Orio taldeko entrenatzailea

Xanti Zabaleta: «Hurrengo urtean ere herriko emakumeen trainerua uretan egotea nahi dut»

Aurrera begirako proiektu bat ondu asmo du Zabaletak, eta azpimarratu du arraun egin nahi duten guztiek ateak irekita dauzkatela: «Herriko trainerua da, nire egin nuen urte batzuetan, eta, egoera ikusita, indarra eman nahi nion».

JON URBE / FOKU
JON URBE / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
Orio
2025eko azaroaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Koadernoa eskuan hartuta azaldu da elkarrizketara Xanti Zabaleta (Orio, Gipuzkoa, 1968) Orioko emakumezkoen traineruko entrenatzailea —Patxi Francesen lekua hartu du—. Dagoeneko hasi da lanean, gogotsu. Aurrez ere ontziko teknikari izandakoa da, 2016tik 2021era, eta haren esanetara bi liga eta bi Kontxako Bandera irabazi zituzten. Hala ere, giroa bestelakoa da orain. Joan den astean ohar bat kaleratu zuten Orioko emakume arraunlariek, eta salatu zuzendaritzak gutxietsi eta mespretxatu egin dituela. Zabaletak azaldu du gertatutakoa ez duela «barrutik bizi», eta, beraz, horretaz ezin duela «asko hitz egin».

Kargua hartutakoan, bazenekien zein zen egoera?

Zehatz-mehatz, ez. Banekien azken denboraldia oso mugitua izan zela, baina hori bakarrik.

Arraunlariekin hitz egin duzu? Nola sumatu dituzu?

Bai. Den-denekin ez dut hitz egin, baina gehientsuenekin bai. Datorren urtean proiektuan egoteko aukera helarazi diet, besterik ez.

Zerk bultzatu zintuen baiezkoa ematera?

Hurrengo urtean ere emakumezkoen trainerua uretan egotea nahi dut, herriko emakumeen trainerua uretan ikustea.

Arraunlariek adierazi dute azken sasoian jasandako egoerak eragin zuzena izan duela haien errendimenduan, ongizatean eta osasunean. Horrek ere arrastoa utziko du hurrengo denboraldian.

Ez dakit zer esan. Ez dut hitz egin horretaz arraunlariekin. Esan diet datorren urterako proiektu berri bat dagoela, eta ea gogoa duten horren parte izateko.

Hutsune asko izango dira?

Bai. Multzo bati urteetan eustea oso zaila izaten da, eta aurten ere hutsune batzuk badaude. Lanean ari gara horiek betetzeko.

Geratu direnekin aparteko lanketa psikologiko bat egin beharko duzu? Ari zara?

Ez dakit. Galdetu diet ea datorren urterako konpromisoa hartuko duten, eta baiezkoa eman didate. Hortik aurrera, elkarlanean hasten garenean ikusi beharko dugu, eta horren arabera lan egin.

Zer itxura hartzen diozu taldeari?

Ilusioa sumatzen dut; ilusioa eta konpromisoa. Esanahi handia dute bi hitz horiek, eta asko motibatzen naute. Horri eutsiko diot. Eta esan nahi dut ateak oraindik irekita daudela herrian arraun egin nahi duten guztientzako. Nirekin, behintzat, ez dute inolako problemarik.

Hasi zara lanean?

Bai. Hiruzpalau aste daramatzat lanean buru-belarri. Aztertzen ari naiz zer bitarteko ditugun, zer bitarteko lortu ditzakegun, nolako arraunlariak ditugun eta planifikazioa nola egin. Buruari bueltaka ari naiz.

Nola eragin dizu salaketak eta gertatutakoaren berri izateak?

Ez nau ezustean harrapatu. Denboraldi mugitua izanik, zerbait espero nuen. Hala ere, ez nuen hainbestekoa espero. Arazo bat dagoenean, fokua hor jarri behar da, eta bideratzen eta konpontzen saiatu.

Gogotsu zaude?

Bai, argi dut datorren urtean trainerua uretan egotea nahi dudala. Eta konpromisoa eta ilusioa duen jendea nahi dut ontzian.

Zein da zure asmoa?

Helburua da ahalik eta talde lehiakorrena osatzea; eta, era berean, etxeko arraunlariak formatzen eta sortzen segitzea. Nesken arrauna sendotu nahi dut hurrengo belaunalditakoek ere aukera izan dezaten. Hori da garrantzitsuena. Gauza askotan hutsetik hasi beharko dugu, eta nahiko nuke urteetan trainerua garatzea eta goian ibiltzea. Eskailerak igotzeko eta jaisteko daude. Zentzuz jokatuta eta zer baliabide ditugun ikusita, hausnarketa horiek egiteko eseri egin behar da, eta baloratu.

Aurrera begirako proiektu bat ondu nahiko zenuke?

Bai. Ez dut nahi proiektu kontinuista bat izatea. Ontzian badaude eskarmentu handia dutenak, eta haiek ekarpen hori egitea nahi nuke, eta gazteek, berriz, duten ilusio hori beteranoei itsastea. Tandem horren bidez, berriro ere proiektu bat garatu nahi dut, epe ertainera edo luzera trainerua aurrean eta ahalik goren egoteko.

Beraz, denboraldi bat baino gehiago egiteko asmoa duzu?

