Arrauna

Hiru punturen aldea ezer gutxi da

ETE ligara zuzenean ez jaisteko azken bi aukerak dituzte Hondarribiak eta Donostiarrak. Gogor borrokatuko dira, nahiz azkenean jaitsi, nahiz mailari eustea lortu.

Hondarribia eta Donostiarra lehian, Getxoko estropadan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Hondarribia eta Donostiarra lehian, Getxoko estropadan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
nerea intxausti
2025eko abuztuaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskotren ligan banderak irabazteko lehiatzen dira batzuk, eta liga horretan eusteko besteak. Izan ere, inor ezin da lasaitu, eta traineru guztiek egin behar dute arraunean Euskotren ligan jarraitu eta ETE ligara ez jaisteko. Gaur-gaurkoz, eta Euskotren ligan bi estropada falta direla, Hondarribia dago azken postuan, eta Donostiarra azken-aurrekoan, hiru punturen aldearekin. 

Irati Camarero Hondarribiko arraunlaria da, eta Irati Mercader Donostiarran aritzen da. Ados daude bi taldeetako arraunlariak: motza egin zaie liga. Donostiarrak «gogotsu» daude azkeneko bi estropadetarako, baina baita amorratuxeak ere: «Gauzak hobeto egiten hasi gara azken hiru asteburuetan», adierazi du Mercaderrek. Aulki mugikorrean aritu den jendearekin osatu dute aurtengo trainerua, eta, beraz, orain gutxi lortu dute arraunketa bateratzea. «Ez dut esango beste bizpahiru asteburu edukiko bagenitu ez genukeela sailkapen estropada jokatu beharrik izango, baina borrokatzeko aukera gehiago edukiko genituzke, hori bai», esan du, ziur. 

Camarerok ere adierazi du oso azkar pasatu zaiela liga. «Bagenekien aurten oso zaila izango genuela, lehia oso estua izango zela». Azken astebururako «urduri samar» daudela onartu du. «Zaila» ikusten du donostiarrei aurrea hartzea, baina uste du badituztela aukerak: «Oso antzeko gabiltzan bost talde gaude sailkapenaren behealdean, eta, beraz, estropadaren batean gu oso ondo arituz gero eta besteren bat gaizki, aldea txikitu dezakegu». 

Ados dago Mercader: «Hau [hiru punturen aldea izatea] ez da ezer, koltxoi txiki bat besterik ez; estropada batetik bestera hiru punturen aldea erraz gal daiteke». Donostiarrek espero dute zazpigarren postuari eustea, kanporaketa jokatu ahal izateko: «Ahalik eta gehien txikitu nahi dugu Hibaikarekin eta Astillerorekin dugun aldea, eta Hondarribia aldentzea lortzen badugu, ontzat joko genuke gure lana». Onartu du: «Ez gaude lasai, eta, beraz, aldea handitzea dugu helburu; ez dago ezer erabakia, eta denagatik egingo dugu borroka».

Camareroren taldea dago zortzigarren. Nahiz eta sailkapenera begiratuta zuzenean jaisteko postuan dauden oraingoz, Camarerok kontatu du oraindik ez dutela erabat sinisten: «Gertatu arte ez dakit nola aurre egingo diogun». 

Hondarribiarrak esan du taldea «nahiko baikor» dagoela, nahiz eta ataka zailean dauden. Oroitu du aurreko asteburua burumakur amaitu zutela, adibidez, baina saiatzen direla denen artean egoerari buelta ematen: «Ez dago ezer galduta; ikuspegia aldatu, eta hurrengo astean jartzen dugu arreta». Gertatzen dena gertatzen dela, argi du: «Ondo zaindu beharko dugu elkar». 

Dena ez da aldapa berdeentzat, hala ere: Donostiarrak Hondarribiari sailkapen nagusian ateratzen dizkion bezainbeste puntu ateratzen dizkio Hondarribiak Donostiarrari patroirik onenaren sailkapenean: Miren Garmendiak 76 puntu ditu, eta Nicole Maroñok, berriz, 73. Puntu horiek ez diote salbatzeko modurik emango Hondarribiko taldeari, baina Camarerok ziurtatu du Miren Garmendia taldean edukitzea «plus bat» dela: «Miren izugarrizko patroia da, asko animatzen gaitu entrenamendu eta estropada guztietan, eta izugarri ondo maneiatzen du trainerua».

Bigarren maila ere indartsu

Esan ohi da goi mailan askotan galtzea baino hobea dela bigarren mailan askotan irabaztea. Zarautzek eta San Juanek horixe egin dute aurten: norgehiagoka estua izan dute bi traineruek, lehenak zazpi bandera lortu baititu, eta bigarrenak sei. Azkena jokatzeko dute oraindik, Bilbon. 

Hondarribiarrei 2021. urtean gertatu zitzaien antzeko zerbait —orduan lau talde zeuden Euskotren ligan—. ETE ligara jaitsi ziren, eta 2022. urtean ETE liga irabazi zuten: «Oso urte polita izan zen guretzat, borobila: estropada mordoa irabazi genuen, eta Euskotren ligara bueltatzea lortu». 

Camarerok adierazi du ETE ligara itzultzekotan liga hori irabazteko borrokatuko liratekeela: «Bertako taldeak oso indartsu daude, eta berriro ere bete-betean aritzeko borrokatuko ginateke».

Mercaderrek goraipatu egin du Zarautzek eta San Juanek ETE ligan duten lehia: «Bi traineruak izugarri ondo aritu dira ligan, txalotzeko moduan». Adierazi du bigarren mailan aritzea ez zaiola «katastrofe bat» iruditzen; kontrara, aukera gisa ikusten du: «Jaitsiko bagina, aukera emango genieke neska gazte gehiagori arraun egiteko, ETE ligak beta ematen baitu arrauneko teknika ikasteko».

bigarren mailakoek Azken asteburua dute

ETE ligako traineruek gaur jokatuko dute ligako azken estropada, Bilbon, 16:00etan hasita. KAE1 ligako ontziek, berriz, bi lehia izango dituzte asteburuan: gaurkoa Bilbon, emakumezkoen estropadaren ondoren, eta biharkoa Castron, 16:00etan. 

Estropada hori bertan behera utzi zuten orain dela astebete, bero handia iragarrita zegoelako, eta bihar egingo dute, gizonezkoen arraun elkarteek hala erabakita. Emakumezkoek ez dute jokatuko estropada hori, hala erabaki baitute, bozketa bidez. 

Asteburu honetan argituko da KAE1 ligan nork jokatuko duen mailaz igotzeko kanporaketa estropada —ziurra da Santurtzi ariko dela, eta ia ziurra bigarren taldea Arkote izango dela—, eta ETE ligan nor izango den lider: Zarautz edo San Juan. Biek jokatuko dute kanporaketa estropada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.