Urtea birus batek jota abiatu zuen Mikel Landak (Murgia, Araba, 1989). Horrenbestez, denboraldiaren hasiera otsaila hasieratik martxo amaierara mugitu behar izan du. Dena den, baikor dago: atzean utzi ditu iazko Giroan izandako lesio larriaren ondorioak, eta hitzordu nagusietan sasoiko izango dela uste du. Batez ere Giroa du jomugan, eta urtea pozik amaituko luke aspaldiko partez garaipen bat lortuko balu —azkenekoz 2019an irabazi zuen etapa bat—. Ondo bidean, begi onez ikusiko luke bere kirol ibilbidea apur bat gehiago luzatzea.
Denboraldia nahi baino geroago hasiko duzu, birus baten ondorioz. Zer moduz zaude orain?
Valentziako itzulian hasi behar nuen denboraldia, baina gaixotu egin nintzen Gabonetan, eta horrek prestakuntza moteldu zidan. Azkenean, Kataluniako Voltan hasiko naiz. Dena jarraian etorriko da: Volta, Itzulia, Giroa eta Tourra. Badaukat nahikoa lan, beraz, hainbesteko kalterik ere ez dit eragingo berandu hasteak. Dena kontrolpean daukat.
Edonola ere, ia bi hilabeteko atzerapenarekin hasiko zara lehiatzen. Horrek eragina izan dezake Giroaren prestakuntzan?
Ez handirik. Giroan ondo aritzeko, gakoa fresko iristea da, lehiaketa egun asko pilatu gabe; 15-20 egun asko jota. Baldintza hori errespetatu egingo dugu. Egia da Katalunian eta Itzulian gehiago sufrituko dudala erritmo egokia hartzeko, baina Giroari begira ez nuke arazorik izan beharko.
Itzulia goiz iritsiko da zuretzat. Zer helburu izango duzu bertan?
Sailkapen orokorreko goiko postuen lehian aritzea zaila izango da, baina etaparen bat irabazten saiatu nahiko nuke. Egunez egun hobe aritu, erritmoa hartu eta pixkanaka lasterketan sartzea izango da nire asmoa.
Azkar jarri ohi zara sasoiko, eta hori horrela, lasai egon zaitezke denboraldia berandu hasi arren.
Egia da adinarekin pixka bat gehiago kostatzen dela sasoiko jartzea, baina lasai nago, bai. Kataluniako Volta ondo ezagutzen dut: egunez egun gogortuz doa, eta neurria hartzeko aukera ematen dizu. Aurtengo helburua, nagusiki, Giroa da; beraz, ez dut zertan presarik izan.
Iaz Giroko lehen etapan izandako erorikoan bizkarrezurreko orno bat hautsi zenuen, eta behin lehiara itzulita, arazoak izan zenituen bizikleta gainean. Erabat osatuta zaude?
Baietz uste dut. Orain kontuz ibili beharra daukat bizkarrarekin, lesio larri bat izan dudalako, baina ez daukat iazko Vueltan izan nuen mina, inondik inora. Neguan ondo indartu dugu gorputza, prebentzio ariketen bitartez. Alde horretatik, uste dut ez dudala arazorik izango denboraldi honetan.
«Urte hasieran, ez neukan garbi Girora itzuli nahi nuen edo ez. Orain, ordea, garbi daukat iazko arantza atera behar dudala»
Oso eroriko txarrak izan dituzu Soudal Quick-Step taldean orain arte osatu dituzun bi denboraldietan; iazko Giroko istripua ez ezik, 2024ko Itzulian izandakoa ere larria izan zen [lepauztaia eta bi saihets apurtu zituen]. Mentalki nola egin diezu aurre halako egoerei?
Itzulian izan nuen erorikoak min egin zidan mentalki. Oso sasoiko nengoen, eta asko ari nintzen gozatzen bizikletaz. Erorikoak, bat-batean, ezerezean utzi zuen dena. Ez nengoen prest horretarako. Iaz, berriz, buruan izan nuen lehen gauza behar bezala osatzea izan zen. Osasunean pentsatzen nuen bakarrik, eta, alde horretatik, beste era batera hartu nuen. Egoera ez zen horren mingarria izan bururako.
Hala ere, ez zenuen zalantza egin ea berriz ere zure mailarik onenera itzultzerik izango ote zenuen?
Kezkatuta egon nintzen, bai. Vueltan zehar, mina oraindik hor neukan. Eta gero, arazoek hor jarraitu zuten Lombardiako Giroari begira. Kezka batzuk izan ditut, baina neguan guztiz osatu naizela esango nuke.
Iazko ezbeharraren ondoren, esanahi berezia izango du aurtengo Giroak zuretzat? Zorra kitatzeko aukera gisa ikusten duzu?
Urte hasieran, ez neukan garbi Girora itzuli nahi nuen edo ez. Orain, ordea, garbi daukat arantza hori atera behar dudala. Oso gogotsu nago.
Zure ibilbideari erreparatuz, kendu dizuna baino askoz ere gehiago eman dizu Giroak, ezta?
Bai. Azken finean, bertan loratu nintzen; 2015eko Giroan inoiz baino indartsuago sentitu nintzen. Geroztik, oroitzapen on asko pilatu ditut lasterketa horretan. Bolada txarrak ere egon dira bidean, baina Giroak beti irribarrea eta motibazio handia eragiten dizkit.
