Ander Barrenetxearekiko (Donostia, 2001) konfiantza handia izan dute Realean, eta haren aldeko apustua fruituak ematen ari da orain. Jokalari txuri-urdina bere garairik onenean dago, eta, lehen taldean egonkortuta, bere ahala erakusten ari da hiru txapelketak zamatutako sasoian. Hain justu ere, erdilari donostiarra inoiz baino gehiago ari da jokatzen, eta haren parte hartzea gako bilakatu da zenbait norgehiagoka aurrera ateratzeko orduan. Behinola Zubietako haztegian ikusitako ahala zelaian islatzen ari da egun. Hauxe zuen erakusteko, eta taldeak eskertu egin du. Gaurkoan ere, ezusterik ezean, hasierako hamaikakoan izango da, Sevillaren aurka talde txuri-urdinak Anoetan jokatuko duen partidan (16:15, Dazn).
Aurrez, Barrenetxeak ibilbide gorabeheratsua izan du bere futbol ibilbidearen hasieran. Egiari zor, oraindik abiatze fasean dagoen jokalaria da; kontuan hartu behar da 21 urte baino ez dituela —22 egingo ditu abenduaren hondarrean—. 16 urterekin egin zuen estreinaldia Realaren talde nagusian, baina, ordutik, lesioek oztopatu dute haren bilakaera. Seigarren sasoia du Imanol Alguacilen multzoan, baina, neurketa kopuruari dagokionez, Espainiako ligan bi sasoi oso jokatu gabe egon balitz bezala da. Ez alferrik, 78 partida ofizial galdu ditu gorengo mailarako jauzia egin zuenetik, eta ligan 38 jardunaldik osatzen dute denboraldi bakoitza. Erdiak, esate baterako.
Egungo garai gozoaren aurretik, baina, gurutze bidea igaro du. 2022ko urtarrilaren hasieran hiru haustura izan zituen ezker izterreko iskiotibialean. Lasse Lempainen sendagile ospedunak egin zion ebakuntza, Finlandian, eta zazpi hilabete egin zituen osatzen. Itzulera laburra egin zuen zelaira, ordea; taldearekin abiatu zuen 2022-2023 sasoiaren prestaketa, baina Qatargo Munduko Kopa arteko aldian minek erasan zioten berriz, eta jokatu ezinda egon zen. Jurdan Mendigutxia fisioterapeuta iruindarraren eskutik lortu zuen arazoak gainditzea, eta iragan sasoiaren bigarren erdian gero eta protagonismo handiagoa hartu zuen taldean.
Harik eta sasoi honetan distira egin duen arte. Egun, Barrenetxeak leku garrantzitsua du Imanolen eskeman. Datuek adierazten dute hori: donostiarra zelaian aritu da Realak Espainiako ligan jokatu dituen hamahiru partidetatik hamabitan, eta hasieratik aritu da 11 aldiz. Baita orain artean Txapeldunen Ligan jokatu dituen lauretan ere. Hala, gehien aritu den 11. jokalaria da, 1.028 minutuz. Lau gol sartu ditu; hiru ligan eta bat Europan.
Datu horiek erabateko kontrastea dute Barrenetxeak orain artean izandako bilakaerarekin. Donostiarrak aurrerako urrats nabarmena egin du sasoi honetan, bai parte hartzeari dagokionez, baita joko aldetik ere. Izan ere, teknikari oriotarrak zenbait mugimendu egin ditu bere marrazkian. Esaterako, Mikel Oiartzabal erasoaren erreferente gisa kokatzeak mesede egin dio Barrenetxeari. Ezker hegalean aurkitu du abaroa, eta eibartarrarekin nahiz, beste hegalean, Takefusa Kuborekin duen elkar ulertzeak parte hartze handiagoa eman dio jokoan, eta txuri-urdinen joko konbinatuaren kide nabarmen izateaz gain, aurkariaren atzeko lerroak gainditzeko garaian ezinbesteko bilakatu da zirrikituak aurkitzeko duen gaitasuna. Realaren jardunaren bizigarrietako bat da.
«Inoizko garai onenean»
Barrenetxearen bolada ona ez da oharkabean pasatu, eta zaleen mezuez eta hedabideetako tituluez harago, Imanol Alguacil teknikariak berak goratu du sarri: «Jokalari garrantzitsua da», esan zuen orain bi aste, Benficaren aurkako Txapeldunen Ligako norgehiagokaren ondoren. Neurketa hartan, gola sartzeaz gain, txuri-urdinen erauntsian parte hartze nabarmena izan zuen donostiarrak.Â
Futbolariak berak ere baieztatu du azken hilabeteetako aldi gozoa. «Inoizko garairik onenean nago», adierazi zuen berriki prentsaren aurrean egindako agerraldian: «Uste dut jokalari guztiek jokatu egin nahi dutela, eta egia da aldaketa handia izan dudala iazko urtearekin alderatua. Horrek agerian uzten du Zubietan egiten den lana; bide beretik segitu nahi dut, lesiorik ez izan, eta batez ere, entrenatzailearentzat prest egon».
Imanolek estimuan du Barrenetxearen jokoa, eta horrek eragina du jokalariaren jokamoldean. Airos ari da zelaian: «Gozatzen ari naiz. Agian, lehen taldera ailegatu nintzenean egiten ez nituen driblinak egiten ausartzen naiz orain. Horrelaxe segitu nahi dut lanean; uste dut zerbait polita lortzeko hasiera dela».
Jarraitutasuna garrantzitsua da edozein kirolari gorengo koskara ailegatzeko bidean, eta hegalekoa ez da salbuespena. Horrez gain, azken urteetan bizitakoek eta landutakoak jokalari «osoago bat» egin du donostiarra, bai arlo fisikoan, bai psikologikoan: «Aldagai askok eragiten dute, baina uste dut bildutako esperientzia garrantzitsua izan dela jokoan pausatuago aritzeko garaian. Lehen taldean jokatzera ohitu egin behar da, eta horrek eragin du partida hobeak egitea eta nire ahala erakustea».
Barrenetxea finko bilakatu da Realaren ezker hegalean, baina balio anitzeko jokalaria da. Erasora begira aritu izan da oro har, eta eskuin hegaleko jokalari gisa egin zuen maila nagusirako jauzia. Haatik, taldeko lesio sortak atzeko lerroan ere kokatu du inoiz. Dena den, ahaztuak ditu beharra non, han aritu ziren garaiak, eta zer esanik ez lesioak. Barrenetxea esne mamitan da orain, eta halaxe segitu nahi du aurrerantzean ere. Gaukoarekin abiatuko dute txapelketen aro trinkoa txuri-urdinek: zortzi partida jokatuko dituzte 24 egunean.
Â