Arrauna. Gorka Olasagasti, 'Errota'. San Pedroko arraunlaria

«Handia izango litzateke gorengo mailara itzultzea»

San Pedrok igoerako kanporaketa jokatuko du, KAE 1 liga irabazi ostean. 'Libia' 2019an aritu zen azkenekoz Eusko Label ligan, eta Olasagasti traineru morearen tostartean zen orduan ere. «Dena emango dugu».

GORKA OLASAGASTI.
Mikel O. Iribar.
2022ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Arraunaren historia liburuetan atzera egin behar da San Pedroren garairik loriatsuenak topatzeko. Ordutik, isilago dabil Libia ontzia, baina, lantzean behin, banderarekin heldu izan da Pasai San Pedrora (Gipuzkoa), nahiz eta KAE 1 ligako estropadetan lortutakoak izan. Azken bandera, zehazki, berezia izan da: lehiaketa horretako irabazlearena. Traineru morearen tostartean dabil Gorka Olasagasti Errota (Aia, Gipuzkoa, 1994), zortzigarren denboraldiz. Arraunlari zaildua da, denetarik bizi izan duena.

Denboraldia hasi aurretik, espero zenuten KAE 1 ligan lehenak izango zinetela?

Ez genuen espero liga irabaziko genuenik, baina bagenuen ondo ibiliko ginen itxaropena. Pausoz pauso joan gara. Lehen helburua zen ohorezko txandan sartzea. Behin aurkaririk indartsuenen pare ginela ikusita, lehen bi postuetan sailkatzea izan zen hurrengo erronka; eta, azkenik, lider jarri ginenean, liga irabaztea izan zen. Eta lortu dugu. Halere, liga irabazteari baino gehiago, kanporaketa jokatzeko lorpenari eman diogu garrantzi handiagoa .

Laugarren jardunaldian, liderraren elastikoaren jabe egin zineten. Zeuen buruarengan sinesten hasiko zineten bada, ezta?

Hasierako estropadetan gustura genbiltzan arraunean. Gero, Oriokoa irabazi genuen. Halere, ordura arte lortutakoa ez zen nahikoa izan; gehiago egin behar genuen, eta ezin ginen erlaxatu. Zarauzkoa [ligako azken-aurreko estropada] izan zen horren adibide. Hanka sartuz gero, garesti ordainduko genuen, baina, zorionez, lan ona egin genuen.

Zein izan da gakoa lehen postuan amaitzeko?

Ondo entrenatzea, inork huts egin gabe. Hala eta guztiz ere, garrantzitsua izan da taldean giro ona edukitzea. Emaitza txarra ateratzen denean, egoera gainditzea da zailena. Bada, taldekideen artean errazagoa da hori lortzea.

Eta, orain, zertaz hitz egiten duzue taldean?

Beste gauzarik ez dugu buruan: kanporaketak eta kanporaketak. Gazteek ilusio handia dute. Carballedak [Asier, prestatzailea] eta Gabriel Bediak 42na urte dituzte; Iriarte patroiak, 36. Esperientzia handia dute, eta taldeari lasaitasuna eman diote. Noizean behin, on egiten digu oihuren bat entzuteak. Hurrengo zaharrena ni naiz, eta 28 urte ditut. Gogo handia dugu eguna iristeko. Halere, badakigu kanporaketako bi estropadak oso bestelakoak izango direla ligakoekin alderatuta. Izan ere, ligako bi jardunalditan hanka sartu ahal duzu, estropada gehiago baitaude; kanporaketan, aldiz, ez.

Non hobetu behar duzue?

Asteburu horretara ongi heltzeko, taldeko oinarria hobetu behar dugu. Ligako estropadetan txandakatzeak egiten aritu gara, baina niri iruditzen zait kanporaketarako hamalauko sendo bat osatu behar dugula, blokea indartzeko. Halere, Pedreñarekin kontu handiz ibili beharra dugu, ondo amaitu baitu liga.

Halere, oraindik urruti dituzue kanporaketak: irailaren 17an eta 18an. Urrunegi aukeran?

Urrutiegi ez. Kontua da hiru aste horietan ez dugula izango lehiarik, eta, hortaz, gehiago kostako zaigu txinpartari eustea. Entrenamenduetan, beroaldi batzuk eman beharko dizkiogu gorputzari.

Lehen dema Bermeon izango da, itsasoan; bigarrena, Portugaleten, ibaian. Zein lehiak ematen dizu errespetu handiagoa?

Bermeokoak; handia, gainera. Olatuek albotik jotzen diote traineruari. Estropada oso teknikoa izango da, eta arraunean garbien ariko den taldea ondo ibiliko da. Portugaleten, berriz, huts egiteko arrisku txikiagoa dago. Watt festa izango da. Gu ibaian aritu gara erosoen, baina itsasoan emaitza hobeagoak lortu ditugu.

Gaur-gaurkoz, Isuntzak jokatuko luke kanporaketa, Santurtzi lau puntu aurretik baitu.

Bietako bat arituko bada ere, goian eutsiko diola iruditzen zait; gu baino koska bat gorago daude. Hortaz, igoerako bigarren postua lortzen saiatuko gara. Kontuan hartu beharko ditugu Galiziako Meira eta Bueu ere.

San Pedro 2019an aritu zen Eusko Label ligan azkenekoz, eta zu zeu Libia-n zinen.

Urte hartan, kolpe handia hartu genuen. Orduko taldetik arraunlari batzuek segitzen dugu oraindik. Handia izango litzateke berriz gorengo mailara itzultzea.

Aurretik, ordea, Kontxako Banderako sailkapen estropada izango duzue.

Lehen zazpi onenetan sailkatzen saiatuko gara. Hori bai, ia ziur nago ez garela sartuko. Oriok, esaterako, KAE 1 liga irabazi zuen 2012an, eta, nire ustez, Eusko Label ligan lehiatzeko adinako taldea zuen, baina ez zen sailkatu.

Iaz, denboraldi bete-betean, moto istripu larri bat izan zenuen. Buruan iltzatuta izango duzu, noski.

Irabaziz ekin genion ligari, eta oso azkar zebilen trainerua. Esperantza nuen gorengo mailara igoko ginela, baina, uztailaren 1ean, klubetik etxera nindoala auto batek jo ninduen. Koman egon nintzen hiruzpalau egunez, eta 23 egun igaro nituen ospitalean. Ezbehar hark asko eragin zien taldekideei, eta goitik behera joan ziren: laugarren amaitu zuten ligan. Nik, berriz, telebistan ikusi nituen estropadak, amorrazioz.

Arraunerako harra, ordea, ez zenuen galdu.

Izugarrizko gogoa nuen berriz hasteko. Urrian ekin nion, poliki-poliki, eta asko kostatu zitzaidan.Uretara ateratzen ginenean, ohartzen nintzen ez nindoala batere ondo. Eta denbora aurrera zihoan: abendua, urtarrila, otsaila... Hobetuz nindoan arren, oso mantso egiten nuen aurrera.

Halere, ez zenuen amore eman.

Ergometroan ez dakit zenbat ordu sartuko nituen. Apiril-maiatz aldera, neure burua ongi ikusi nuen, eta gai izan nintzen denboraldiaurre amaierako estropadetan aritzeko. Ligako azken estropada ez beste guztiak jokatu ditut. Taldekideek asko babestu eta bultzatu naute. Asko eskertzen diet.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.