Iker Goñi da Euskadiko Futbol Federazioko presidente berria. Hark hartuko du Javier Landetaren tokia. Gaur egin dira hauteskundeak, eta 84 klubek zuten bozka emateko aukera. Goñik 42 boto jaso zituen, Aritz Hernandezek 20 eta Carlos Gomezek 18.
Goñi Getxokoa (Bizkaia) da, eta 42 urte ditu. Enpresen Zuzendaritzan eta Kudeaketan lizentziaduna da, eta Kirol Kudeaketan titulua du. Athleticen zuzendaritzan egon zen, Aitor Elizegirekin. Euskal selekzioaren ofizialtasunari bultzada berri bat eman nahi dio, eta dagokion tokian jarri. «Irudipena daukagu egin daitekeela orain arte egin dena baino gehiago. Garbi dago ofizialtasunaren sua itzaltzen joan dela azken urteetan, eta hori berreskuratzeko neurriak esku artean ditugu. Adibidez, mahai teknikoa sortuko genuke Eusko Jaurlaritzan klub profesionaletako ordezkari eta kapitainekin. Zeregin horretan badut esperientzia, Athleticen ni neu arduratzen bainintzen ofizialtasunaren gaiaz».
Beste neurri batzuk ere iragarri ditu «Lehenbiziko lana horretan sinestea da, Euskadiko Euskal Pilota Federazioak egin duen bezala. Daukagun informazioaren arabera, ofizialtasunaren bueltan mugitzen diren eragileekin elkartu den hautagaitza bakarra gara, eta ideia ona iruditzen zaigu merchandising-aren bidea jorratzea. 2030eko Munduko Kopa etxean antolatuko dugu, eta aukera bikaina dugu gure elastikoa estadioetan eta kaleetan berriro ikusteko».
Klubengandik gertuago dagoen federazio bat bultzatuko du: «Arreta hobea emango duena eta diru sarrera gehiago lortuko dituena. Garrantzitsua iruditzen zait klubei eguneroko lanean laguntzea. Urtebete honetan egindako bileretan ikusi dut kezka handia dagoela klub guztien barnean, eta jende ugari nekatuta dagoela. Ondorengorik ez egoteak gehiago areagotzen du haien kezka. Ohartarazi digute batez ere hiru arlotan nahi dutela laguntza: arlo ekonomikoan, klubetan lan egitera jende gehiago erakartzen eta denbora gehiago izaten».
Emakumeen futbola bultatzeko ondorengo neurriak ere proposatu ditu: «Emakumezkoen futbolak ez du zertan gizonezkoen egitura eta osaera kopiatu beharrik. Bere garapen propioa izan beharko luke. Luze gabe euskal ligetan epaile laguntzaileak edukitzea bermatu beharko genuke, eta luzera begira zera litzateke helburua: kadeteen euskal ligaren inguruan erabakiak hartzea eta hausnartzea, lurraldeetako agintariekin batera».