Epeen inguruan ez dugu hitz egin. Ez dut langarik jarri. Hasi egin naiz, martxan jarri nahi dut hau, eta martxan ikusi nahi dut. Hortik aurrera, ikusiko dugu nolako energia eta ilusioa dudan.

Zer eman nahi zenioke taldeari? Zer landu?

Elkarkidetasuna landu nahiko nuke; baita konpromisoa, sakrifizioa, aldagelako giroa eta lehiakortasuna ere, besteak beste.

«Ilusioa sumatzen dut; ilusioa eta konpromisoa. Esanahi handia dute bi hitz horiek, eta asko motibatzen naute. Horri eutsiko diot»

Aurrez ere ontziko teknikari izandakoa zara. Izan da bilakaerarik?

Ordukoa badakit; oraingoa, oraindik ez. Arraunzalea naiz, eta sumatu dut maila hobetu dela. Baina oraindik gauza asko daude egiteko. Jarraipena izan du, baina egonkortasuna falta da harrobian, jendea erakartzen... Eta azpiegitura eta gestio aldetik ere gauza asko daude egiteko. Akaso nik kirol perspektiba dut, baina horrez gain ere gauza asko daude. Apustua egin behar da.

Arraunlariek salatu dute, besteak beste, zuzendaritzak haien profesionaltasuna eta errendimendua zalantzan jarri eta ukatu dituela. Hitz egin duzu zuzendaritzakoekin?

Zuzendaritzakoekin tratu zuzena izan dut. Proposamenak aurkeztu dizkiet, eta horiek negoziatu ditugu. Batzuk lortu ditugu, eta beste batzuk ez. Horixe izan da hartu-emana. Hortik aurrera, ez dakit gehiago.

Berdintasunera bidean pausoak emateko haiekin borrokan aritu beharko duzula uste duzu?

Ez dakit. Aurreko aroan ez nuen arazorik izan. Eta, oraingoan, ez dakit.

Egoera mingarria da zuretzako?

Mina baino gehiago, pena ematen dit. Ez dakit barrutik zer bizi izan duten, baina egoerak pena ematen dit, noski. Eta, niri bezala, pentsatzen dut denei emango diela. Ez daukat informazio asko, nik ez dut bizi izan, eta, beraz, ezin dut horretaz asko hitz egin.

Bi liga eta bi Kontxa irabazi zenituen Orioko entrenatzaile izan zinen aurreko aldian. Zer oroitzapen dituzu?

Oso onak. 2019an lehenengo aldiz irabazi genituen liga eta Kontxa. Egundokoa izan zen. Baina oroitzapen ona ez dut entrenatzaile gisa lortutako mugarri horregatik; 2016an hasi nintzen lanean, eta ikustea arraunlari horiek nola hobetu zuten eta zer lortu zuten... Haien poza nire poza izan zen. Eta 2020koa berezia izan zen. Pandemia urtea pasatu genuen, eta gorabehera asko izan genituen, bai emozionalki, bai kirolari dagokionez... Arraunlariak gorputz eta arima aritu ziren, oso harro nago horretaz; egundoko lana egin zuten.

«Eskailera batzuk jaitsi beharko dira, ezin du izan proiektu kontinuista bat. Bultzada hori eman nahi diot. Beste ziklo bat da»

2021ean utzi zenuen Orioko entrenatzaile jarduna. Zergatik? Eta zergatik bueltatu zara orain?

2021ean ere denboraldi oso ona egin genuen. Kontxan bigarren egin genuen, hiru-lau segundora, eta ligan ere bigarren amaitu genuen, baina puntuz berdinduta [Arraun Lagunak-ek irabazi zituen biak]. Eta zergatik utzi nuen? Ikusi nuelako nire aldiak eman zuela eman beharrekoa. Beste haize bat behar zela uste nuen. Nik nire metodoak ditut, nirekin aritutako arraunlariek horiek barneratu zituzten, baina nik ez dut egia absolutua. Uste dut aberasgarria dela beste gauza batzuk probatzea, eta nik ere atseden hartu nahi nuen. Sei urtez aritu nintzen konpromiso hori hartuta, eta nekatu ere egiten da bat. Emaitzak eta helburuak lortuta ere, motibazio gutxiago nuen, eta hobe zen gogotsu zegoen beste batek hartzea trainerua. 

Eta orain?

Esan bezala, trainerua uretan egotea nahi dut, eta proiektua berriz abiatu, edo tira, proiektuari segida ematea. Eskailera batzuk jaitsi beharko dira, ezin du izan proiektu kontinuista bat. Bultzada hori eman nahi diot, beste entrenatzaile bat etortzen bada ere gora egiten jarraitzeko. Beste ziklo bat da.

Ardura sumatzen zenuen?

Ez dakit... bai eta ez. Urte batzuetan ibili naiz proiektu honetan, eta ardura txiki bat banuen. Baina, agian, erronka da hitza; baita erromantizismoa ere. Herriko trainerua da, nire egin nuen urte batzuetan, eta, egoera ikusita, indarra eman nahi nion.

Tartean, arraunari lotuta segitu duzu?

Ez... Barandaren beste aldean jarri eta kritikatu egin dut, besterik ez [barrez].

Buruan zenuen noizbait itzultzea?

Ez, ez... Ondo nengoen. Udak ondo pasatu ditut, oporretan. Hori apartatu dut orain, eta ea. Gogotsu nago hau aurrera eramateko. Animatzeko deia egiten diet batez ere herriko neskei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.