«Gogotsu eta motibatuta». Hala ekingo dio Euskal Herriko Itzuliari Usoa Ostolazak (Zarautz, Gipuzkoa, 1998). Orain arte, ez du lortu etxeko lasterketan nabarmentzerik: iazko bigarren etapan seigarren postua lortu zuen, eta hori du emaitzarik onena. Sailkapen nagusian, berriz, hamaseigarren izan da gehien jota. Halere, geroz eta txirrindulari hobea da urtetik urtera, eta horren erakusgarri da berriki Espainiako Vueltan eskuratu duen laugarren postua. Itzuliari begira, nahiago luke etapa bat irabazi podiuma zapaldu baino.
Nola sentitzen zara Espainiako Vuelta laugarren amaitu eta gero?
Oso pozik nago, Vueltan ondo aritzea denboraldiko helburu handietako bat baitzen. Iazko Vueltan, erori egin nintzen azken etapako azken mendatearen aurretik, eta, horren ondorioz, lehen hamar sailkatuetatik kanpo geratu nintzen. Arantza hori kendu nahi nuen, eta lan handia egin dut horretarako. Udaberria gogorra izan da niretzat, alergia kontuak direla medio, baina ondo zaindu dut neure burua, eta egunero indartsu sentitu naiz Vueltan. Azken bi etapak ziren gogorrenak, eta gauzak nahi bezala atera ziren. Laugarren postua ametsetako emaitza da.
Mendate ikoniko batean amaitu zen Vuelta: Anglirun. Nolakoa izan zen azken igoera hori?
Poz handia hartu nuen jakitean Vuelta Anglirun amaituko zela. Nire ezaugarriekin bat egiten duen igoera bat da, eta jakin izan nuen indarrak ondo neurtzen eta amaierara sendo iristen. Horri esker, sailkapeneko laugarren postura egin nuen jauzi. Egia esan, espero ez nuen emaitza bat da, eta kosta egiten da barneratzea. Egun hauetan arraro eta guzti sentitzen naiz, baina aurrera begiratu beharra dago. Batzuetan, pena izaten da lortutako emaitzez gozatzeko astirik ez edukitzea. Dena den, gogotsu eta motibatuta nago Itzulian lehiatzeko.
Aurrera begira, eta Itzulian hasita, zer eragin izango du zugan Vueltan lortutako laugarren postuak?
Halako emaitza batek neure buruan gehiago sinesteko eta geroz eta helburu handiagoak jartzeko aukera ematen dit. Lehen, neure buruari helburu txikiagoak jartzen nizkion, baina geroz eta ameslariagoa naiz helburuak jartzeko orduan. Izan ere, ametsak errealitate bihur daitezkeela konturatu naiz pixkanaka. Aurrera jarraitzeko indar handia ematen du horrek.
Bertigoa sentitu daiteke gailurrera hurbildu ahala. Zuretzat ere hala da?
Bai, badut bertigo apur bat. Azkenean, konturatzen naiz geroz eta helburu handiagoak izanda jada ez naizela edozerekin konformatzen. Nahiz eta errendimendu ona izan, hutsen bat egin dudala ikusten baduzu, ez zara pozik geratzen. Langa zenbat eta gorago egon, orduan eta zailagoa da egindako lanarekin konforme geratzea. Alde horretatik, presioa baino gehiago, bertigoa sentitzen dut.
«Langa zenbat eta gorago egon, orduan eta zailagoa da konforme geratzea. Alde horretatik, bertigoa sentitzen dut»
Laboral Kutxa-Euskadi taldearen hazkundeak ere ez du etenik: iaz Pro Team mailako talderik onenetako bat izan zineten, eta aurten, dagoeneko hamahiru garaipen lortu dituzue, eta podiumaren atarian geratu zarete itzuli handi batean. Nola ikusten duzu zuk taldea?
Urtero gauza bera esaten dut: taldea goraka doa. Aurten lortu ditugun garaipenak txirrindulari askoren artean lortu ditugu, eta horrek erakusten du hazten ari garela, eta ezaugarri askotako txirrindulariak ditugula. Taldea geroz eta helburu handiagoak jartzen ari da, baita betetzen ere. Orain dela urte gutxi, ametsa zen lasterketa handienetan parte hartzea; gaur egun, ordea, emaitzen bila goaz. Zergatik? Ahal dugulako.
Urrats polita izango litzateke Euskal Herriko Itzulian ere nabarmentzea.
Oso pozgarria litzateke, eta posible ikusten dut. Vueltan egin dugun lanak konfiantza ematen digu Itzuliari begira. Etxeko lasterketa da, eta, beti bezala, gozatu egingo dugu gure zaleen artean. Ea babes horri esker emaitza onak lortzen ditugun. Ikusteko dago lasterketak zer bilakaera duen, baina, aukeratu beharko banu, ilusio handiagoa egingo lidake etapa bat irabazteak sailkapen nagusiko podiumera igotzeak baino.
Zarautzen, zure jaioterrian hasiko da lasterketa. Vueltan laugarren izan berritan, ziur harrera beroa egingo dizutela.
Itzulian orain arte egin ditudan etapetan bereziena izango da. Zarautzen hasi eta bukatuko da etapa, eta maite dudan jende guztia bertan izango da. Horrek indar berezia emango dit; ea emaitza txukun bat lortzeko balio didan.
«Nahiz eta hiru etapak oso gogorrak izan, uste dut gehienbat Donostiako etapan erabakiko dela Itzulia»
Ibilbide gogorra izango du aurten Itzuliak. Ohi bezala Donostiako etapan erabakiko da, edo lehenago ere apur liteke?
Nahiz eta hiru etapak oso gogorrak izan, uste dut gehienbat Donostiako etapan erabakiko dela. Lehen bi egunetan argituz joango dira gauzak, baina alde handienak azken etapan sortuko dira, eta, zehazki, Igeldoko igoeran. Ordura arte, onenek probak egingo dituzte, bakoitza nola dagoen ikusteko. Ibilbide aldetik, hobeto datozkit Vueltako esfortzu gogor eta luzeak; Itzuliko mendateak ez dira horren tenteak, ezta horren luzeak ere.
Demi Volleringen hutsuneak lasterketa irekiagoa izatea ekarriko du?
Bai, noski. Demi dagoenean, badakigu zer gertatuko den. Kasu honetan, ordea, hautagai horren garbirik ez egoteak piztu egin dezake lasterketa. Itzuli zirraragarria izango da bai txirrindularientzat eta bai ikusleentzat.