Daniel Milagrosek (Iruñea, 2002) astebete darama Milanen (Italia). Nahikoa izan du Olinpiar Jokoen handitasunaz jabetzeko. «Sekulakoa da hau». Pistan entrenatu da, eta «mantsoa» iruditu zaio. Gustuko du hori. «Azkenaldian hobeto aritu naiz pista mantsoetan; gertuago nago aurkariengandik».
Lehen aldiz ariko zara Olinpiar Jokoetan. Zer moduz zaude?
Ikaragarria da hemen egotea: hau ez da amets bat, erokeria bat baizik; bi urte eskas daramatzat honetan. Aurretik, gurpil gaineko patinajea egiten nuen, eta horretan Olinpiar Jokoetan aritzea nuen amets. Inoiz ez nuen pentsatua izotzean lortuko nuenik. Olinpiar Jokoei buruz hitz egina zidaten, baina hemen egonda ohartu naiz zergatik duten horren ospe eta garrantzi handia. Izugarri berezia da hemen egotea: zerbaitegatik da edozein kirolariren ametsa.
Ez zinen edonor gurpil gaineko patinajean: munduko txapeldunordea zinen. Zergatik erabaki zenuen izotz gainean hastea?
Batetik, gurpil gaineko patinajea ez da oso kirol profesionala, eta banekien ez nuela bizibidea horrekin aterako. Bestetik, urtebete eskas falta zitzaidan ikasketak amaitzeko [Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua]. Nire bizitzak mugarri bat behar zuela sentitu nuen. Garai horretan nire prestatzailea zenak, Angel Arrarasek, galdetu zidan sasoi betean nengoela aprobetxatuz ea ez nuen saiatu nahi izotz gaineko patinajean, agian norbaitek nire alde egingo zuela. Nire ezaugarriak kontuan hartuta, sinetsita zegoen lor nezakeela. Lehenik, erotuta ote zegoen galdetu nion, baina, jarraian, zer egin behar nuen azaltzeko eskatu. Argi utzi nion gogor entrenatzeko grina ez zitzaidala faltako. Ordutik, aurrerapausoak emanez joan naiz, gauzak ondo atera dira, eta hona iritsi naiz.
Zer esan zizuten ingurukoek?
Gurasoek ikasketei erreparatu zieten: esan zidaten ikasturte bakarra falta zitzaidala, eta, izotzean probatu nahi banuen, probatzeko, baina bukatzeko ikasketak lehenbizi: hau da, esan zidaten oinak lurrean izateko, eta ez egiteko erokeriarik. Beti animatu naute, eta inoiz ez didate trabarik jarri kirolean buru-belarri aritzeko: ama gorputz hezkuntzako irakaslea da; aita, berriz, kirolari izandakoa. Arduratsua izateko esan didate beti. Beraz, agindu zidatena bete, eta ikasketak amaitu nituen.
Nola gogoratzen duzu izotzean patinatzen aritu zinen lehen aldia?
Polonian izan zen. Aurretik, Uharteko Izotz Jauregian baino ez nintzen ibilia, gaztetan, eskolarekin. Abiadura patinajean aritu nintzen lehen aldian oso sentipen arraroa izan nuen: gurpil gainean ibiltzea ia oinez ibiltzea bezala da niretzat, 4 urterekin hasi bainintzen horretan. Oso seguru sentitzen naiz gurpil gainean: edozer egin dezaket. Baina izotzean ibiltzeko patinak jarri nituenean, kontrako irudipena izan nuen: iruditu zitzaidan edonoiz erortzeko arriskua nuela; ematen zuen ez nekiela patinatzen! Dena zen berria niretzat: saiatzen nintzen aurrera egiten, baina, teknika ez nuenez menperatzen, etengabe egiten nuen irrist eta estropezu; sustoz susto ibili nintzen. Zorionez, ikasiz eta hobetuz joan naiz.
Polonian aritu zinen lehen aldiz, etxean edo etxetik gertu ez baituzue abiadura patinajea egiteko pistarik, ez Euskal Herrian, ez Katalunian, ezta Espainian ere. Nola moldatu zara?
Gurean pistarik ez edukitzea da, hain zuzen, gehien mugatzen gaituena eta beste herrialdeekin alderik handiena ezartzen duena. Nola moldatzen garen? Etxetik urrun joanda. Denboraldi honetan, Kanadan egin dugu egonaldia, eta Munduko Kopako probetara bidaiatzen aritu gara.
«Gurean pistarik ez edukitzea da, hain zuzen, gehien mugatzen gaituena eta beste herrialdeekin alderik handiena ezartzen duena»
Lan asko egin behar izan duzu azken bi urte hauetan?
Ahal bezainbat ordu eta gehiago ere egin ditut lanean. Udan, gurpil gainean lehiatzen nintzenean, izotz gainekoak nituen buruan, zer egin nezakeen hobetzeko: materiala aldatu, bideo gehiago ikusi... ez nuen nahi xehetasun bakar batek ere ihes egiterik; arreta osoa Olinpiar Joko hauetan jarri dut.
Zer ezberdintasun eta antzekotasun dituzte gurpil gaineko patinajeak eta izotz gainekoak?
Gurpil gainekoan, teknika garrantzitsua da, baina baita beste alor batzuk ere; adibidez, estrategiak, taldeka lehiatzen baikara. Izotz gainekoan, berriz, teknika da dena, zu aritzen baitzara bakarrik, zure bidetik. Kronometroaren aurka lehiatzen zara, bete-betean, etenik gabe. Niri teknikak ematen dit lanik handiena, gurpil gainean urte asko aritu naizenez ohitura batzuk baititut hartuak. Ari naiz ikasten, baina oraindik asko dut ikasteko.
Zer egin behar du ondo izotz gaineko patinatzaile batek?
Dohain asko izan behar dituzu: ondo irten behar duzu, azkarra izan, eta eutsi. Funtsezkoa da teknika ondo eta azkar barneratzea. Ez du ezertarako balio azkarra eta indartsua izateak teknika menperatzen ez baduzu. Gurpil gainean ikaragarri aritu diren batzuk ezinean aritu dira izotzean.
Ezin da hutsik egin.
Ez. Niri gertatu izan zait oso ondo hasi, bihurgunean estropezu txiki bat egin, bizpahiru hamarren galdu, eta hogei postu atzerago sailkatzea. Gurpil gainean hutsak konpon ditzakezu; izotzean, ez.
Munduko Kopan eta Europako Txapelketan aritu zara. Nola ikusi duzu zeure burua?
Azkenaldian oso ondo ari naiz, onenengandik gertu. Oso pozik nago. Konfiantza handiz lehiatuko naiz Olinpiar Jokoetan.
«Azkenaldian oso ondo ari naiz, onenengandik gertu. Oso pozik nago. Konfiantza handiz lehiatuko naiz Olinpiar Joko hauetan»
Baduzu helburu jakinik?
Ez, hemen egote hutsa ikaragarria baita. Lasterketa garbia egin nahi dut, huts teknikorik gabea, eta, egin dudan lan guztia islatu dela ikusi; hau da, bukatzean sentitu nahi dut ezin nuela beste ezer egin, honaino iritsi naizela eta barruan nuen guztia eman dudala. Emaitzak gorabehera, kirol hau ezagutarazi nahi dugu: guretzat oso garrantzitsua da hori, laguntza gehiago izateko. Adibidez, sekulakoa litzateke pista bat izatea; dena aldatuko luke. Gu hona iritsi bagara halakorik izan gabe, zer egingo dute gaztetatik horretan aritzeko aukera izango dutenek?
Olinpiar Jokoak amaitzean, zer asmo duzu?
Espainiako Federazioak zer asmo duen ikusi nahi dut. Aukera hau aprobetxatu nahi dut, eta aurrera egin. Baina, orain, esperientzia eder honetaz gozatzea da helburua.
Lehiaren bezperan, nor duzu gogoan?
Bide honetan lagundu didaten guztiak: nire aurreko prestatzailea, Angel Arraras; egungoa, Marta Gomez; eta, noski, etxekoak, haiek izan baitira nire babes hasieratik.