Puntista

Iñaki Osa Goikoetxea: «Milaka txapel eta partida irabaz ditzakezu, baina sekulakoa da halako zerbait biziz agur esatea»

Handien moduan esango du agur Iñaki Osa Goikoetxeak: Winter Series txapelketako finala jokatuko du igandean, 12:00etan, Gernikan. 43 urterekin utziko dio jokatzeari, 27 urteko ibilbide ikusgarria egin ondoren. «Asebeteta» doa.

Julen Etxeberria.
Zumaia
2024ko otsailaren 15a
05:05
Entzun

Lasai dago Iñaki Osa Goikoetxea (Zumaia, Gipuzkoa, 1980) haren kirol ibilbideko azken partida jokatu bezperan. Buruko min bakarra izan du: finalerako sarreren banaketa. «Erotuta ibili naiz. 180 sarrera nituen, eta iritsi ezinik ibili naiz». Inork ez du galdu nahi haren agurra.

Igandean jokatuko duzu azken partida. Zer moduz zaude?

Prest, eta eguna pasatzeko gogoz. Saiatuko naiz finalaz gozatzen, baina zaila izango da: oroitzapen eta sentipen asko etorriko zaizkit burura. 

Nolako amaiera nahiko zenukeen galdetuta, horrelakoa esango zenukeen?

Ez nuen inoiz halako amaiera ederrik irudikatuko: tontorrean eta txapelketarik garrantzitsuenaren finalean. Ezinezkoa da hau hobetzea.   

Hobea izan daiteke: txapela buruan izanda esatea agur.

Dudarik gabe. Saiatuko naiz txapela ateratzen, baina hauxe da helburua: egunaz disfrutatzea, kantxan nire onena ematea eta oroitzapen oso polita izatea. 

Zuk eta Unai Lekerikak Aritz Erkiagaren eta Ion Ibarluzearen aurka jokatuko duzue. Zer itxura hartzen diozu finalari?

Gogorra izango da. Aritz saiatuko da haren errematearekin guri min egiten. Gu, berriz, Ibarluzeari min egiten saiatuko gara gehienbat.

Duela zortzi hilabete esan zenuen txapelketa hau izango zela zure azkena. Horrek mesede egin dizu barneratzeko?

Bai. Poliki-poliki barneratu dut amaiera zetorrela. Ez da gauza bera lesio batek erretiratzea, edo nik egin dudan bezala: nik erabaki dut noiz utzi. Horri esker, aukera izan dut bira txiki bat egiteko, eta frontoi kutun askotan azkenekoz jokatzeko. Asko hunkitu naiz, banekielako ez nuela gehiago jokatuko horietan.

«Pozik nago, ondo ari naizela utziko baitut, eta nik nahi dudan egunean eta moduan. Ezin dut gehiago eskatu»

Oso ondo aritu zara azken hilabeteetan. Burutik pasatu zaizu jokatzen jarraitzea?

Oso zaila da asmatzea zein den garairik egokiena uzteko. Azken hilabeteetan ondo aritu naiz, duela urtebete baino hobeto. Pozik nago, ondo ari naizela utziko baitut, eta nik nahi dudan egunean eta moduan. Ezin dut gehiago eskatu. Jokatzen jarraitu nezakeen? Hortxe geratuko da zalantza betirako. Baina garai egokia aukeratu dut lagatzeko.  

Konforme zaude egindakoarekin?

Bai. Asebeteta nago. Jokatu ditudan txapelketa guztietan oso emaitza onak lortu ditut eta ibilbide luzea egin dut AEBetan [hemezortzi urte]. Zortea izan dut, ez naizelako ia lesionatu. 27 urtez, hilabete bat bakarrik egon naiz min hartuta. Txapelketa bakarra galdu dut, duela bi urte; bizikletatik erori nintzen, eta min hartu nuen saihetsetan. 

Hamahiru aldiz izan zara buruz buruko txapeldun, zortzitan binakakoarena, eta bostetan Koroa Hirukoitzarena. Adituek diote ez dela egongo zu bezalakorik. Zer diozu zuk?

Ez dut horretan pentsatzen. Oso zaila da konparazioak egitea. Lehengo garaiko batek, agian, joka zezakeen orain, baina gu hobeto prestatuta gaude; aldiz, baliteke haiek teknika hobea izatea. Ni saiatu naiz nire garaian ahalik eta onena egiten, ez dut pentsatu zein ona edo txarra izan naizen.

Berritzailea izan zara: zuk eraman zenuen lehen aldiz babesle baten izena kaskoan. 

Zortea izan dut nirekin harremanetan jarri direlako. Pozgarria da aldaketa txiki horiek egin izana kirolean. Etxean jokatu nuen lehen aldiz babeslearen izena zeraman kaskoarekin. Lotsa pasatu nuen: denak kasko zuri-zuriarekin, eta ni kasko gris-urdinarekin, babeslearen izenarekin-eta. Baina gerora ona izan da kirolarentzat. Egungo puntistak halaxe dabiltza orain.  

Anaiak ikusita hasi zinen zesta-puntan jokatzen. Eman diezu eskerrik?

Ez. Oso zaila da anaiei eskerrak ematea; sekulako lehia dugu elkarrekin. Gainera, aurkari izan gara: Igor atzelaria zen, eta Luis, aurrelaria. Igorrekin jokatu izan dut. Luis, ordea, aurkari izan dut beti, eta ezin izan dut harekin kantxan disfrutatu. Ez diet sekula eskerrik eman; beraz, aukera hau aprobetxatuko dut «eskerrik asko» esateko.  

Zenbat aldiz esan zizuten gurasoek ez jotzeko pilotarekin sukaldeko pareta?

Askotan, baita baldosa puskatuko nuela ere. Gainera, ez nintzen ibiltzen teniseko pilotarekin, frontoiko pilota gogorrarekin baizik. Baldosan botea eman, eta etxeak dar-dar egiten zuen. Baina, gero, jaso dut saria. 

«Pena dut: jende asko dabil frontoietan, eta ezin izan diet erakutsi zer egiteko gai nintzen nire garairik onenean»

Goiz eman zenien disgustua: 16 urterekin, Milanera (Italia) jokatzera joan nahi zenuela esan zenien.

Oso zaila da jakitea noiz den etxetik joateko eguna. 16 urte, 18, 20... gurasoen begietan, guztiak dira adin txarrak. Baina oso azkar izan zen dena, lauzpabost egunen kontua. Ez nuen izan denbora pentsatzeko. Agian, denbora gehiago izan banu, ez nintzen joango. 

Bi seme-alaba dituzu. Baten batek halakorik eskatuz gero, nola jokatuko zenuke?

Kosta egingo litzaidake joaten uztea. Ez da erraza. Zorionez, dena ondo atera zait, eta ibilbide polita izan dut, baina, tartean, gorabehera batzuk egon dira, zeinak arriskutsuak izan zitezkeen bakarrik dagoen ume batentzat.

Zein oroitzapen duzu Milango esperientziaz?

Autoan joan ginen Milanera. Ni nintzen gazteena, eta, autoan zorabiatu egiten nintzenez, gidariaren ondoan jarri ninduten. Lacasitos batzuk jaten eta lotsa-lotsa eginda egin nuen bidaia osoa. Ez nekien ez non egingo nuen lo, ez zeinekin. Baina, han, asko lagundu zidaten pilotari beteranoek, eta errazago egin nuen nire bidea. Urte erdiz jokatu nuen, eta ondo aritu nintzen. 

Azkar iritsi zitzaizun AEBetara joateko eskaintza: Newportera. Jauzi handia zen hura.

Bai, baina pausoz pauso egin nuen bidea: afizionatuetan jokatzetik Milanen profesionaletan aritzera igaro nintzen; handik, AEBetara, Newportera; handik, Orlandora; eta handik, azkenik, Miamira, onenekin jokatzera. Hasieratik Miamira joan izan banintz, kosta egingo zitzaidan, baina mesede handia egin zidan aurretik bildutako eskarmentuak. 

«AEBetara, zertara? Dena ixten ari dira eta! Joan hadi etxera, mutiko!», esan zizuten AEBetara joan aurretik. Eskerrak; hemezortzi urtez jokatu zenuen han.

Duela gutxi egon nintzen hori esan zidanarekin, eta gogoratu egin nion. Sekulako barreak egin genituen. 

AEBetako egonaldiak arrastoa utzi du zugan?

Noski. Garai luze batean, gehiago bizi izan nintzen AEBetan Euskal Herrian baino. Beti izan nuen buruan Zumaiara itzultzea bizitzera, baina, une batean, zalantza izan nuen bueltatu edo Miamin geratu: seme-alabak eduki genituen, eta emaztea hangoa da. Baina frontoiaren baldintzak aldatu egin zituzten, soldata asko jaitsi zidaten, eta itzultzea erabaki genuen. Oso pozik gaude Zumaian. Ez dut Miamiko bizitzaren falta sumatzen. Hala ere, han nengoenean ere ez nuen honen falta sumatzen.

Nolakoa zen puntistaren bizimodua AEBetan?

Luxu bat! Astearteetan ez beste, egunero jokatzen genuen, hiru orduz, kiniela erara. Beti zenuen gogoa irabazteko, batez ere denboraldi amaieran, diru sariak eta garaikurrak zeudelako. Oso oroitzapen ona dut garai horretaz.

Zerbait txarra izango zuen, ezta?

Agian, trafikoa, baina horretara ere ohitzen zara. Oso zoriontsu izan ginen Miamin, eta oso zoriontsu gara orain Zumaian. Zauden tokian zaudela, zoriontsu izaten saiatu beharra dago. 

AEBetan, kirola baino gehiago, lan jarduera zen zesta-puntan jokatzea. Emazteari ez zenion esaten «jokatzera noa», «lanera noa» baizik.

Halaxe sentitzen nuen. Emazteak oso gutxitan galdetu dit zenbat kiniela irabazi ditudan, edo zein postutan sailkatu naizen. Gure etxeko mahaian ez da hitz egin zesta-puntaz, eguneroko bizitzaz baizik. Zesta lanbide bat zen, eta ez genion garrantzi handirik ematen. Ni beti saiatu naiz etxera ez eramaten zestaren inguruko kontuak. 

Miamin lortu zenuen arrakasta.

Bai. Han egin nituen nire ibilbideko urterik onenak. Han jokatu nuen ondoen, baina jende gutxi zegoen frontoian. Badut pena: orain, jende asko dabil frontoietan, Winter Seriesen eta beste hainbat txapelketatan, eta ez dut aukera izan haiei erakusteko zer egiteko gai nintzen nire garairik onenean. Gutxik ikusi dute zer egiteko gai nintzen, pilotariek eta ikusle gutxi batzuek besterik ez. 

AEBetan bizi arren, udan beti etortzen zinen etxera. Pozik egoten zinen gertukoekin, baina txarra zen zesta-puntaren egoera. Nola bizitzen zenuen?

Urte gorabeheratsuak izan ziren. Lehen urteetan jendea joaten zen frontoira zesta-punta ikustera, baina, gero, beherakada bat egon zen. Iparraldean bakarrik funtzionatzen zuen zesta-puntak. Baina, 2014ko udan, Gernikako frontoia bete egin zen, dokumental bat egiten ari zirelako. Hango antolatzaileek erabaki zuten hori ezin zela hor bukatu, eta udan txapelketa bat antolatzen hasi ziren. Zenbait berrikuntza txertatu zituzten: musika eta argi efektuak; hau da, pixka bat amerikar erara egin zuten ikuskizuna. Jendeak oso ondo hartu zuen. Horregatik funtzionatzen du horren ondo Gernikako frontoiak.

Etsigarria zen aurreko egoera?

Ez, baina gau batean Donibane Lohizunen 1.500 ikusleren aurrean jokatzen zenuen, eta, hurrengo egunean, Donostian, ehun ikusleren aurrean besterik ez. «Zergatik horrenbeste jende toki batean eta horren gutxi beste batean?», galdetzen genion geure buruari. Zesta-puntan gabiltzanok buruari buelta asko eman dizkiogu horri irtenbidea topatu nahian. 

2015ean utzi zenioten joan-etorrian ibiltzeari, eta Zumaiara itzuli zineten betirako. Nola izan zen itzulera?