«Remco [Evenepoel] laguntzera etorri nintzen hona, eta oso eroso nengoen zeregin horretan. Hura gabe, zaila egin zait egutegia hautatzea»
Profesional gisa zenbatgarren urtea duzun galdetuko banizu, jakingo zenuke erantzuten?
Bai, bai: hamazazpigarren urtea izango da [barrezka]. Asko dira, eta iaztik zenbatu egiten ditut. Harro nago nire ibilbideaz eta gorenean horrenbeste urte igaro izanaz.
Hogei urteko langa gainditzea zaila izango da, ezta?
Zaila izango da, baina ez dakit. Ez naiz ausartzen ezer esatera. Gozatzen jarraitzen badut, eta maila badaukat, ekinean jarraituko dut ziur aski.
Urte bukaeran amaitzen zaizu Soudal Quick-Stepekin duzun kontratua, baina, diozunez, litekeena da zure ibilbideko azkena ez izatea.
Bai. Aurtengo denboraldia garrantzitsua izango da, batez ere sailkapen orokorrak ahaztuko ditudalako eta etapen lehian murgilduko naizelako batik bat. Helburu berriekin eroso eta gustura banago, ez dut uste nire azken denboraldia izango denik.
Aurten taldeko lemazain nagusia izango zara mendiko etapetan, Remco Evenepoel beste talde batean arituko baita. Zeregin hori gustura hartuko duzu, edo nahiago zenukeen lider baten itzalean jarraitu?
Kosta egin zait egoera berrira egokitzea. Remco laguntzera etorri nintzen hona, eta oso eroso nengoen zeregin horretan. Remco gabe, zaila egin zait egutegia hautatzea. Dena den, taldeak esan dit sailkapen nagusiak alde batera utz ditzakedala eta etapak irabazteko lehian aritu naitekeela. Horrek lasaitasuna eman dit, baita motibazioa ere.
«Nire ustez, dirua duten taldeak egotea ona da orokorrean ziklismoarentzat. Oso egoera onean dago gaur egun»
Nola hartu duzue taldean Evenepoel joan izana?
Triste gaude nolabait ere, txirrindulari oso on bat galdu baitugu. Ezinezkoa izango da hura ordeztea. Baina, era berean, aukera asko zabaldu zaizkie ziklista askori, hala nola gazteei eta laguntzaile lanetan zebiltzanei. Jendea gogotsu ikusten dut. Klasikoetako egitura asko indartu da, eta, horrez gain, etapa asko irabaztea da asmoa.
Uste duzu arrastoa utzi diozula Evenepoeli, eman diozun laguntzagatik edo zugandik ikasi dituen gauzengatik?
Baietz esango nuke. Oso ondo konpondu ginen, eta asko entzuten ninduen. Batzuetan, behar zuen lasaitasuna eman nion. Beraz, bai: uste dut arrastoa utzi diodala.
Hura Red Bullera joan da. Indar handia ari da metatzen World Tourraren goi-goian. Zer iritzi duzu ziklismoa hartzen ari den norabideaz?
Oso talde indartsuak sortu dira, eta aldi berean, beste batzuek zailtasunak dituzte. Nire ustez, dirua duten taldeak egotea ona da orokorrean ziklismoarentzat. Oso egoera onean dago gaur egun.
Gaur egun, gazteen esku dago txirrindularitza; beteranoak tokiz kanpo geratzen ari zarete?
Hau oso azkar doa, eta gazteek geroz eta baliabide gehiago dituzte prest egoteko. Dena dute eskura. Horri gaztetasunaren indarra gehitzen badiozu, beteranooi asko zailtzen zaizkigu gauzak. Asko sufritzen ari gara. Baina eskarmentua urteek bakarrik ematen dizute, eta aintzat hartu beharreko ezaugarria da.
«Landismoa beti dago gogotsu. Batzuetan, jendearen babesa gehiegizkoa eta guzti iruditzen zait»
Aurten inoiz baino euskal txirrindulari gutxiago ariko zarete World Tourrean: zazpi bakarrik. Datu kezkagarria da?
Oso urte onak izan genituen Euskaltelen garai oparoenean, eta Movistarren ere euskal ziklista asko zeuden lehen. Baina gauzak aldatu egin dira, eta, zorionez, profesional mailan beste euskal ziklista asko daude. Batzuetan gehiago egongo dira, eta beste batzuetan, gutxiago. Horretara ohitu behar dugu. Gazteak indartsu datoz; esperantza badago.
Erretiratu aurretik ikusiko al zaitugu berriz ere helmugan besoak altxatuta?
Itxaropen hori ere badaukat. Helburuak ondo aukeratuta eta prestatuta, lor dezaket. Etapa bat irabaziz gero, ontzat emango nuke denboraldia. Iaz, Vueltan lehia horretan sartzen saiatu nintzen, eta garaipena ez nuen oso urrun izan. Tourrean irabaztea ametsa litzateke, baina Giroan edo Itzulian irabazita ere pozarren egongo nintzateke.
Landismoa bizirik dago oraindik?
Zorionez, landismoa beti dago gogotsu. Batzuetan, jendearen babesa gehiegizkoa eta guzti iruditzen zait. Sekulako zortea daukat.