Erremontea

Txapelaren azpian, pertsona

Galarretako harmailak lepo zeudela esan dio agur erremonteari Javier Urrizak. Azken partida ere irabazi egin du, baina, emaitzak gorabehera, haren izateko era eta jatortasuna goraipatu dituzte ingurukoek.

Javier Urriza. MAIALEN ANDRES / FOKU
Javier Urriza, txapelarekin, Galarreta bete duten ikusleei eskerrak ematen. MAIALEN ANDRES / FOKU
jon eskudero
Hernani
2025eko ekainaren 28a
20:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Emozioz beterik eta malkoei eutsi ezinda esan dio agur erremonteari Javier Urrizak, Hernaniko Galarreta pilotalekuan (Gipuzkoa). 1.213 partida jokatu eta hogeita hamar txapel lortu ondoren, nafarrak azkenekoz jantzi ditu gaur galtza zuriak, eta ez du jarraitzaileen maitasunik falta izan. Gainezka egin dute harmailek, eta egun berezietako giroa nagusitu da. Kanpoan giro sargoria izan arren, zaleengandik jaso du beroa Urrizak, eta, gehienetan bezala, agurrean ere irabazi egin du. Bi joko eta huts nagusitu dira Xabier Azpiroz eta biak, Kemen Aldabe eta Endika Barrenetxearen aurka (15-12 eta 15-12). Baina emaitza izan da gutxienekoa. Mito handi bati agur esan dio erremonteak, eta pozez amaitu du eguna protagonistak. «Oso urduri egon naiz, eta nostalgiko. Atzera begira jarrita, ez nuen uste halako lorpenak erdietsiko nituenik, baina, hala ere, jendearen beroa izan da jaso dudan txapelik ederrena. Emozionatuta nago, eta esker hitz denak motz geratzen zaizkit».

Hemezortzi urteko ibilbidean, hainbat bizipen hunkigarri izan ditu Urrizak, eta gaurko jaialdia ere halakoa izan da. Dena den, familiak oparitu dion txapel baten azpitik hitz eginez, Urrizak berak hunkitu ditu hainbat eta hainbat jarraitzaile ekitaldiaren amaieran. Paper bat eskuetan harturik, euskaraz egin ditu azken hitzak, bere ibilbidean lehenengo aldiz. «Erremontea kultura da, gure ondarea, eta hemendik eskatzen dut lanean jarraitzeko pilotak bizirik iraun dezan. Oso pozik nago, eskertuta, eta bihotzean eramango zaituztet zale guztiok. Bihotzetik eskatzen dizuet jarrai dezazuela pilotalekuak betetzen. Gora Oriamendi, eta gora erremontea». Zale askok isuri dituzte malkoak, ekitaldiak orduan jo baitu puntaren punta.

Hori bai, eguerdirako nabaritu da zerbait berezia Galarretaren inguruan. Aparkalekuak gainezka egin du berehala, eta autobusak ere iritsi dira Iruñe aldetik. Familiartekoak eta lagunak harmailetan izan dira; besteak beste, Urrizaren bi arrebek ez dute azken partida huts egin nahi izan. Familian egun gorabeheratsuak bizi dituzte aspaldian, ama galdu berri dute eta. Urrizak aitortu du amari eskaini nahi ziola azken garaipena, eta horregatik ere pozik dagoela. Pozik, eta hunkituta, opariak bata bestearen atzetik jaso baititu. Dantza emanaldia eskaini diote Aukeran dantza taldeko kideek, Oriamendi enpresako kideek eta arduradunek sinatutako elastiko bat oparitu diote, eta familiak harrera egin dio: horrexek emozionatu du gehien pilotaria. Sebastian Lizasok, berriz, hala adierazi dio bertso batean, habanera doinuan: «Izar jaio zinen eta, jada historia zarenez; garbi jokatzen jarraitu, nahiz eta txuriz jantzi ez».

Senideak ez ezik, ohiko pilotazaleak ere bildu dira Galarretan, tartean Maitena Segurola. Nekez galdu ohi du erremonte partidarik, eta aitortu du Urrizaren hutsunea sumatuko duela aurrerantzean. «Nik ezagutu dudan erremontistatik onena izan da Urriza. Egia da beste hainbat ere bikainak izan direla urteetan, baina Urrizaren partidetan ziurtatua izaten da ikuskizuna. Nik neuk erremontista profesionala dut anaia, eta hark esanda badakit pertsona zoragarria dela. Beti egoten da laguntzeko prest, eta kirolaria bai, baina batez ere pertsona da. Horrek balio are handiagoa ematen dio haren ibilbideari». Hitz horiek hainbatek berretsi dituzte gaur. Joxemari Barrenetxea Oriamendiko zuzendariak, esaterako. «Erremontista bikain bat joango zaigu, baina, batez ere, pertsona zoragarri bat. Aldageletan nabarituko dugu gehienbat haren hutsunea».

43 urterekin, «sasoiko»

Oriamendiko kideak ez ezik, erremontean aritutako hainbat pilotari ohi ere elkartu dira Urrizaren agurraren aitzakian. Mexikotik Euskal Herrira etortzekoa zen Miguel Mari Urrutia uda partean, eta bidaia aurreratu du lagunaren agur partidan egon ahal izateko. «Okasioak hala eskatzen zuen, eta ez nuen birritan pentsatu. Ordu asko igaroak gara elkarrekin, eta partida honetan egon beharra nuela sentitzen nuen. Lagun handiak gara Urriza eta biok, eta, Mexikon bizi naizen arren, eusten diogu harremanari. Pilotari aparta izan da, eta kostako da halako beste bat sortzea». Urrutiak bezala, Koteto Ezkurrak ere goraipatu egin du nafarraren ibilia. «Gogoan dut pala mundutik nola iritsi zen guregana, eta erremontean hasi eta urtebete pasatu baino lehen binakako txapeldun izan zela. Zur eta lur utzi gintuen guztiok. Ahal ikaragarria zuen, fisikoki besteok baino ahaltsuagoa zen, eta 43 urte bete arte sasoiari eutsi dio. Txapeldun handi bat joango zaigu».

Erremontetik urrun, pilotaren beste modalitateetako ikurrik handienak ere izan dira Galarretan: Jokin Altuna eta Aritz Erkiaga, besteak beste. Altuna III.ak gertukoa izan du erremontea, haren osabetako bi profesionaletan aritu baitziren urte luzez. Goraipatu egin du Urrizaren ibilia: «Badakit modalitate honetan ongi jokatzea zein zaila den, eta harrigarria egiten zait 25 urterekin palatik erremonterako jauzia egin eta hain ongi jokatu izana. Dena den, esan didatenez kirolari gisa baino are hobea da Urriza pertsona gisa, eta horixe hartuko dut gogoan. Gustatuko litzaidake ni ere horregatik oroitua izatea, lortutako txapelengatik baino gehiago». Zesta-puntako ikurrak ere hitz dotoreak izan ditu nafarrarentzat. Erkiaga: «44 urte egingo ditu aurten, eta harritzekoa da zer-nolako abiadurarekin ateratzen zaion pilota eskuin besotik. Gainera, entrenatzeko Iruñetik Galarretara etortzea bada zerbait, kirola maite duen seinale. Haren falta sumatuko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.