Surflaria

Nadia Erostarbe: «Ikasteko eta ondo lehiatzeko gogoz helduko diot WCT zirkuituari»

Erostarbe lehen aldiz lehiatu da zirkuitu osoan, eta baikor dago: «Buruz eta fisikoki ondo nago. Ondo egokitu naiz taula berrietara, eta horrek konfiantza handia ematen dit». Datorren urtean onenekin lehiatzen jarraitzea du helburu.

Nadia Erostarbe surflaria. FAZRY ISMAIL/EFE
FAZRY ISMAI /EFE
ainara arratibel gascon
2026ko martxoaren 31
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nadia Erostarbe surflariak (Zarautz, Gipuzkoa, 2000) sufrituta lortu zuen WCT zirkuituan —surfaren zirkuitu gorenean— aritzeko sailkatzea. Eskura zuen, baina hutsegite baten ondorioz lehen egunean kanporatua geratu zen sailkatzeko azken proban. Aurkariek ez zuten baliatu, eta gaur bertan lehiatzen hasiko da. Orain gozatu egin nahi du. «Olatu gehienak berriak izango dira, eta errespetua diet, baina ikaragarria da aukera hau izatea», adierazi du.

Nola barneratu duzu WCT zirkuituan aritzeko aukera?

Azken bi urteetan gertu izan nuen sailkatzea, eta behin lortuta, gainetik zama bat kendu dudala sentitzen dut, arantza bat atera dudala. Aske naiz. Oso pozik eta zoriontsu nago.

Eskura zenuen sailkapena, baina lehen kanporaketan kanpoan geratu eta gero, berriro ere ez zenuela lortuko uste zenuen?

Kanpoan geratuta, hiru egun itxaron behar izan nuen sailkatua nengoela ziurtatzeko. Nire aurkari zuzenetako batek huts egitea behar zuen. Gaizki pasatu nuen, eta ez nuen ia lorik egin. Zera uste nuen: ez nuela sailkatzea lortuko. Gainera, nire kanporaketan egindako hutsa buruan nuen etengabe. Hori dela eta, behin proba amaituta, oso pozik nengoen, baina aldi berean oso nekatuta.

Huts hori sailkatzeko zama zenuelako egin zenuela uste al duzu?

Aurreko bi probak Brasilen eta Portugalen jokatu genituen, eta hor ez nintzen gustura aritu. Hain gertu izanda, ez sailkatzeko beldurra nuen. Beldur horrek energia kendu zidan uretan aritzeko. Baina psikologoarekin lanketa handi bat egin eta gero, buruz indartsu iritsi nintzen azken probara. Surfean aritzeko baldintzak ez ziren onak, baina konfiantzaz eta gogotsu aritu nintzen kanporaketa guztian, eta teknikoki eta taktikoki ere ondo ikusi nuen neure burua. Baina azken minutuan huts egin nuen. Lehentasuna nuen olatu bat ez hartzea erabaki nuen, uste nuelako hirugarren zihoan surflariak puntu asko behar zituela nire aurretik. Ez zen horrela, ordea, eta ederki baliatu zuen. 

Gaur jokatuko duzu zirkuituko lehen proba, Bells Beachen, Australian. Nola zaude? Zer helbururekin helduko diozu erronka berriari?

Neure burua ondo ikusten dut. Hilabeteak dira ez dudala neure burua hain ondo ikusi bai buruz, bai fisikoki, bai teknikoki. Taula berrietara ere ondo egokitu naiz, eta horrek konfiantza handia ematen dit. Baina, bestalde, surfean ariko naizen olatu gehienak berriak dira, eta, beraz, gauza asko landu beharko ditut. Baina ondo lehiatzeko eta asko ikasteko helburuarekin helduko diot zirkuituari. Munduko surflaririk onenekin lehiatuko naiz, eta horrek hobetzen eta hazten lagunduko didala uste dut. 

