Aurkari zuzen baten etxera egin du bisita gaur Realak: Atletico Madrilen zelaira, hain zuzen, eta, gol festa izan bada ere, txuri-urdinak puntu bakarra bilduta itzuliko dira Donostiara. Zelaira joandakoek partida zirraragarri bat ikusteko aukera izan dute, talde bakoitzak bi aldiz hartu baitio aurrea besteari, baina, azkenean, 5-5 geratu da markagailua. Realak hirugarren postuari eutsi dio, baina ezin izan du Real Madril aurreratu.
Alcala de Henaresko (Madril, Espainia) zelaian partida abiatu orduko hasi da gol festa. Atletico Madril ligako talde onenetako bat da —laugarren postuan dago, eta Bartzelonaren kontra soilik galdu du etxean—, baina horrek ez ditu kikildu txuri-urdinak, eta seigarren minutuan jo dute lehen kolpea; Intza Egigurenek, zehazki: donostiarrek erdiraketa egin dute ezker hegaletik, eta, Lauren Lealen alderatze txarra lehen ukituan aprobetxatuta, Egigurenek ezkerkada indartsu batez sareratu du baloia. Atetik gertu zegoen, eta atezainak ezinezkoa zuen baloia gelditzea.
Hala ere, madrildarrek hogei minutu baino gutxiago behar izan dituzte aurrea hartzeko: 12. minutuan, bizikleta baten ostean eta ezkerkada bikain batekin, Synne Jensenek baloia gurutzatu eta gola sartu du; 24. minutuan, berriz, Luanyk ederki aprobetxatu du Julia Arrula atezainaren eta Ainhoa Vicente defentsaren arteko gaizki-ulertu bat, eta markagailuan 2-1ekoa jarri. Baina Realak, kikildu beharrean, aurrera egin du, eta hiru minutuko tartean 3-2 jarri dira aurretik. Bi golek izen bera zuten, partidako izarrarena: Edna Imade. 29. minutuan sartu du lehena, 32.ean bigarrena, eta antzekoak izan dira biak ala biak, eskuin hegaletik iritsitako erdiraketak sareratu ahal izan baititu Imadek. Lehen gola eskuinkada zehatz baten bitartez sartu du, eta bigarrena korner batean izan da; buruz sareratu du baloia, atezainaren eskuinaldetik bi aldietan. Imadek Bayern Munichek utzita jokatu du Realean, eta Alemaniako taldeak lagapena eten du, Imade atzera ere Bayernera itzultzeko. Aurrelariak gaur izan du azken partida txuri-urdinez jantzita, eta ligako golegile nagusia izan da orain arte, 11 gol sartu baititu denera. Realak lanak izango ditu Imaderen falta sumatu ez dadin.
Madrildarren goraldia
Atsedenalditik bueltan, Atletico Madrileko jokalariek gidoia aldatzea lortu dute. 48. minutuan, Julia Bartelek, entseatutako korner batean eta jokalari itsaso baten artetik, gola sartzea lortu du. Hurrengo borreroa Amaiur Sarriegi izan da, txuri-urdinen ezaguna. Donostiarra da, eta, Athleticen ibili ostean, bost denboraldi eman zituen Realean; are, taldeko jokalari onena zen, harik eta iaz Atletico Madrilek fitxatu zuen arte. 57. minutuan sartu da gola: ezker hegaletik iritsitako erdiraketa bat alderatu du Vicentek, baina Sarriegiri bikain utzi dio baloia eskuineko hankarekin punpa lasterrean gola sartzeko.
Handik gutxira, 64. minutuan, Jensenek sartu du gola, Sarriegiren pase bati esker, eta bazirudien Atletico Madrilekoek eskura zutela garaipena. Norvegiarraren lehen golaren antzekoa izan da, ezker hankarekin primeran gurutzatu baitio baloia Arrulari. Baina enegarren gidoi aldaketa iritsi da handik segundo gutxira, Reala berriro gerturatu baita kontrarioarengana. Talde jokaldi on bat egin dute txuri-urdinek, eta Atletico Madrilekoen area txikira iritsi da: madrildarrek ez dute lortu baloia urruntzea, eta gabonen osteko oparia egin diote Emma Ramirezi, baloia atetik metro batera utzita. Zaleak ezin sinistu zeuden: bederatzi gol 65 minutuan.
Horren ostean, golik gabeko tarte luze bat izan dute, ordura arteko luzeena, harik eta Imadek menia hautsi eta berdinketa lortu duen arte. 79. minutuan izan da, Arola Aparicioren erdiraketa bati esker, eta Imadek gola sartu du, berriro buruz. Hurrengo minutuetan, ez madrildarrek ez donostiarrek ez dute golik sartu, eta hala jo du txilibitua epaileak, markagailuan bosna gol zituztela.
Realak aukera bikaina zuen gaur Atletico Madrilengandik aldentzeko eta Real Madril aurreratzeko, behin-behinean bazen ere, baina ez du lortu. Hala ere, Realak frogatu du kapaza dela puntuak biltzeko zelai zailetan eta talde gogorren kontra. Txuri-urdinak hirugarren postuan daude oraindik, 31 puntu batuta; Atletico Madrilek baino lau gehiago, alegia. Aurrean, bigarren postuan, Real Madril du: lau puntu gehiago ditu talde horrek, 35 guztira.
Eibarren garaipena
Eibar aurrera ari da zulotik ateratzeko bidean, eta bolada onari eutsi dio gaur, 0-1 irabazi baitu Alhamaren etxean. Carmen Alvarezek sartu du partidako gol bakarra, penaltiz, baina nahikoa izan da etxera hiru puntu ekartzeko. Hamazazpi puntu ditu orain Eibarrek, horietako zazpi azken hiru partidetan bilduak; hala, sailkapenaren erdialdean egonkortzen ari da, eta jaitsiera postuetatik aldentzen.
Atheltic izan da gaur azkena jokatzen, Badalonaren aurka, Lezaman (Bizkaia). Liga hasiera kaskarraren ostean, zuri-gorriek galdu gabe jarraitzen dute, 0-0 berdindu baitute. Aukera askoko partida izan bada ere, ez dute golik egin. Athletik 8. postuan da orain, 20 punturekin.