IDK: Lara Gonzalezek ezarritako erritmoan

Donostiako taldeak bikain ekin dio denboraldiari: jokatutako lau partidetatik hiru irabazi ditu. Lara Gonzalez zuhur mintzatu da, hala ere: «Ez dugu burua galdu eta epe luzera begiratu behar. Orainean izan behar dugu arreta».

Lara Gonzalez IDK-ko jokalaria, Gaskan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Lara Gonzalez IDK-ko jokalaria, Gaskan. ANDONI CANELLADA / FOKU
ainara arratibel gascon
2025eko urriaren 31
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

IDK-k azken partidako azken jokaldian lortu zuen kategoriari eustea joan den denboraldian. Gertu izan zuen amildegia. Denboraldi honetan, ordea, gauzak oso bestela daude. Beltzetik zurira pasatu da egoera. Azu Muguruzak zuzentzen duen taldeak bikain ekin dio denboraldiari: jokatutako lau partidetatik hiru irabazi, eta sailkapenaren goialdean dago. Igandean balentria egin zuen Perfumerias Avenida taldearen pabiloian, 57-65 gailenduta. Donostiarrek lehen aldiz irabazi zuten bertan. Sasoia hala hasteagatik «oso pozik eta gustura» daudela esan du Lara Gonzalezek. 

Baina kapitainak, joko antolatzaile izanik, hemendik aurrerako bide orriak zein izan behar duen zehaztu du: «Denboraldiaurreko lehen partida irabazi egin genuen, eta, amaitzean, oso pozik ginen. Baina Rusori [Buch] argi esan nion: 'Irabaztea oso ondo dago, eta ni neu pozez kabitu ezinik nago. Baina oinak lurrean izan behar ditugu, are gehiago kontuan hartuta joan den denboraldian nola ibili ginen'». Hala, ez du helbururik jarri nahi izan etorkizunari begira: «Egunerokoan gogotik lan egin, eta abenduan ikusiko dugu Koparako sailkatzeko borrokatu gaitezkeen». Argi du: «Ezin gara epe luzera pentsatzen hasi, ezta burua galduta ibili ere, horren ondo hasi garelako». Nabarmendu du iragan sasoian «asko» ikasi zutela arlo horretan: «Nik, behintzat, argi ikusi nuen. Etorkizunari erreparatzea alferrik da. Hori egiteak denbora eta indarra kentzen dizkizu orainean arreta jartzeko»

«Multzoak beti du buruan hobetzea eta ikastea. Denboraldiaurreko lana ikusita, susmoa nuen ondo has gintezkeela»

 LARA GONZALEZIDK-ko jokalaria

Perfumerias Avenidaren aurka irabazi izanak «oso sentipen onak» piztu zizkien. «Oso talde ona da, baina denboraldia gorabeheratsu hasi du: Gasteizen galdu egin zuten, Araskiren aurka;  Kanaria Handiari, berriz, puntu baten aldeaz irabazi zioten, gurekin jokatu aurretik. Halakoetan, konturatzen zara posible dela, eta itxaropen apur bat izaten duzu. Gainera, denboraldi hasieratik ikusi da liga oso parekatua dagoela. Girona ez beste talde guztiak menderatzeko modukoak dira».

Zein izan zen irabazteko gakoa? Hauxe kapitainaren erantzuna: «IDK beti nabarmendu izan da defentsako lanean. Gainera, atzetik ibili arren, talde borrokalaria izan da beti: ez du amore ematen. Joan den denboraldian hori falta izan zitzaigun. Perfumerias Avenidaren kontra, berriz, haiek partida haustear egon zirenean, eutsi egin genien, eta lehiakor izan ginen. Horri esker, emaitza irauli genuen». 

Gonzalezen ustez, garaipenak are balio handiagoa du, aurretik etxean irabazitako bi partidak kontuan hartuta. «Joan den denboraldian, ez ginen batere ondo aritu etxean. Garaipenak lortu genituen goian zeuden taldeen kontra, baina lehia asko galdu genituen gure pareko eta azpiko taldeen aurka». Haren ustez, hori da denboraldi honetan aldatu behar dituzten gauzetako bat. «Etxean sendo jardun behar dugu».

Fitxatu berrien jarrera

Taldea guztiz berria da ia, eta Gonzalezek txalotu egin du jokalari fitxatu berrien lanerako jarrera: «Oso langileak dira, eta amaiera arte ez dute amore ematen. Multzoak beti du buruan hobetzea eta ikastea. Gazteenak kezkatu egiten dira zerbait ondo egiten ez badute». Pazientzia izan dezatela eskatzen die Gonzalezek: «Egokitu egin behar dute jokatzeko erara, erritmora, epaileen erabakietara... Joan den denboraldian ez nuen halako jarrerarik ikusten, eta eskertzen da aldaketa hori. Denboraldiaurreko lana ikusita, susmoa nuen ondo has gintezkeela».

Bestalde, multzoaren indarra azpimarratu du: «Ez daukagu besteen gainetik nabarmentzen den jokalaririk. Partida bakoitzean jokalari bat izan daiteke erabakigarria. Hori ona da, aurkariek adiago egon behar baitute». Azken partidetan jokalari batek baino gehiagok sartu dituzte hamar puntutik gora: «Horrekin asko duzu irabazita». Perfumerias Avenidaren kontra, Roso Bouchek hemeretzi puntu sartu zituen, eta Khadija Fayek hamabi. «Roso oso laguna dut, eta asko poztu nintzen nola jokatu zuen ikusita. Izan ere, gorabeherak izaten ari zen. Esan nion horrela jarraitu behar duela, asko ematen digulako». Uste du «aurrerapausorik handiena» defentsan eman dutela orain arte. «Denboraldiaurrean izan genituen hainbat arazo konpontzea lortu dugu, eta horrek modua eman digu sendoago aritzeko. Gainera, erasoan lasaiago aritu gaitezke, eta asko eskertzen da jaurtiketak egiteko orduan». 

Pozik dago denboraldi honetan egiten ari den lanarekin: «Lehen, horren inguruan hitz egitean, datuei erreparatzen nien. Horren arabera analizatzen nuen nire lana. Baina, urteak aurrera joan ahala, hori aldatuz doa. Orain, taldearen jokoari erreparatzen diot. Joko antolatzaile naizenez, taldeak nahi duen horren arabera jokatzea da nire egitekoa, eta uste dut lortzen ari naizela». Itziar Ariztimuñorekin partekatzen du denboraldi honetan joko antolatzaile postua. «Aspalditik ezagutzen dugu elkar. Bakoitzak bere jokatzeko era dauka. Ni, agian, biziagoa naiz jokatzen, eta Itziarrek pazientzia handiagoa du». Ontziko beste lemazaina, Azu Muguruza, «ondo» ikusten du. «Lanean ondo ari garela ikusten du, eta, batzuetan izan ezik, lasai ikusten dut».

Hurrengo neurketa etzi jokatuko dute, Jairisen pabiloian. Alcantarillako taldeak (Murtzia, Espainia) ezustea eman zuen joan den sasoian. Espainiako Kopa irabazi, eta ligako kanporaketetarako sailkatu zen. Denboraldi honetan ere goian egoteko moduko taldea osatu dute. «Hegaletatik oso jaurtitzaile trebeak dituzte, eta, horrela, min handia egiten diete aurkariei». Adi egon beharko dutelakoan dago. «Gainera, gu oso ondo ezagutzen gaituen jokalari bat daukate: Alba Prieto. Espero dugu egunik onena ez izatea, oso jokalari treba baita».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.