ikusten dut neure burua.

Matxalenek erretiroa hartutakoan, zu izango zara kapitaina. Hark egiten zuen lana egin beharko duzu.

Badakit lan hori egitea egokituko zaidala, eta prest nago ardura hori hartzeko. Gustura egingo dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.