Arrauna

Hondarribia eta Deustu: tontorrean, gorantz begira

Hondarribiak irabazi du ETE liga, eta Deustuk KAE 1 liga. Bien aurkari nagusia Zarautz izan da, eta lehia estua izan dute bukaerara arte. Orain, prest daude kanporaketetarako.

Hondarribia. HONDARRIBIA ARRAUN ELKARTEAK UTZITAKOA
Hondarribiko traineruko kideak, Bilboko Bandera irabazi berritan. HONDARRIBIA ARRAUN ELKARTEAK UTZITAKOA
Jone Bastida Alzuru.
2026ko abuztuaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Festa giroan jokatu zuten ETE eta KAE 1 ligako traineruek azken estropada: igandean izan zen, Bilbon, Aste Nagusian. Eta Hondarribia eta Deustu izan ziren festa gehien gozatu zutenak. Haiek irabazi zuten bandera, eta haiek bukatu dute ligako sailkapenaren buruan. Arraunlariek gogoz ospatu zuten. Deustu, gainera, etxean izan zen garaile.

Bi traineruak Zarautzekin aritu dira nor baino nor gehiago uda osoan. Hondarribiak ETE ligan jokatutako hamalau estropadetatik zazpi irabazi ditu, eta 101 puntu bildu. Zarautzek, berriz, sei bandera astindu ditu, eta 99 puntu lortu. KAE 1 ligan, berriz, zortzina bandera irabazi dituzte Deustuk eta Zarautzek, baina bi puntu gehiago eskuratu ditu Bizkaiko taldeak. Zumaia ere aritu da lehian: sei aldiz egin du bigarren, baina bandera bakar bat ere lortu ez.

Miren Garmendia Hondarribia taldeko patroiak eta Unai Garcia Deustukoak uste dute on egin diela borroka estua izateak. Gustura daude biak. «Bagenekien Zarautz aurkari indartsua izango zela, eta horrelaxe izan da. Lehia estua izateak onena ematera bultzatu gaitu, galdu dugunetan amorratuta joan baikara hurrengo estropadara. Eta, gainera, polita izan da. Haiek irabazi digutenean guk zoriondu egin ditugu, eta alderantziz», azaldu du Garmendiak. Bide beretik jo du Garciak ere: «Zarautzekin eta Zumaiarekin izandako borrokari esker, hobetu egin gara. Hiru traineruak aritu gara lehian, eta horrek interesgarria egin du liga».

Deustuko patroiak aitortu duenez, hasieran haien asmoa ez zen liga irabaztea, ohorezko txandan aritzea baizik. Baina, estropadak jokatu ahala, helburuak moldatu zituzten. «Igandean ospatu genuen, baina orain hasi gara konturatzen zer egin dugun. Etxean liga irabaztea oso polita izan zen, izugarria».

«Arraunlari gehienok B traineruan egon ginen orain dela urte batzuk. Klubak lan egin du guztiok segitzeko, eta opari bat izan da liga irabaztea»

UNAI GARCIA Deustuko patroia

Jauzi handia egin du taldeak. 2023an KAE 1 mailari eusteko kanporaketak jokatu zituen, 2024an azken estropadan lortu zuen kanporaketak ez jokatzea, eta iaz bederatzigarren egin zuen. Aurten, berriz, hura izan da ontzi onena. Gakoa, hauxe: traineruan garrantzitsuak izan diren bost fitxaketa egin dituzte, eta inportanteena, blokeari eutsi diote. «Urte askotako lana izan da. Arraunlari gehienok B traineruan egon ginen orain dela urte batzuk. Klubak lan egin du guztiok segitzeko, eta opari bat izan da liga irabaztea».

Orain, asmo handiko beste helburu bat dute: lehen aldiz Eusko Label ligara igotzea. Argi esan du Garciak: «Zergatik ez? Konfiantzaz gaude, eta azken pausoa falta zaigu. Oso zaila izango da, baina gogotsu gaude, eta hori lortzeko asmoz arituko gara». 2019an ere jokatu zituzten kanporaketak, baina mailaz igotzea lortu ez. Tartean, beste estropada bat ere izango dute: Kontxarako sailkatze estropada. «Disfrutatu» egin nahi dute.

Deustu
Deustu, Bilbon jokatutako estropada eta KAE 1 liga irabazi izana ospatzen. DEUSTU ARRAUN ELKARTEAK UTZITAKOA

Hondarribia, indartsu

Iaz kostata aritu zen Hondarribia Euskotren ligan, baina aurten oso bestelako urtea izan dute maila bat beherago. Gustura daude aurtengo arraunkerarekin: «Estropada batzuetan, agian ez dugu gure onena eman, baina, gauzak ondo egin ditugunean, oso ondo aritu gara. Argi dugu zein diren gure indarguneak, eta, huts egiten dugunean, badakigu zergatik den». 

Eta, hain zuzen, taldearen dohain bat nabarmendu du Garmendiak: kolpea hartutakoan azkar osatzea. «Ohituta gaude galtzera ere, eta indartsuago altxatzen gara. Iaz zera izan zen taldekideei esan nien lehen gauza Euskotren ligako azken estropada bukatu eta mailaz jaitsi ginenean: ‘Erori egin gara, baina inoiz baino indartsuago altxatuko gara’. Lehen helburua lortu dugu». 

«Uste dut gurea ondo egiten badugu eskura izango dugula igotzea. Herriaren berotasuna nabaritu dugu, eta horrek indarra eman digu»

MIREN GARMENDIA Hondarribiko patroia

Eta orain, prest daude datorrenari aurre egiteko: Kontxa eta kanporaketak. Estropada erabakigarriak izango dira: «Kontxa beti da amets bat, eta estropada oso garrantzitsua ere bai. Gainera, kanporaketei begira ere oso inportantea da Kontxarako sailkatzea. Hor ikusiko dugu Donostiarra eta Galiziako traineruak zer moduz dauden, eta, horren arabera, modu batera edo bestera prestatu beharko ditugu kanporaketak».

Behin ETE liga irabazita, mailaz igotzea dute xede: «Uste dut gurea ondo egiten badugu eskura izango dugula igotzea. Herriaren berotasuna nabaritu dugu, eta horrek indarra eman digu», azpimarratu du Garmendiak. Azken txanpari ilusioz helduko diote bi ontziek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA