Pilotan 22 tantoraino heldu arte ez da irabazten, eta hori gogorarazi diete gaur Agoizko Toki Eder pilotalekuan Erik Jakari eta Martxel Iztuetari. Neurketa hasieran 15-4 hartu dute aurrea; pixkanaka, ordea, tartea murriztea lortu dute Larrazabalek eta Mariezkurrena II.ak, eta 21-15 joan arren ez dute amore eman. 21-21 berdintzera heldu dira, baina Jakaren bolea batek eman die, azkenean, Binakako Txapelketako lehen puntua gorriei.
Lehen tantoetan ezinean aritu da bikote urdina. Elkar ulertzeko zailtasunak izan dituzte, eta bikain baliatu du hori Jakak, min egiteko. Txapelketako lehen jardunaldiaren gaitzak. Mariezkurrena ez zebilen fin, eta Larrazabal erraztasunak ematen ari zen Jakari, hark tantoak amaitzeko.
15-4 hartu dute aurrea gorriek, baina zenbait akats egin dituzte une horretan, eta urdinei partidan sartzen utzi diete. Mariezkurrenari bereziki; atzelariak hartu du iniziatiba, eta Iztueta baino gehiago izan da amaierara bitarte, partidaren bigarren zati ikusgarria jokatuta. Iztueta oso ondo aritu da hasieran, baina luze egin zaio partida. Urdinek 0-8eko partziala egin dute (15-12).
Ikusi gehiago
Larrazabali, ordea, Mariezkurrenari baino gehiago kosta zaio partidan sartzea; haren zenbait akatsek markagailuan ihes egitea ahabidetu diete Jakari eta Iztuetari (21-15).Â
Jakak txapara bidali du ezker gantxo bat, sakea berreskuratu dute urdinek, eta orduantxe hasi da esnatzen Larrazabal. Nabarmentzekoa izan da azken aurreko tantoa; ezinean ari zen Iztueta, baina hala ere defentsan lan ona egin du, eta urdinek 67 pilotakada behar izan dituzte tantoa egiteko. Dena alde zutenean, ordea, Jakak asmatu du partidua ixten. Amorruz ospatu dute garaipena Iztuetak eta biek.