Eta emaitzei erreparatuta, zer helburu duzu?

Zirkuituan mantentzea da helburua, hau da, hamalau onenen artean geratzea. Zirkuituko proba bat irabaztea, berriz, ametsa izango litzateke. 

Hor jarraitzeko zein da gakoa?

Erregularra izatea, bai emaitzetan, bai surfean aritzeko garaian. Oholak ondo aukeratzea eta olatuak hartzeko garaian pazientzia izatea erabakigarria izango da. Oholekin zortea daukat, hemengo [Australiako] enpresa batek egiten dizkidalako. Sailkatu bezain laster, haiekin bildu nintzen, eta plangintza bat egin genuen proba bakoitzean erabili beharreko oholekin. Oso gustura nago daukadan ohol multzoarekin, baldintza desberdinetara egokitzen baitira, eta eroso nagoelako haiekin. Adibidez, Euskal Herritik hamabi ekarri ditut, eta hemen beste zazpi egin dizkidate. 

Beldurra ez, baina ba al dago errespetua diozun olaturik?

Bai, noski. Denei heldu behar diezu errespetuz, gehienak olatu oso handiak baitira. Baina bi aipatuko ditut: Tahitiko Teahupo'o eta Fijiko Cloudbreak. Dena den, horietan ere aritzeko irrikaz nago. 

Halako olatuak izanda, eta onenekin lehiatuta, emaitza onak lortzeko arrisku gehiago hartu beharko dituzula uste duzu?

Ez dut uste hori egin behar dudanik. Esan bezala, pazientzia izan behar dut, eta nik surf egiteko dudan modura ondoen egokitzen diren olatuak hartu. Horrek nire benetako maila erakusten lagunduko dit. Hain zuzen ere, hori da askotan gehien kostatzen zaidana: pazientzia izatea olatua aukeratzeko. Aukeraketa horretan ziurrago aritu behar dut.

«Pazientzia izan behar dut, eta nik surf egiteko dudan modura ondoen egokitzen diren olatuak hartu. Horrek nire benetako maila erakusten lagunduko dit»

Zertarako baliatu dituzu azken egunak?

Lehen pare bat egunetan atseden hartu nuen, eta lortutakoa barneratu. Ondoren, Snapper Rocksen egon nintzen. Hilabete barru han jokatuko dugu zirkuituko proba, eta bertako olatuan entrenatzen aritu nintzen. Orain, egun batzuk daramatzagu Bells Beachen, hemengo olatua hobeto ezagutzen. Batez ere kokapena da landu behar dudana, zirkuituan ondo aritzeko. 

Nolakoa da Bells Beacheko olatua?

Bi olatu ditu, eta itsasaldiaren arabera batean edo bestean jokatzen da proba. Bat gu ohituta gauden olatua da. Bestea, berriz, arrokara joaten da. Halakoetan, are garrantzitsuagoa da olatuak ondo aukeratzea, norabidearen arabera denak ez baitira onak. Azken hori landuz joan gara. 

Hamabi proba dira denera. Bakoitzak hamar egun iraun dezake, surfean aritzeko baldintzarik onenak dauden egunetan lehiatzea nahi dutelako. Zer iritzi duzu horretaz?

Izugarria da aukera hori izatea. Azken batean, ohiko lehiaketetan baino parte hartzaile gutxiago arituko gara zirkuituan, eta horrek aukera ematen du lehiatu ahal izateko egunak luzatu eta egunik onenetan aritzeko.

Hilabete batzuk emango dituzu etxetik urrun. Hori da gogorrena?

Bai. Uztailera arte ez naiz etxera bueltatuko. Etxekoak hemen egotea nahiko nuke, beti eskertzen baita haien babesa. Baina, behintzat, bikotekidea nirekin dago, eta hemen ere, Australian, Euskal Herriko jendea dago. Horietako batzuk surflariak dira, eta haiekin geratzeko ohitura izaten dut.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA