Saskibaloia

IDK Gipuzkoak ezustekoa eman nahi du Espainiako Kopan

Gipuzkoako taldeak gaur jokatuko du final-laurdenetako partida, Zaragozaren aurka. Espainiako taldea lehen postuan dago ligan, baina IDK-ko jokalari Roso Buchek nabarmendu du bolada ona dutela eta ondo lehiatzeko gai direla.

Roso Buch saskiratze bat egiten ahalegintzen, Araskiren aurkako partidan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Roso Buch baloia saskian sartzen ahalegintzen, Araskiren aurkako partidan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
2026ko martxoaren 26a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

IDK Euskotren Tarragonan da atzotik. Donostiako taldeak egonaldia ahalik eta luzeena izan dadila nahi du, horrek esan nahiko lukeelako Espainiako Kopako azken fasean aurrera egin duela. Gaurtik igandera jokatuko da, eta donostiarrek final-laurdenetako kanporaketan izango duten aurkaria ez da nolanahikoa: Zaragoza, ligako lehen postuan dagoen taldea. Gaur jokatuko dute neurketa (18:00, Tdp), eta txapelketako lehena izango da. Donostiarrek irabazi egin dituzte ligan jokatu dituzten azken bi partidak: kanpoan, Kanaria Handiaren kontra, eta etxean, Ferrolen aurka. Hala, konfiantzaz helduko diote Kopari. Hori nabarmendu du Roso Buch jokalariak (Mataro, Herrialde Katalanak, 1992). Buchek bigarren denboraldia du IDKn, eta azken bi garaipenen garrantzia azpimarratu du: «Bi garaipen horiei esker, titulurako kanporaketetako postuei begira jarri gara, eta azpikoak atzean utzi ditugu. Dinamika onean gaude». Garaipen bakarrera dituzte titulurako kanporaketak jokatzeko postuak.  

Konfiantzaz ez ezik, presiorik gabe eta ondo lehiatzeko helburuz irtengo dira gaurko partidara. «Zaragoza Espainiako Kopa irabazteko faborito nagusia da. Baina norgehiagoka borrokatzen saiatuko gara». Ligan, IDK-k galdu egin ditu Zaragozaren aurka jokatu dituen bi partidak: 52-46 eta 73-83. Buchek porrot horietatik ateratako ondorioen inguruan jardun du: «Ondo lehiatu ginen. Zaragozan aurretik joan ginen norgehiagoka osoan, baina haiek buelta eman zioten partidari. Azken laurdenean ondo jokatu zuten. Etxean jokatutako partidan, berriz, markagailuan parean izan ginen oro har, baina hirugarren laurdenetik aurrera, gehiago izan ziren». 

«Beldurrik gabe irtetea garrantzitsua izango da. Espainiako Kopa lehiaketa berezia da, eta badakigu edozer gerta daitekeela. Plan bat dugu norgehiagoka jokatzeko, eta plan hori argi izan behar dugu»

Roso Buch  IDK Gipuzkoako jokalaria

Carlos Canterok zuzentzen duen taldeak otsailaren 8tik dabil partidarik galdu gabe, eta jokalari erabakigarriak ditu: Aminata Gueye, Helena Pueyo, Angelique Fingall. Horrelako talde bati aurre egitea ez da erraza, eta Buchek hori nola egingo duten azaldu du: «Beldurrik gabe irtetea garrantzitsua izango da. Espainiako Kopa lehiaketa berezia da, eta badakigu edozer gertatu daitekeela. Plan bat dugu norgehiagoka jokatzeko, eta plan hori argi izan behar dugu». Beste gako batzuk ere aipatu ditu. «Partida osoan zehar kontzentratuta egon behar dugu; izan ere, Zaragozak baliatu egiten ditu aurkariak egiten dituen huts txikiak. Zehatzak izan behar dugu, eta fin ibili beharko dugu erasoan zein defentsan». 

Zaragoza batez beste puntu gehien sartzen dituen bigarren taldea da ligan: 78,9. IDK-k erakutsi du gai dela gaurko aurkariaren kontra defentsan ondo aritzeko. Izan ere, aipatu bezala, denboraldi honetan Zaragozan jokatu zuten partidan 52 puntu baino ez zituzten jaso. Erasoan, ordea, Azu Muguruzaren taldeak hobeto aritu beharko du. 66 puntu sartzen ditu batez beste partidako, eta puntu kopuru horrekin zaila izango da garaipena lortzea.

Gaur egun taldean dauden jokalarien artean, hiruk irabazia dute Kopa: Lara Gonzalezek, Maria Eraunzetamurgilek eta Buchek berak. 2016an irabazi zuen, Conquerorekin. Aurreko denboraldian ez zen bertan izan, baina aurretik bederatzi denboraldi egin zituen segidan. «Itzultzeak motibatu egiten nau».

Gorabeherak ligan

Kopa jokatzea liga hasieran egin zuten lan onaren saria izan da. Baina Donostiako taldea denboraldi gorabeheratsua egiten ari da. Lehen zazpi partidetatik sei irabazi zituen. Baina ondoren bolada oso txarra izan zuen, hurrengo hamabi partidetatik bakarra irabazi baitzuen. «Zaila da hori guztia kudeatzea, baina, era berean, badakigu talde ona garela adi bagaude eta bete-betean aritzen bagara». Bolada txarretan Azu Muguruza teknikariaren lana zeinen garrantzitsua den berretsi du. Muguruzak 33 urte daramatza klubean. Ondo ulertzen ditu klubaren esanahia eta nortasuna, eta ez zuen etsi: «Bideo asko ikusi genituen, eta entrenamenduetan gauzak aldatzen saiatu ginen». Emaitzetatik harago, Buch gustura da Donostian: «Euskal Herria ezagutzen nuen, hona etorri aurretik lau urtez aritu bainintzen Lointek Gernikan. Luxu hutsa da hemen bizitzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA