Ataunek (Gipuzkoa) beste pilotari profesional bat du, laugarrena: Beñat Zubizarreta (2005). «Ez dakit zer duen Ataunek, baina pilotari asko bai», azaldu du.
Larunbatean jokatuko duzu lehen aldiz profesionaletan. Zer moduz zaude?
Lasai nago, baina ziurrenik eguna gerturatu ahala urduritzen hasiko naiz. Duela hilabete jakin nuen debuta egingo nuela, baina ez zait luze egin itxaronaldia: entrenatzen eta jokatzen ibili naiz.
Nola jakin zenuen?
Aimar Olaizolak [Baikoko kirol zuzendariak] mezu bat idatzi zidan, esanez hark eta Iker Burutxagak [Baikoko arduradunak] nirekin hitz egin nahi zutela. Entrenamendu bat bukatutakoan bildu ginen, eta esan zidaten bi urterako kontratua egin nahi zidatela.
Nola gogoratzen duzu une hori?
Sekulako poza sentitu nuen, egundoko albistea baitzen: amets bat betetzea da.
Segituan esan zenien etxekoei?
Bilera amaitu bezain laster esan nien, eta ikaragarri poztu ziren.
Bi pilotari profesional zarete etxe berean: zu eta Iraitz anaia. Inor gutxik esan dezake hori.
Ez da ohikoa etxe berean bi pilota profesional egotea. Alberditarrak izan dira azkenak: Jon eta Unai. Aita eta ama oso harro daude gutaz. Aita, gainera, Azkoitikoa da, eta han debutatuko dut; horrek ilusio handia pizten dio.
Anaiak ia zazpi urte daramatza profesionaletan jokatzen. Zer gomendio eman dizu?
Lasai egoteko eta disfrutatzeko. Nolanahi ere, aitak ematen dizkit gomendio gehien: gure partida ia denak ikusi ditu, eta beti dabil gomendioak ematen.
Argi dago: oso familia pilotazalea zarete.
Etxean afizio handia izan dugu betidanik: aita pilotaria izan zen, osaba ere bai, anaia bada, eta ni txikitatik ibili naiz pilotan. Gure etxean pilotaz hitz egiten da gehien.
Elkarren aurka jokatuko duzue anaiak eta zuk. Zer gertatuko da egun horretan?
Inoiz ez dugu jokatu elkarren aurka, anaia sei urte helduagoa baita. Kontratua sinatu berritan hasi ginen etxean kontu horri buruz hizketan. Berezia izango da. Gurasoek sufrituko dute gehien.
«Anaiak eta biok ez dugu inoiz jokatu elkarren aurka. Berezia izango da. Gurasoek sufrituko dute gehien»
Olaizolak zutaz esan du «oso pilotaria» zarela, «oso azkarra kantxan» eta «dena oso ondo» egiten duzula. Ez dago gaizki. Ados zaude berekin?
Baietz esango nuke. Ez naiz zehazki ezertan nabarmentzen, baina gauza gehienak nahiko txukun egiten ditut. Oso azkarra ote naizen? Saiatzen naiz partidak ahalik eta ondoen prestatzen.
Baduzu anaiaren antzik?
Bai. Bioi gustatzen zaigu aurrean jokatzea, baina bera abilagoa da efektuekin-eta, eta nik, berriz, gehiago luzatzen dut pilota; hura baino garaiagoa ere banaiz.
Zertan moldatzen zara ondoen?
Erasoan, nahiko ondo bukatzen dut tantoa, eta defentsan nahiko bizi mugitzen naiz.
Zertan duzu gehien hobetzeko?
Defentsan hobeto aritu behar dut ezkerrez.
Zer eskatu dizute enpresan?
Ez didate helburu zehatzik eskatu. Nik zera nahi dut: partidak jokatuz erritmoari eta aurkariei neurria hartu.
2024an lesio larria izan zenuen eskuineko belaunean, eta ia urtebete egon ziren jokatu gabe. Arriskuan ikusi zenuen debuta egitea?
Saiatu nintzen horretan ez pentsatzen. Lesio larria nuela esan zidaten egunean bertan indar guztia jarri nuen ondo osatzeko eta berriro jokatzeko helburuan. Banekien horretarako ia urtebete beharko nuela, baina seguru nengoen itzuliko nintzela eta bete-betean ariko nintzela.
Olaizolak esan du oraindik ez zaudela lesioa izan aurretik bezain sasoi onean. Zuk ere hori uste duzu?
Ia urtebete jokatu gabe egon eta gero, saihetsezina da hasieran erritmo falta sumatzea, baina, gogor lan eginez, gero eta hobeto nago, eta lesioa izan aurreko mailara gerturatzen ari naiz.
Denbora daramazu profesionalekin entrenatzen. Zer moduz aritu zara?
Oso gustura aritu naiz. Sekulako ilusioa piztu zidan profesionalekin entrenatzen hasteak: gogoz gainezka joaten nintzen entrenatzera. Ordutik, denbora pasatu da, eta dena normal joan da.
Zertan sumatu duzu aldea?
Pilotak nahiko gogorrak dira, baina gustatzen zaizkit, eta eroso moldatzen naiz haiekin.
«Ez naiz zehazki ezertan nabarmentzen, baina gauza gehienak nahiko txukun egiten ditut»
Pilotari kutunik izan al duzu?
Herrian bertan izan dut eredua: Jon Ander Albisu. Aimar eta Irujo ere oso gustuko nituen.
Albisu herrikidea aipatu duzu. Lau pilotari profesional daude Ataunen: Albisu, anaia eta zu, eta Beñat Senar. Ez dago halakorik inon. 1.700 biztanle bestetik ez zarete bizi herrian. Zer du Ataunek?
Herri txikia da Ataun; sekulakoa da lau pilotari profesional egotea. Albisu izan zen lehena; gero anaia izan zen pilotari, eta jarraian Senar; eta, azkena, ni. Ez dakit zer duen Ataunek, baina pilotari asko bai.
Pilotan jokatzeaz gain, ikasi edo lan egiten duzu?
Egokitzapen fisikoko goi mailako gradu bat bukatu nuen iaz; argi nuen kirolari lotutako zerbait ikasi nahi nuela. Gaur egun, orientatzaile nabil Ataungo gimnasioan, eta monitore Lazkaoko pilota eskolan.
Sarrera asko eskatu dizkizute larunbateko partidarako?
Badakit lagunak eta gertuko asko Azkoitira joango direla. Beren kasa erosi dituzte sarrerak. Giro polita egongo da.
Zer esan dizu anaiak debuteko partidaz?
Debuteko partida bakarra dela, eta lasai egoteko eta egunaz disfrutatzeko. Saiatuko naiz irabazten, eguna biribiltzeko.
Zein da helburua gero?
Astez aste entrenatu, hobetu eta partidetan ahalik eta ondoen aritu.
Binakako bi txapelketa jokatzen ari dira. Nork nahi duzu irabaztea?
Herrikoen alde egingo dut: Lehen Mailan, Lasok eta Albisuk irabaztea nahi dut; eta, B Seriean, Senarrek eta Ugartemendiak.
finalerdietako ligaxkarako hirugarren tokia jokoan, gaur, tolosan
Gaur jokatuko dute binakako txapelketako lehen kanporaketa, Tolosan (Gipuzkoa), 17:00etan. Aurreneko ligaxka hirugarren eta laugarren postuetan bukatu zuten bi bikoteek jokatuko dute elkarren aurka: Javier Zabalak eta Julen Martijak Jokin Altunaren eta Joseba Ezkurdiaren kontra. Partida irabazten duen bikotea finalerdietako ligaxkarako sailkatuko da, eta Unai Laso eta Jon Ander Albisurekin eta Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaletarekin batera ariko da horretan. Galtzen duenak, berriz, beste aukera bat izango du sailkatzeko, igandean, Arrasaten (Gipuzkoa). Ostiralean Zornotzan (Bizkaia) irabazten duen bikotearen aurka ariko da: Erik Jaka eta Martxel Iztueta edo Iker Larrazabal eta Unax Landa.