Pixkanaka, bidea egiten ari da Euskal Herriko Itzulia. 2022an lehiatu zen aurrenekoz, Emakumeen Biraren lekukoa hartuta, eta hasieratik World Tour mailako proba izan da. Hots, nazioarteko lasterketa onenen artean dago, eta, horri esker, urtero goi mailako ziklista ugari erakartzen du. Orain arte, Demi Vollering izan da izarrik distiratsuena: lasterketaren lehen lau aldietatik hiru irabazi ditu —txapeldun izan da azken bi urteetan, baita 2022an ere—, eta nagusitu ez zen urtean —2023an— bigarren amaitu zuen, Marlen Reusser suitzarraren atzetik. Aurten, ordea, Itzulia Volleringen egutegitik kanpo geratu da. Hortaz, herbeheretarraren koroa, ezinbestean, beste norbaiten esku geratuko da.
Volleringek hutsune handia utziko du, sailkapen nagusian hiru bider gailentzeaz gain, Itzulian orain arte lehiatu diren hamabi etapetatik zazpi zakuratu baititu. Irabazleen zerrendan hurrena Volleringen herrikide Mischa Bredewold da (SD Worx), lau etapa garaipen lortuta. Eta hura bai, Zarauzko (Gipuzkoa) irteeran izango da gaur. Azken bi aldietan podiumeko bigarren koskara igo da, beti Volleringen atzetik. Azken urratsa egiteko gogoz izango da, eta aukera bikaina du. Hori bai, ez zaio aurkari gogorrik faltako. Bredewoldekin batera, Juliette Berthet da (FDJ) aurtengo parte hartzaileen artean Itzuliko podiuma zapaldu duen bakarra; hirugarren izan zen 2024an. Magdeleine Vallieres (Education First) munduko txapeldunak ere sona emango dio lasterketari.
Izenez, Ashleigh Moolman-Pasio ere (AG Insurance) bada nor; izanari dagokionez, ordea, ez da 2017an Emakumeen Bira irabazi zuen txirrindulari bera. Ez da harritzekoa, 40 urte baititu. Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa-Euskadi), ordea, behetik gora doa, etenik gabe. Berriki laugarren izan da Espainiako Vueltan, eta Itzulian ere zeresana emateko pronto dago. Petra Stiasnyk ere (Human Powered Health) harrigarri jardun zuen Vueltan, Angliruko etapan nagusituta, eta ikusteko dago Euskal Herriko errepideetan zertarako gai den. Evita Muzic (FDJ), berriz, hamargarren izan zen Vueltan, eta bi aldiz sartu da Itzuliko hamar onenen artean. Bada, datozen hiru egunetan oso bikote sendoa osatuko du Berthetekin batera.
Lau euskal ziklista
Movistarren, berriz, Liane Lippert izango da lemazaina, eta aldamenean izango du Olivia Baril —laugarren izan zen 2023ko Itzulian—. Dominika Wlodarczik (UAE), Antonia Niedermaier (Canyon), Valentina Cavallar (SD Worx) eta Yara Kastelijn (Fenix) ere aintzat hartu beharreko txirrindulariak izango dira. Ostolazarekin batera, beste bi euskal ziklista lehiatuko dira Laboral Kutxa-Euskadiren elastikoa jantzita: Naia Amondarain eta Irati Aranguren. Movistarrek, berriz, azken unean sartu du zerrendan Paula Ostiz.
Ibilbideari dagokionez, hiru etapatan 372,4 kilometro egingo dituzte, eta hamalau mendate igo. Alde horretatik, inoizko Itzulirik menditsuena izango da. Zarautzen hasi eta amaituko da lehen etapa: 121,3 kilometro eta sei mendateko saioa izango da. Bihar, berriz, Abadiño eta Zornotza (Bizkaia) artean lehiatuko da tropela. Saiorik luzeena izango da, baita gogorrena ere: 2.474 metroko desnibel metatua gainditu beharko dute 138 kilometroko ibilbidean. Ohi bezala, Donostiako etapa klasikoak emango dio bukaera lasterketari. Bertan, Jaizkibel eta Mendizorrotz mendateek epaile lana egingo dute ohorezko postuen lehian.