Aritz Juaneneak buruz buruko txapela irabazi eta hilabetera ekingo diote Oriamendi 2010 enpresako erremontistek hurrengo txapelketa ofizialari: binakakoari. Larunbat honetan hasiko da binakakoaren 55. aldia, eta urtarrilaren 3an bukatu, egun horretan jokatuko baitute finala.
Iaz, Oriamendik aldaketa garrantzitsua egin zuen Lehen Mailakoan, aurreneko aldiz lau bikotek bakarrik parte hartu baitzuten. Bost izan ziren aurreko urteetan, baina, orduko hartan, Oriamendik kalitatea lehenetsi zuen kopuruaren gainetik. Horri eutsi dio oraingoan ere, eta, bigarren urtez jarraian, lau bikotek jokatuko dute binakakoa.
Hauek izango dira Lehen Mailakoan arituko diren lau bikoteak: Imanol Ansa eta Aritz Zubiri; Josetxo Ezkurra eta Iban Larrañaga; Beñat Segurola eta Aritz Juanenea; eta Kemen Aldabe eta Xabier Azpiroz. Iazkoaren aldean, bi dira berritasunak: Zubiri eta Aldabe. Zubirik Endika Barrenetxearen tokia beteko du, hark aitatasun baimena hartuko baitu. Aldabe, berriz, Javier Urrizaren ordez arituko da, hark erretiroa hartu baitzuen udan. Ezkurra II.ak eta Azpirozek irabazi zuten iaz txapela, baina aurten ez dira elkarrekin ariko.Â
Lau bikoteek bitan neurtuko dituzte indarrak elkarren aurka ligaxkan. Hala, bederatzi jardunaldi izango dira fase horretan, eta egun hauetan jokatuko dituzte: larunbatean, azaroaren 1ean, 7an, 15ean, 22an eta 29an, eta abenduaren 6an, 13an eta 20an. Bi partida hauek jokatuko dituzte lehen jardunaldian, larunbatean, 16:30ean hasita: Jabalera —Segurola ordezkatuko du, hura min hartuta baitago— eta Juanenea, Ansa II.aren eta Zubiriren aurka; eta Ezkurra II.a eta Larrañaga, Aldaberen eta Azpirozen kontra.
Partidak set formatuan jokatuko dituzte: lehen biak hamabost tantora izango dira, eta hirugarrena, beharko balitz, zortzira jokatuko lukete. Bi setean irabazten duenak lau puntu batuko ditu; 2-1 irabazten duenak, hiru; galdu baina set bat irabazten duenak, puntu bat; bi setetan galtzen duenak, bat ere ez; azkenik, bi setean galdu eta hamabost tantora iristen ez denari puntu bat kenduko diote. Puntu gehien lortzen duen bikotea finalerako sailkatuko da, eta bigarrenak eta hirugarrenak finalerdia jokatuko dute, abenduaren 27an. Finala urtarrilaren 3an izango da. Galarretan izango dira partida guztiak.
Lehiaketa sistema eta egutegi bera izango ditu Bigarren Mailakoak. Hartan ere lau bikote arituko dira, iaz baino bat gutxiago. Hauek izango dira: Julen Deskarga eta Ibai Martirena; Paulo eta Aitor Aiestaran; Urtzi Gurrutxaga eta Aritz Eskudero; eta Ander eta Joseba Goikoetxea. Deskargak azaroaren 7an egingo du debuta;Â 20 urte ditu, eta Hernanikoa da (Gipuzkoa).
BIKOTEAK
Lehen Mailakoak: Ansa II.a eta Zubiri; Ezkurra II.a eta Larrañaga; Segurola eta Juanenea, eta Aldabe eta Azpiroz.
Bigarren Mailakoak: Deskarga eta Martirena; Aiestaran VII.a eta Aiestaran VI.a; Gurrutxaga eta Eskudero, eta Goikoetxea V.a eta Goikotxea VI.a.
LEHIAKETA SISTEMA
Ligaxka: Lehen eta Bigarren Mailan, lau bikoteek bitan jokatuko dute elkarren aurka, eta lehen sailkatua finalera igaroko da. Bederatzi jardunaldi jokatuko dituzte: larunbatean, azaroaren 1ean, 7an, 15ean, 22an eta 29an, eta abenduaren 6an, 13an eta 20an.
Finalerdia: Ligaxka bakoitzeko bigarren eta hirugarren sailkatuek jokatuko dute, abenduaren 27an.
Finala: Ligaxkako lehen bikoteak eta finalerdiaren irabazleak jokatuko dute, urtarrilaren 3an.