Pala

Hasiera arrakastatsua izan du Basquemotion proiektuak

Bere garaian grebara jo zuten Innpalako palista ohiek proiektu berri bat abiatu dute: Basquemotion. Antolatzaileek bikaintzat jo dute jaialdiaren lehen aldia, eta aurrera begira zabaltzen joatea dute helburu.

Palistak, Basquemotion enpresak antolatutako lehen jaialdia hasteko prest, Bilboko Deportivo frontoian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Palistak, Basquemotion enpresak antolatutako lehen jaialdia hasteko prest, Bilboko Deportivo frontoian. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon eskudero
2026ko apirilaren 3a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Buruhaustez eta kolpez jositako garaiak atzean utzi ondoren, ilusioz eta arrakastaz abiatu da pala proiektu berria, Basquemotion izenpean. Bizkaiko Diputazioak Bizkaia pilotalekuaren kudeaketa Jose Ramon Garai buru duen UTE Giroa Baiko Eragin enpresari esleitu ondoren, eskemak hautsi zitzaizkien bere garaian grebara jo zuten Innpala enpresako palista ohiei. Itxaropena zuten Miribillan palaz jokatzen jarraitu ahalko zutela, baina instituzioek ate hori itxi zieten. Dena den, palista denek elkarrekin indar egin, eta proiektu berriari ekin zioten pasa den larunbatean, Bilboko Deportivo frontoi historikoan. Guztiz arrakastatsua eta ikusgarria izan zen jaialdia, bi partida onez gain musika talde ezagunak ere izan baitziren kantxa barruan. Harmailak jendez lepo egon ziren, eta aurrera begira proiektua zabaltzen joatea dute xede antolatzaileek.

Enaitz Olaeta (Bilbo, 1990) da Basquemotion proiektuaren arduradun nagusia. Oraindik hunkituta dago pasa den larunbatean Deportivon sortutako giroarekin. «Aurretik susmatzen genuen jendea pala ikusteko gogoz zegoela, baina gure aurreikuspen guztiak gainditu ziren. Ikusgarria izan zen frontoian sortu zen giroa; dena bikain atera zen. Jendeak esan zigun gogotsu dagoela gure jaialdi gehiago ikusteko». Lan handia egin zuten antolatzaileek ongi atera zedin. «Noski, errazagoa izango zen instituzioen babesa izan bagenu. Guztia hutsetik antolatu behar izan genuen: frontoiko argiztapena, megafonia... Halere, balorazio bikaina egin dugu. Mahai gainean kolpe bat jo dugula uste dugu».

Olaetaren esanetan, proiektuaren xede nagusia ikusleei plan bat eskaintzea da. Pala eta ikuskizuna uztarri berean lotuko dituen plan bat, alegia. «Gure asmoa da jendeari plan bat eskaintzea ongi pasatu dezan. Estatu Batuetako formula ekarri dugu; ez baikara soilik mugatzen palan jokatzera. Ikuskizun oso bat antolatzea da gure nahia». Horregatik, pasa den larunbatean frontoian izan ziren Doctor Deseo, Janus Lester eta Sorotan Bele. «Musika zuzenean izateak asko laguntzen du, eta maila horretako musika taldeak baldin baditugu, are gehiago. Jendeak aukera izan zuen pare bat trago edateko, pala partidak ikusteko eta musika zuzenean entzuteko. Ezin eska daiteke gehiago. Ikusleen feedback bikaina jaso genuen».

«Aurreikuspen guztiak gainditu ziren. Ikusgarria izan zen frontoian sortu zen giroa; dena bikain atera zen»

ENAITZ OLAETA Basquemotion proiektuko arduradun nagusia

Ikuskizunaren oinarria pala partidak dira, eta horretarako palistarik onenak ditu Olaetak bere esanetara. Bederatzi, guztira: Esteban Gaubeka, Pablo Fusto, Jagoba Madariaga, Roman Maldonado, Iker Gordon, Ibai Perez, Asier del Rio, Iñaki Urrutia eta Oier Alkorta (Azpeitia, Gipuzkoa, 2000). Azken horrek parte hartu zuen larunbateko jaialdian. «Zoragarria izan zen dena, hamarrekoa. Egia da palistok ez geundela nahi bezala entrenatuta, baina bi partida polit atera ziren, eta batez ere jendearen beroa sentitu genuen. Hunkituta aritu ginen palaz jokatzen». Olaetaren ustez, jaialdia Deportivon izateak lagundu egin zuen. «Eskerrak eman beharrean gaude Iñaki Lopez Deportivoko arduradunari, Bilbo erdigunean pilota bizirik egon dadin egiten duen lanagatik. Palaren katedralean halako jaialdiak antolatzea plazer hutsa da».

Zabaltzeko helburuz

Orain, bat eta bakarra da galdera: eta aurrera begira, zer? Anbiziorik ez du falta Olaetak. «Larunbatekoa abiapuntua izan zen, eta orain halako jaialdi gehiago antolatzea daukagu buruan. Ea apirila eta maiatza bitartean besteren bat egin dezakegun. Udari begira, zirkuitu edo txapelketa bat antolatu genezake herri batzuetan, baina oraindik ez daukagu ezer itxita».

Hala behar balu, palista gehiago kontratatzeko moduan izango litzateke Basquemotion proiektua. «Badakigu afizionatuetan ari diren palista on batzuek begi onez ikusiko luketela guregana jotzea. Guk ateak irekita dauzkagu. Astero partida bat antolatzea izan beharko litzateke gure helburua». Alkortaren ustez, bide horri eustea da gakoa. «Egonkortzea lortu behar dugu, eta horretan sinesteko motiboak baditugu. Gogotsu gaude».

«Bi partida polit atera ziren, eta batez ere jendearen beroa sentitu genuen. Hunkituta aritu ginen palaz jokatzen»

OIER ALKORTA Palista

Etorkizunari baikor begiratzen diote arduradunek, baina iraganekoa ahaztu gabe. Bizkaia frontoiaren esleipenari helegitea jarri zion Olaetaren enpresak, eta ebazpenaren zain jarraitzen dute. «Oraindik ez dugu erabakiaren berri jaso, baina Miribillan palaz aritzeko aukera sortuko balitz, ongi etorria izango litzateke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA