Alaveseko entrenatzailea

Andrea Esteban: «Gutxienez bizpahiru puntu gehiago eduki beharko genituzke»

Jokatutako sei partidetatik bi irabazita, Estebanek uste du Alavesen errendimendua «oso ona» izaten ari dela: «Talde lehiakorra gara». Dena den, uste du oraindik badutela zer hobetua.

Andrea Esteban, Alaveseko entrenatzailea. RAUL BOGAJO / FOKU
Andrea Esteban, Alaveseko entrenatzailea. RAUL BOGAJO / FOKU
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2026ko urriaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiru denboraldiren ondoren, Alaves berriz ere gorenean da, Andrea Estebanen (1996, Teruel, Espainia) gidaritzapean. Ligako lehen atsedenaldira iritsi dira hemezortzi puntuetatik sei eskuratuta. Liga hasiera zaila izan dute aurkariei dagokienez. Bartzelona, Atletico Madril eta halako talde handien aurka neurtu dituzte indarrak. Estebanek adierazi du lehen helburua bete dutela: «Talde lehiakorra izatea». Aldaketa dezente izan dituzte, eta uste du multzoak denbora behar duela elkar ezagutzeko.

Nola ikusi duzu taldea denboraldiko lehen sei partidetan?

Taldearen errendimendua oso ona izaten ari da. Denboraldi hasieran ezarri ditugun helburuetako bat izan da ahalik azkarren talde lehiakorra izatea, eta hori lortu dugu. Gainera, liga hasiera zaila izan dugu aurkariei dagokienez. Valentzia eta Granadaren aurkako partidetan helburua puntuak lortzea zen, eta irabazi dugu. Eta gainerako neurketetan, oso gertu ibili gara.

Espanyolen aurkako azken partidan, azken hatsean sartu zizueten garaipenaren gola. 

Emaitza alde batera uzten badut, orain arte egin dugun lehen zati onenetakoa izan da. Emakumezkoen futbolean talde historikoa da Espanyol, eta bagenekien zelai zaila izango zela. Bigarren zatian parekotasun handiagoa egon zen, taldeak aukerak izan zituen golak sartzeko, baina ez genuen lortu. Lehen Maila oso exijentea da, eta eskarmentu falta garesti ordaindu genuen. Kolpe gogorra izan zen azken minutuan gola jasotzea, baina taldeak ikasiko du horretatik, eta ez zaigu berriz ere halakorik pasatuko.

Hiru partida jarraian galdu dituzue, eta golik sartu gabe. Alde horretatik, nola ikusten duzu taldea?

Kezkatuko nintzateke ez bagenitu gola sartzeko aukerak sortuko. Entrenatzaile baten lana hori da, taldeak ahalik eta gola sartzeko aukera gehien sortzea, eta aurkariak ahalik eta min gutxien egitea. Eta uste dut taldea hori lortzen ari dela. Hortik aurrera, jokalariei baliabideak eman behar dizkiegu, eroso senti daitezen arean dauden bakoitzean, erabaki hobeak har ditzaten, eta finago ibil daitezen atera jaurtitzeko garaian. Bi aste hauetan horretan jarriko dugu arreta; horrela, hurrengo jardunaldian gertuago izango dugu  gola sartzea. Taldea lasai dago gola sartzeko aukerak sortzen ditugulako, eta uste dut hori dela zailena.

«Jokalariei baliabideak eman behar dizkiegu, eroso senti daitezen arean dauden bakoitzean, erabaki hobeak har ditzaten, eta finago ibil daitezen atera jaurtitzeko garaian»

Iruditzen zaizu lortu dituzuen puntuak baino gehiago merezi dituzuela?

Bai, uste dut gutxienez bizpahiru gehiago eduki beharko genituzkeela. Uste dut Madrilen, Atletico Madrilen eta Espanyolen aurka berdinketa lortzeko moduan geundela, edo horietako bi galdu eta bat irabazteko moduan. Atletico Madrilen aurka partida osoa egin genuen, eta luzapenean galdu genuen, kontrolatu ezin ditzakegun alorrengatik. Madrilen eta Espanyolen aurkako partidak aztertuta, berriz, konturatzen zara batzuetan futbola ulergaitza dela. Lehiakorrak izan ginen, baina ezin izan genuen punturik bildu. Beste partidaren batean beharbada galtzea edo berdintzea mereziko dugu, baina irabazi egingo dugu; beraz, bide horretatik jarraitu behar dugu. 

Irabazi dituzuen bi partidak etxean izan dira, Mendizorrotzan. Gotorleku bilakatzen ari da zuentzat?

Hala izatea nahi dugu. Gogotsu gaude berriz ere Mendizorrotzan jokatzeko. Taldeak eroso jokatzen du bertan, eta lehiakorrak izaten ari gara etxean. Jendearen berotasuna sentitzen dugu, eta espero dugu geroz eta pertsona gehiago etortzea gu animatzera. Badakigu denboraldiko helburuetako bat etxean indartsuak izatea dela, eta ahalik eta puntu gehien eskuratzea. Hurrengo partida Mendizorrotzan jokatuko dugu Sevillaren aurka. Sailkapenaren erdi-goialdean dago, baina, gure maila emanez gero, hiru puntuak ateratzea da helburua, edo bestela partida berdintzea, behintzat.

Multzoan aldaketa dezente izan dituzue, eta etorritako ia denek ez dute aurrez jokatu Espainiako ligan. Brima, Kim, Lopez... Zer-nola egokitu dira?

Oso ondo egokitzen ari dira. Taldeak oso ondo hartu ditu. Errendimenduan ikusten da, jokalari batzuk hasieratik ari dira jokatzen, beste batzuk bigarren zatian ateratzen dira. Joan den denboraldiko bizkarrezurra mantendu dugu, kluba eta talde teknikoa ezagutzen duten jokalariak dira, denbora dezente daramatenak batera jokatzen. Hainbeste aldaketarekin, behetik gora egingo dugu. Lehiakorrak izaten ari gara, baina oraindik badugu zer hobetua.

Taldeak zertan eman dezake aurrerapausoa, bada?

Jokalariek denbora gutxi daramate batera entrenatzen, eta oraindik erabaki batzuk ez dituzte behar bezala hartzen, ez dutelako ondo elkar ezagutzen: noiz jokatu espaziora, noiz jokatu zuzenean oinera pasea emanez... Partidak pasatu ahala, hori finduz joango gara. Maila erdialdetik gorakoa izaten ari den arren, askoz gehiago eman dezakegu.

«Orain xedeak mailari eustea izan behar du, baina ez nolanahi; hau da, Alaves gorenean izatea sorpresa ez dadila izan»

Joan den denboralditik asko aldatu al da zuen jokatzeko modua?

Uste dut antzekoa dela, baina egia da testuingurua aldatu denez, egokitzen eta estiloa eboluzionatzen doala. Talde bizia gara, aurkariaren zelaian jokatzea gustatzen zaiona, presioa goian egiten duena, eta, baloia berreskuratu ostean, aurkariaren atera azkar doana erasora. Taldeak hobekuntzarik handiena honetan egin du: zuzen jokatzeko gaitasuna dugu, baita atzetik jokaldia lantzeko gaitasuna ere. Hortik aurrera, uste dut hobetzen ari garela bloke ertainean defenditzen duten aurkariei ere aurre egiten. 

Nola daramazu berriz ere Lehen Mailara itzuli izana?

Oso gustura nago. Horretarako etorri naiz hona. Laugarren sasoia egingo dut hemen, eta banekien erronka zaila nuela aurretik, baina hirugarren denboraldian lortu dugu gorenera itzultzea. Bigarren denboraldian kolpe gogorra izan zen ez igotzea, baina niri indar handiagoa eman zidan beste denboraldi batez jarraitzeko, eta orain gozatzeko garaia da. Behin helburua lortuta, orain xedeak mailari eustea izan behar du, baina ez nolanahi; hau da, Alaves gorenean izatea sorpresa izan ez dadila, baizik eta eguneroko zerbait.

Kopan Cacereño egokitu zaizue. Aspaldiko ezaguna da zuentzat. 

Hamargarren aldiz neurtuko ditugu indarrak Cacereñoren aurka. Erronka polita da arantza kentzeko, azken bi partidetan galdu egin baitugu haien aurka etxean. Ezagutzen dugun taldea da, baita haiek gu ere. Gustuko dugun lehiaketa bat da, eta ahalik urrunen iritsi nahi dugu. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA