Aston Villako entrenatzailea

Natalia Arroyo: «Harrobikoen ekarpena funtsezkoa izan da Reala Europarako sailkatzeko»

Arroyok lau urte egin zituen talde txuri-urdinean, eta harekin lortu zuen taldeak lehen aldiz Txapeldunen Ligarako sailkatzea. «Izugarri poztu nau berriz lortzeak. Denboraldi biribila egin dute, eta merezita lortu dute».

Natalia Arroyo Asto Villako entrenatzailea. BERRIA
BERRIA
ainara arratibel gascon
2026ko maiatzaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Luze joan zaio eguna Natalia Arroyo Aston Villako entrenatzaileari (Esplugues de Llobregat, Herrialde Katalanak, 1986). Urte eta erdi darama bertan, eta gustura dago. Baina ez ditu ahaztu Realean egindako lau urteak. «Familia bat izan ginen, eta asko ikasi nuen. Reala entrenatu izanak prestigioa ematen dio nire kirol ibilbideari. Gainera, lagun asko ditut han. Maiz sentitzen dut Donostiara joateko beharra». Ohikoa duen gertutasunaz mintzatu da.

Realak zu aulkian zinela lortu zuen lehen aldiz Txapeldunen Ligarako sailkatzea. Orain bigarrenez lortu berri du. Nola ikusi duzu taldea?

Joan nintzenetik gertutik erreparatu diot taldearen jardunari. Denboraldi biribila egin dute, eta merezita lortu dute Europarako sailkatzea. Izugarri poztu naiz. 

Askoren ustez antz handia dute zuk zuzendu zenuen taldeak eta oraingoak. Zuk ere hala dela uste al duzu?

Denboraldia nola joan den ikusita, bai. Orduan bezala, taldeak segida handia izan du bai jokoan, bai emaitzetan. Horrek egonkortasuna eta konfiantza eman die. Gainera, Europarako sailkatzeko borroka horretan egon zitezkeen beste taldeek huts egin dute. Adibidez, Atletico Madrilek antzeman egin du Txapeldunen Ligan aritu izana. Gu bigarren izan ginenean, Levantek eta Real Madrilek huts egin zuten. Taldeak ezusteko garaipenen bat lortu du oraingoan ere: adibidez, Bartzelonaren kontrakoa. Guk Real Madrili irabazi genion. Bestalde, bi taldeak denboraldi gogor batetik zetozen. 

Eta jokatzeko moduan ba al dute antzik?

Gauza oso zehatzak alde batera utzita, bai. Erasoari erreparatu diote bi taldeek, hegaletatik asko jokatu dute, eta barruko jokalari erabakigarriak izan dituzte. Barruko jokalari horiek oreka handia eman diote. Gainera, jokatzeko modua argi izanda, aurkariak proposatutakora egokitzen jakin dute. Agian guk jokalari gutxiago izan genituen multzoan, eta horren ondorioz nik Arturok [Ruiz, entrenatzailea] baino txandakatze gutxiago egiten nituen. 

Udan izandako aldaketak kontuan hartuta, denboraldi honetan hain goian egongo zela uste zenuen?

Nik garbi nuen harrobitik zer zetorren, eta denboraldi honetan aurrerapausoa emango zutela espero nuen. Haien ekarpena funtsezkoa izan dela uste dut: Aiararena, Juliarena, Intzarena... Fitxaketetan ere asmatu dute. Taldeari egonkortasun handia ematen dioten jokalariak izan dira, liga ondo ezagutzen zutenak, langileak, eta taldeari lehentasuna ematen diotenak. Gainera, haietako asko egoera zailetatik zetozen, eta Reala hori aldatzeko kluba zela uste izan dute.

Zure han zinela igo ziren lehen taldera Intza Egiguren eta Nahia Aparicio, adibidez. Haiek hor ikusteak poztu egingo zintuen ezta?

Bai, noski, asko. Ni nengoenean, Nahia erakusten ari zen jada sekulako bilakaera izango zuela, eta multzoko liderretako bat izango zela. Hori hala izan dela ikustea ederra da. Intza ere gurekin entrenatzen zen, eta denboraldi honetan erakutsi du zertarako gai den: oso trebea da buruz buruko jokaldietan, golak sartzeko gaitasuna du, eta baita taldekideei golak sartzeko paseak ematekoa ere. Aiararen berri ere banuen. Uste dut klubak bikain lagundu diela bilakaera horretan. Pazientzia izan du, eta ondo aukeratu du jokalari horiei aukera emateko momentua. Ausardia ere erakutsi du atezainekin egin duen apustuaren bidez, biak oso gazteak baitira. Talentua zaindu egin behar da, eta momentuak ondo aukeratu: konfiantzaz eta ziurtasunez. Uste dut sailkapen honek zerbait berezia badu zera dela: harrobiko jokalari askorekin lortu dela. 

Nerea Eizagirre nola ikusi duzu? Izan ere, ohi baino gutxiago jokatu du, baina aldi berean erabakigarria izan da. 

