Gurutz Aginagaldek (Irun, Gipuzkoa, 1977) bete-betea du eguna. Bidasoa klubeko presidentea da, baina musu truk aritzen da. Tolosako (Gipuzkoa) Gainberri Kirol Heziketa guneko arduraduna da ogibidez. Ahalegin handia eskatzen dio biak uztartzeak, baina zama arinagoa da ahalegin horrek ordaina baldin badu. «Eta biak ondo doaz», azaldu du.
Beste lau urtez izango zara Bidasoa klubeko presidente. Zer moduz zaude?
Ilusioz nago. Kluba asko indartu da duela zortzi urtetik hona. Kirol arloan, gorenean gabiltza ligan, eta, horri esker, ia urtero gabiltza Europan. Arlo ekonomikoan, berriz, asko handitu gara, eta klubaren azpiegitura sendotu dugu. Azkenik, gizarte arloan ere hazi egin gara. Duela zortzi urte genituen erronka guztiak bete ditugu. Asko hazi gara, baina are gehiago hazi gaitezke. Horregatik erabaki dugu jarraitzea. Orain, erronka nagusia pabiloi berriarena da; Bidasoarentzat behar-beharrezkoa da. Lortzen badugu, Bidasoa indartsuagoa izango da.
Irundarra, jokalari ohia, bazkidea eta presidentea zara. Zer sentitzen duzu kluba hainbeste hazi dela ikusita?
Batetik, harro nago egin dugun lanaz. Bihar kluba utzi beharko bagenu, oso harro eseriko ginateke harmailan, bazkide gisa. Lan asko egin dugu, musu truk, lanari, familiari eta lagunei denbora kenduta. Bestetik, oso eskertuta nago proiektuan zuzendaritzan aritu eta egunerokoan Bidasoari lagundu dioten guztiekin. Haiek gabe ezinezkoa izango zen hau garatzea.
Bigarrenez jarraian zeu bakarrik aurkeztu zara.
Ondo legoke beste hautagaitza bat aurkeztea, betiere modu eraikitzailean aurkeztuz gero. Klubean sentsibilitate ezberdineko jendea dago, eta beti da aberasgarria haien iritzia jakitea. Gaur egun, Bidasoa klub erakargarria da edonor sartu eta proiektu bat garatu dezan.
Hauteskunderik ez da egin; bai, ordea, bazkideen batzarra, eta horretan bazkideek ez dituzte onartu ez aurreko denboraldiko kontuak, ezta denboraldi honetako aurrekontua ere. Azken horretan 400.000 euroko galera aurkeztu duzue. Kezkatuta zaudete?
Kezka puntu bat badugu. Oso ondo azaldu genuen zergatik dagoen galera hori, eta arrazoia da babesle bat atzeratu egin dela bere diru ekarpena egiteko orduan, eta horrek tentsio handia eragin duela diruzaintzan. Hizketan gabiltza babesle horrekin, eta konfiantza dugu egoera bideratuko dela. Kezkatzen gaituena da klubean urte asko daramatzagun arren eta egoera ondo azaldu dugun arren, ez dugula batzarraren babesa jaso. Batetik, exijentzia handia dago, eta, bestetik, badago sektore bat zuzendaritzari kritika baino egiten ez diona duela urte batzuk hartutako kirol erabaki bat dela eta [Jacobo Cuetara entrenatzaileari kontratua ez berritzea]. Eta egoera aprobetxatu dute batzarra atzera botatzeko. Batzarrean esan nuen, eta berriro esango dut: batzarrean 125 pertsona ginen, baina Bidasoak 1.600 bazkide ditu, eta gu oso babestuta sentitzen gara.
«Badago sektore bat zuzendaritzari kritika baino egiten ez diona kirol erabaki bat dela eta [Jacobo Cuetara entrenatzaileari kontratua ez berritzea], eta egoera aprobetxatu dute batzarra atzera botatzeko»
Hurrengo erronka nagusia pabiloi berriarena dela esan duzu, eta azpimarratu Bidasoarentzat «behar-beharrezkoa» dela. Zergatik?
Batetik, duela zazpi urte, Txapeldunen Ligarako sailkatu ginenean jada esan genien erakunde guztiei horrenbeste maite dugun Artaleku honek ez dituela betetzen Europako Federazioak eskatzen dituen betebeharrak. Betebehar horiek zorroztu egin ziren pandemiaren ostean, lehiaketa bat jokatu edo ez erabakitzeraino. Betebehar horiek betetzeko, beharrezkoa da beste pabiloi bat izatea. Eta, bestetik, klubean gauzatzen gabiltzan proiektuan oso garrantzitsuak dira babesleei eta bazkideei eskaintzen dizkiegun esperientziak, eta Artaleku oso zaharkitua geratu da halakoak eskaintzeko. Proiektu horretan beste aurrerapauso bat emateko behar-beharrezkoa da beste pabiloi bat.
Cristina Laborda Irungo alkateak eta Goizane Alvarez Gipuzkoako Aldundiko Kirol zuzendariak 5.600 lagunentzako pabiloia proposatu dute. Ez da gehiegi kontuan hartuta Artalekura batez beste 1.700 ikusle inguru joaten direla? Ezin da Artaleku eraberritu?
Guk gaia landu genuen Irungo Udalarekin duela bost urte, eta zenbait proposamen helarazi genizkion. Baina ez gara berriro bildu. Gu ez gara sartuko erabakitzera Artaleku eraberritu behar den edo beste pabiloi bat egin behar den. Guk diogun bakarra zera da: Bidasoak behar batzuk dituela, eta horiek betetzeko konpromiso batzuk behar ditugula. Berdin zaigu Artaleku berritzea edo beste pabiloi bat egitea. Guk ezagutzen ditugu eraztunetan banatuta dauden zenbait pabiloi, eta, gurean hori eginez gero, aukera legoke ohiko partidetan 2.300-2.800 ikusle kabitzeko, eta, berezietan, gehiago. Ohiko partidetan ziur naiz bete egingo litzatekeela. Baina patxadaz landu behar da gaia, kontuan hartuta Bidasoa ez dela bakarrik Euskadiko gizonezkoen erreferentziazko taldea. Nafarroa iparraldetik eta Akitaniatik ere jendea etortzen da Irunera.
«Eskerrak eman nahi dizkiet Alexi [Mozas] eta haren lantaldeari, Europa erakusleiho aparta izan arren Asobal liga lehenetsi dutelako»
Kirol arloan, taldea bikain ari da: Bartzelonarekin berdinduta dago Asobal ligako lidergoan, eta lehen zortzi partidak irabazi ditu.
Lan onaren eta erabaki egokien ondorioa da hori. Liga erabat aldatu da, lehen bi sailkatuak bakarrik sailkatuko baitira Europarako. Kopan, berriz, partida bakarra jokatuta sailka zaitezke. Hau da, oso garrantzitsua da ligan bigarren posturako lehian aritzea. Ez du balio Europan ondo aritzeak eta datorren sasoian Europarako ez sailkatzeak. Hori dela eta, erabaki dugu ahalegin guztia ligan egitea. Eskerrak eman nahi dizkiet Alex Mozasi eta haren lantaldeari, Europa erakusleiho aparta izan arren Asobal liga lehenetsi dutelako. Horrek agerian uzten du klubaren interesak babesten dituztela. Oso garrantzitsua da hori.
Gozatzen ari zara taldearekin?
Bai. Iritsi zenetik, Alexek joko bizia egin nahi zuen, baina garai horretan genituen jokalariengatik moldatu egin behar izan zuen jokamoldea. Aurten, ordea, jokamolde hori egiteko jendea ekarri dugu, eta jokoa erabat aldatu da: erraz sartzen ditugu golak, azkar joaten gara kontraerasora, eta sendo defendatzen dugu. Zaila da guri irabaztea. Zoriondu egin behar dira kirol zuzendaria [Julen Aginagalde] eta teknikarien taldea, asmatu egin baitute. Ea Sagunten irabazten dugun [gaur jokatuko dute, 19:00etan], eta lider izateko aukerekin iristen garen hurrengo partidara, Artalekun Bartzelonaren aurka jokatuko dugunera. Zaila da, baina ikaragarria litzateke.