Ez zen samurra izan. Miamin bizi nintzela, lagunei esaten nien han ez zegoela negurik, eta egun osoan ibiltzen nintzela praka eta mahuka motzetan. Bada, urtarrilaren 29an iritsi ginen Zumaiara, eta bost hilabetez egon ginen eguzkia ikusi gabe. Neure buruari esaten nion ea zer demontre egiten genuen hemen, eta zein gustura egongo ginen Miamin, praka motzetan. Zorionez, halako batean, eguzkia irten zen, eta errazagoa izan zen dena.

Etxean harrapatu zaitu Daniako (AEB) frontoiaren itxierak, eta, ondoren, zesta-puntak izan duen goraldiak. Nola bizi izan duzu?

Oso pozik. Ikusgarria izaten ari da Winter Seriesen azken ekitaldi hau: hamasei jardunaldi jokatuko ditugu jarraian, eta guztietan saldu dira sarrera guztiak. Jendea deika eta deika izan dut sarrerak eskatuz. Jokatu dugun aldiro bete da frontoia, eta hori opari handia da. Milaka txapel eta partida irabaz ditzakezu, baina sekulakoa da halako zerbait biziz agur esatea.

«Egoera oso onean utziko dut zesta-punta: frontoiak bete egiten dira, eta gazteak datoz atzetik. Garai ezin hobea da»

Gustura kenduko zenituzke hamar urte, hau bizitzen jarraitzeko?

Eta hamabost ere bai! Duela hamabost urte hau izan bagenu, txinparta gehiago aterako genion.

Zesta utziko duzu bazter batean, baina zesta-punta ez; Eraman Jai Alaiko kirol zuzendaria izango zara.

Aurrerantzean ere joango naiz frontoira. Beste lan bat izango dut. Gorputza lasaituko zait, eta ez dut buruko minik izango partidak prestatzen. Agian, beste batzuk izango ditut.

Nola utziko duzu zesta-punta?

Egoera oso onean. Frontoiak bete egiten dira, eta gazteak datoz atzetik. Garai ezin hobea da. 

Zerbait egiteko gogoa duzu?

Bai. Orain, aukera izango dut surfeko taula autoan sartu eta edozein tokitan uretaratzeko. Nire lagunak asko ibiltzen dira uretan, eta nik hori egin nahi izan dut beti, baina ezin izan dut, entrenamenduak edo partidak direla eta. Badakit orain taula eskura badut edozein hondartzara joan eta olatuak hartzen hasiko naizela. Asteburuetan, berriz, aukera badut, elurretara joan nahiko nuke. 

Nola nahiko zenuke gogoratzea jendea zurekin?

Pertsona normal baten moduan. Ni Goiko naiz frontoian, baina Iñaki kalean. Ez zitzaidan gustatuko kalean jendeak Goiko banintz bezala hitz egitea. Ni Iñaki naiz, herrikoa, familiarekin eta lagunekin ibiltzen den mutila.

Iñaki Osa Goikoetxea, motzean

laburrean

Bikotekide bat?
Lopez.
Aurkari bat?
Lopez.
Frontoi bat?
Gernikakoa.
Partida bat?
Duela hogei bat urte Osak eta biok Alberdiri eta Felixi irabazi genion bat. Jendeak ez zuen espero guk halako puntista handiei irabaztea.
Unerik onena?
Asko egon dira.
Txarrena?
Ez dut izan une txarrik.
Idolo bat?
Kelly Slater surflaria.
Zer eman dizu zesta-puntak?
Dena.
Eta kendu?
Ezer ez.
Puntista izan ez bazina?
Surflaria.
Pilota profesionalak duen onena?
Horretatik bizitzeko aukera.
Eta txarrena?
Zestak bizi izan dituen gorabeherak. Frontoi huts askotan jokatu dut.
Ametsik baduzu?
Bai, asko.
Zaletasunen bat?
Asko ditut: surfa, elurretako kirolak eta gitarra jotzea.
Bizitzeko toki bat? 
Zumaia.
Oporretarako?
Zumaia.
Parrandarako?
Zumaia.
Jaki bat?
Zumaia [barrez]. Denetarik jaten dut.
Edari bat?
Red Bull [barrez]. Orain, serio: garagardoa.
Kanta bat?
Guns N'Rosesen Nightrain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.