Hala da. Nerearekin zera gertatzen zaigu: ahaztu egiten zaigula urte asko daramatzala gorenean, eta oso gazte iritsi zela bertara. Esperientzia handiko jokalaria da, eta harentzat ohikoena hasieratik aritzea izan da. Denboraldi honetan, egoera bestelakoa izan da, eta horretara egokitzen eta ekarpena egiten jakin du. Erabakigarria izaten jarraitu du. Hori da garrantzitsuena: aulkitik aterata ere bere onena erakutsi duela.

Arturo Ruizek zer ekarpen egin dio taldeari?

Kalitate tekniko-taktikoa eta lasaitasuna eman dizkio. Bai kanpora bai barrura begira eman beharreko mezuan asmatu egin du, eta lasaitasuna eta ilusioa uztartu. Taldeak lortutako gauza on guztiez gozatzen jakin du, eta aldi berean oinak lurrean izaten.

«Arturok asmatu egin du bai kanpora bai barrura begira eman beharreko mezuan, eta lasaitasuna eta ilusioa uztartu ditu»

Eta hemendik aurrera zer? Aurreko esperientzia kontuan hartuta, nola kudeatu behar dute egoera Garbiñe Etxeberria emakumeen saileko arduradunak eta Maider Castillo kirol zuzendariak? 

Kanpotik horretaz hitz egitea zaila da. Izan ere, ez dute jakingo Txapeldunen Ligan arituko diren edo Europako Kopan. Guk burua ez galtzearen eta oinak lurrean izatearen alde egin genuen. Nik uste dut ondo egindako gauzei eutsi behar dietela: harrobiaren alde egiten jarraitu eta taldeari erreparatzen dioten jokalariak ekarri: umilak, langileak eta zintzoak. Horrekin batera, Europako sailkapen hori baliatu behar dute nahi dituzten jokalariak fitxatzeko. Horretan ausartak izan behar dute, eta nahi dituzten jokalarien bila joan; horretan saiatu, behintzat. Horiek erakartzeko erabakigarria izango da egiten ari diren lan ona ere. Izan ere, Reala proiektu oso serioa da, eta leku egokia ikasteko eta aurrerapausoak emateko. Klubak argi izan behar du, halaber, Europarako berriz sailkatzeko taldeak ligan ondo aritu behar duela, eta hor gakoa eguneroko lana dela. Entrenamendu eta partida bakoitzaz gozatu behar da, guztiei etekina atera. 

Bi urte pasatu dira joan zinenetik. Zer oroitzapen duzu orain Realaz?

Harro nago gauza ederrak egin genituelako, eta klubak horretan segitzen duelako. Ederra da hori. Luxua izan zen bertan egotea, eta denbora igaro ahala are balio handiagoa ematen diot lortutakoari. Reala entrenatu izanak prestigioa eta sinesgarritasuna eman dio nire ibilbideari eta curriculumari. Oso esperientzia aberasgarria izan zen, eta asko ikasi nuen. Gainera, nire metodologia garatu ahal izan nuen. Sarritan sentitzen dut Donostiara joateko beharra, lagun asko baititut han.  

«Europako sailkapena baliatu behar dute nahi dituzten jokalariak erakartzeko. Horretan ausartak izan behar dute, eta nahi dituzten jokalarien bila joan»

Txapeldunen Ligarako sailkatu eta gero, hitz egin al duzu klubeko jendearekin?

Bai. Ilusio handiena egin didaten gauzetako bat zera izan da: Realean egondako askok jarri ditugula zorion mezuak taldeak sailkatzea lortu eta gero. Denak izugarri poztu gara. Familia bat izan ginen, eta lotura estua izan genuen klubarekin. Gaur egun, urrutitik izan arren, horri eusten diogu. Besteak beste, mezu bat bidali nion Garbiñeri, urte asko daramatzalako lanean halakoak lortzeko.

Urte eta erdi daramazu Aston Villa entrenatzen. Zer moduzko esperientzia da?

Ona, pozik nago hemen. Realean lau urte egin eta gero, denbora behar nuen, atseden hartu, gauzak ondo pentsatzeko eta zer egin nahi nuen argitzeko. Ingalaterrako ligak asko erakartzen ninduen, eta Reala utzi eta sei hilabetera Aston Villaren eskaintza jaso nuen. Oso esperientzia interesgarria da, asko ikasten ari bainaiz. Lehen aldia zen denboraldia hasita talde bat zuzentzeko ardura hartzen nuela. Taldea bolada txarrean zegoen, eta horri buelta eman eta indartsu amaitzea lortu genuen. Luzerako proiektua da, eta, exijentzia handia den arren, gauzak eraikiz joateko aukera ematen dizu. 

Alde handia antzeman duzu liga batetik bestera? 

Bai, batez ere Ingalaterrako ligan lau talde gutxiago daudelako. Horren ondorioz, eten gehiago daude. Horrek gauza onak eta txarrak ditu. Batetik, aukera ematen dizu multzoa hobeto kudeatzeko eta gauzak lantzeko. Baina, bestetik, segida gutxiago duzu egiten ari zaren hori bide onetik doan aztertzeko. Aldi berean, hemengo jokalariak oso fisikoak dira, baina tekniko-taktikoki gutxiago ulertzen dute jokoa. Ulermen hori txertatzeko metodologia ezartzen eta lantzen ari gara pixkanaka, eta hori erronka polita da. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA