Reyes Karrere. Bera Berako entrenatzailea

«Igandeko finalean egotea izango da guretzat erronka nagusia»

Atzo abiatu ziren Bera Berako kideak Danimarkarantz, Txapeldunen Ligarako sailkatzeko fasean aritzeko. Finalerdian Poloniako Vistal Laczpol Gdynia taldea izanen dute aurkari donostiarrek. Norgehiagoka hori irabaztea da Reyes Karrereren lehen helburua.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Denboraldia ederki hasi da Bera Berarentzat. Espainiako Superkopa irabazi dute donostiarrek, eta ligan lehen postuan dira, partida guztiak irabazita. Bihar, bertze erronka bati eginen dio aurre Reyes Karrereren taldeak (Errenteria, Gipuzkoa, 1966). Txapeldunen Ligan debuta egiteko aukera izanen du Bera Berak, lehiaketa horretarako sailkatzeko fasean ariko baita. Finalerdia jokatuko du bihar, igandeko finalean egoteko txartela eskuratzeko asmo bakarrarekin. Pozik da Karrere orain arte egindakoarekin, baina hobetzeko tartea badu taldeak oraindik, haren ustez. Vistal Laczpol Gdyniaren aurkako partidan dena emateko prest da.

Txapeldunen Ligarako sailkatzeko lehen partida jokatuko duzue bihar. Zer sentitzen duzu?

Ongi sentitzen naiz. Azken partidak irabazi egin ditugu, eta lehia politak izan dira. Zuzendu beharreko gauzak zuzentzen ari gara. Bihar ikusiko dugu zer gertatzen den, baina pozik gaude.

Urduri ere bai?

Ez, ez nuke esango urduri gaudenik. Europan beti beste tentsio bat sentitzen da. Arduraz egingo diogu aurre partidari, baina ez urduri. Lana taxuz egin behar dugula badakigu, eta lan hori egiteko erantzukizuna geure gain hartzen dugu.

Jokalariak pistara ateratzeko gogoz izango dira, noski.

Bai. Txapeldunen Liga izan da Bera Beraren helburua azken urteotan, eta iritsi da jokatzeko momentua. Viborg taldearen etxean ariko gara, gainera, eta hori ere berezia da taldearentzat.

Zer moduz daude jokalariak? Sasoi betean?

Ondo. Olinpiar Jokoak daudenean denboraldi-aurrea beti izaten da arraro samarra. Selekzioarekin aritu dira hainbat jokalari eta horrek beti sortzen du nekea. Hala ere, taldea ondo dagoela uste dut. Partida irabazten badugu, taldea primeran dagoela esango dugu. Galtzen badugu, ez hainbeste. Dugun taldea dugu, eta aurrera egin behar dugu.

Liga hagitz ongi hasi duzue, jokatutako partida guztiak irabazita. Horrek ere emanen dizue Txapeldunen Ligako erronkari indar handiagoz aurre egiteko indarra, ezta?

Bai. Denboraldia Espainiako Superkopa irabaziz hasi dugu, eta ligako orain arteko hiru partidak irabazi egin ditugu; pozik gaude. Hala ere, taldeak badaki oraindik hobetzeko aukera baduela. Eta hori lortzeko egin behar dugu lan.

Zertan egin behar du hobera Bera Berak, zure ustez?

Uste dut oraindik denbora behar dugula jokalari berriak taldera egokitzeko. Bizpahiru hilabete behar izaten dute ondo moldatzeko. Joan den denboraldiko taldearekin alderatuta, bestalde, zentimetroak galdu ditugu, eta rolak beste era batera banatu behar izan ditugu. Lehendik zeuden jokalari gazteak jada ez dira hain gazteak, eta rolak aldatzen dira. Aldaketa horiek guztiak egiteko, denbora pixka bat behar izaten da.

Poloniako Vistal Laczpol Gdynia taldearen aurka ariko zarete sailkatze faseko finalerdietan. Zer dakizue aurkariari buruz?

Ligan gure antzera daude. Sailkapeneko lehen postuan dira, partida guztiak irabazita. Talde ona da, pisu handikoa.

Bada faboritorik?

Ikusiko dugu, baina nik uste dut lehen partida irabazi egin behar dugula. Txapelketa bateko estreinako partidak beti dira zailak, eta gauza asko gerta daitezke. Baina lortzen badugu kontzentratzea eta partidan erabat sartzea, Txapeldunen Ligan aritzeko aukera jokoan dela jakiteak eragiten duen presioa bazter utzita, irabazteko aukera dugula uste dut. Hutsak egiten baditugu, zeresan handia izango dute, eta huts horiek bazter uzteko gaitasunik badugun edo ez ere garrantzitsua izango da. Aurrera egitea lortzen badugu, partida gurea izango da. Ondo defendatu eta gure erritmoari eustea izango da kontua. Horiek dira gure ezaugarriak, eta haiei eutsi beharko diegu; ezin ditugu galdu.

Viborg [Danimarka] eta Bruhl [Suitza] ariko dira bertze finalerdian. Horretan faborito argiagoa da Viborg, ezta?

Bai. Sekulako ezustea litzateke Viborg finalean ez sartzea. Bien artean alde handia dago.

Finalean sartuz gero, beraz, Viborg izanen duzue, ziurrenik, aurkari. Zaila?

Zaila da horri buruz pentsatzea. Lehen partida irabazi behar dugu finalean egoteko, eta hori da garrantzitsuena. Niretzat partida hori da inportantena. Ezin dugu deus gorde bigarren partidarako; dena eman behar dugu lehenengoan. Finalean sartzen bagara, Viborg izango da faboritoa.

Viborgek du finalerako sailkatu eta irabazteko aukera gehien?

Bai. Nik uste dut baietz.

Eta Bera Berak zer aukera du?

Gure erronka nagusia igandekofinalean egotea da. Finalean bagaude, Viborg mendean hartzen saiatzea izango da gure hurrengo helburua. Zaila izango da.

Txapeldunen Ligarako ez sailkatzea kolpe gogorra izanen litzateke?

Ez. Hor gaude, Txapeldunen Ligan aritzeko aukera dugu, eta hori lortzeko borrokatzea da kontua. Argi dugu ez dugula Txapeldunen Ligako finalerdietara ailegatzeko talderik. Ez dugu horretarako diseinatu. Diru sarrerak kontuan hartuta diseinatutako taldea da gurea; orekatua.

Liga izanen da helburu nagusia zuentzat Europatik at?

Bai. Liga irabazteko lehian sartu behar dugula argi dugu. Hori da helburua. Hori da gure konpromisoa.

Zuek zarete faborito?

Nik uste dut baietz. Baina ez da erraza izango.

Txapeldunen Ligatik at geldituz gero ere, Errekopa jokatuko zenukete.

Bai, eta txapelketa polita eta interesgarria da guretzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.