Max Verstappen

Ia konturatu gabe, txapeldun

Max Verstappenek bigarrenez jarraian irabazi du 1 Formulako Munduko Txapelketa. Red Bulleko gidari herbeheretarra bakarkako lanean arituta nagusitu da azken lasterketan, eta Sergio Perezek mesede egin dio Charles Leclerc atzean utzita.

FRANCK ROBICHON / EFE.
Laurentzi Garmendia.
2022ko urriaren 11
00:00
Entzun
Ia konturatu gabe bilakatu zen Max Verstappen (Hasselt, Flandria, 1997) bigarren aldiz munduko txapeldun herenegun, Suzukan (Japonia). Haren taldeak berak, Red Bullek ere ez zuen argi lasterketa amaieran zenbat puntu banatuko ziren; berez zegozkion itzulien hiru laurdenak bete ez zirenez, puntuen erdiak jasoko zituztela pentsatuta. Iaz baldintza zurrunbilotsuetan lortu zuen lehen txapela, Nazioarteko Automobilismo Federazioaren (FIA) erabaki oker baten ondorioz, eta aurten ere FIAren beste erabaki batek lausotu du. Hain zuzen, Michael Masi lasterketa buru ohiak aldatu egin zuen puntu banaketaren araudia bere kargua utzi aurretik.

Anekdota hutsa da hori, ezinezkoa baitzen Verstappenek aurtengo txapelketa galtzea. Autoak guztiz eraldatu diren urte honetan, Red Bullek aurkariak txikitu ditu urte hasierako arazoak konpondu ostean. Patroiak errepikatu dira, beste behin. Araudi aldaketaren helburua lehia estutzea izan da, eta neurri batean lortu dute, autoen artean pistan izan diren aurreraketa eta norgehiagokak ikusgarriak izan baitira. Baina beste irakurketa bat eginda, txapelketa oso goiz gelditu da erabakita; lau lasterketa falta dira oraindik. Ez hori bakarrik, Singapurren ere amai zitekeen txapelketa, eta, aukera matematikoak alde batera utzita, udako etenaldiaren aurretik argi zegoen guztia erabakita zegoela.

Berdinketa bilatzen zuen araudiak bi aurkari nagusietako bat desagerrarazi zuen. Mercedesek bakarrik egin zion iaz aurre Red Bulli, baina aurten, desagertutaibili da. Haren lekukoa Ferrarik hartu zuen, eta urte hasieran alde nabarmena atera zion Red Bulli. Gerora jakin da ez zela Ferrariren meritua izan bakarrik, baizik eta Red Bull autoak soberako kilo batzuekin ekin ziola denboraldiari. Araudiak halako iraultza eragiten duenean, normala da autoek garapen kurba bati jarraitzea, errendimendu onenera hurbilduz. Behin bi autoen maila teknikoa parekatu denean, erabaki estrategikoek eta Verstappenen mailak tokitan utzi dituzte beste aurkari guztiak. Ferrari ez dago txapelketa bat irabazteko mailan. Mercedesen hutsunea hutsik gelditu da.

Verstappenen aroa?

Sebastian Vettelek bere aroa izan du, baita Hamiltonek ere. Beraz, orain galdera horixe da: Verstappenen aroa da hau? Ziurra da Red Bullek eutsi egingo diola bere mailari, eta beraz, galdera horren erantzuna beste taldeen araberakoa dela. Ferrari ez da talde sendoa Matia Binottoren gidaritzapean. Aldaketa garaia da, huts barkaezin gehiegi egin baitituzte. Baina aldaketa horien eragina garaiz iristeko, ezin dute gehiago itxaron. Gakoa Mercedes izango da berriro, hura baita arlo guztietan sendo ibil daitekeena. Aurten, teknikoki apustu arriskutsua egin zuen, eta ikuskizun dago kontzeptua bera den okerra dena, edo kontzeptuaren gauzatzea. Datorren urterako erabaki oso zaila hartu beharko du.

Verstappenen tituluak ez du ezbairik. Sailkatzea ez da haren indargunea, baina hortik aurrera bikain egin du guztia. Azkarra da oso, bai gidatzen, baita erabakiak hartzeko unean ere; bikain irakurtzen ditu lasterketaren egoerak. Hamilton onenaren abiadura eta Fernando Alonso pentsalariaren adimena ditu. Ahuleziaren bat aipatzekotan, egoera zailetan Michael Schumacherren taktikak erabiltzen ditu. Baina aurten ez du halakorik behar izan, gidari bezala heldutasuna lortu baitu. Hemendik aurrera, ikusi beharra dago zer bideri jarraituko dion. Autoa bere mailan dagoen bitartean guztiz ustiatuko du, zuku guztia aterako dio, eta emaitza onena lortuko du. Kontua da zer gertatuko den guztia alde izan ordez aldapa gora jartzen bazaio. Hortxe dago Vettelen adibidea: goi mailan aritu ostean, beherakada beldurgarria izan du. Zaila da irabaztera ohituta dagoenarentzat besteren baten aurrean belaunikatzea.

Igandean, beste gertaera batek ere izan zuen eragina txapelketan. Verstappeni titulua eman zion mugimendua haren taldekideak egin zuen. Carlos Sainzek, lehen itzulia osatu baino lehen, autoaren kontrola galdu, eta lasterketari agur esan zion bitartean, Sergio Perezek atzetik aurrerako lasterketa egin zuen, eta Charles Leclercen hutsa behartu zuen azken bihurgunean. Bigarren postua lortu zuen Perezek, eta titulua Verstappeni eman zion. Urte osoa laburtu zuen horrek: Sainz ez da inoiz erabakigarri izan lasterketan, oso atzean edo lasterketatik kanpo egonda, estrategian ez baita lagungarri. Ostera, Perezek beti estrategia askatasuna kendu dio Leclerci. Txapelketak egoera hori erakusten du: Perez Leclercen aurretik dago, eta George Russell, Sainzen aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.