Euskal selekzioak lehen aldiz Munduko Euskal Pilota Txapelketa nagusi batean ofizialki parte hartzeak garrantzi berezia izan du, emaitza edozein dela ere, domina bat gora edo behera irabazi. Izan ere, jende askok argitan eta itzalpean egindako lan eta ahalegin nekaezinaren fruitua izan da, aspaldiko desioa gauzatzea, aspaldiko zor bat kitatzea, eta aspaldiko zentzugabekeria eta injustizia bati erreparazioa ematea. Horregatik, txapelketa jokatzea bera irabaztea izan da.
Hori guztia esanda, txapelketa batean ez da bakarrik parte hartzen, lehiatu egiten da, eta euskal selekzioa bikain lehiatu da Munduko Txapelketan. Irabazi dituen dominen kopurua da horren erakusle. Hamabi domina eskuratu ditu: urrezkoak lau, zilarrezkoak zazpi eta brontzezkoa bat. Onenen pare ibili da, hirugarren postuan sailkatu baita irabazitako dominen sailkapenean. Espainia eta Argentina, bakarrik izan ditu aurretik. Espainiak urrezko hiru domina gehiago irabazi ditu, eta Argentinak bakar bat gehiago. Horretan oso kontuan hartu behar da 22 modalitate jokatu dituztela Munduko Txapelketan, eta euskal selekzioa hamabostetan baino ez dela aritu. Hau da, parte hartu duen ia guztietan lehiatu da domina bat irabazteko.
Ez da harritzekoa euskal selekzioko kideak «oso pozik» egotea. «Ikusgarria da egin duguna. Helburu nagusia aurrenekoz Munduko Txapelketa nagusi batean parte hartzea zen. Behin hori eginda, ahalik eta ondoen aritu nahi genuen, eta ikusgarri aritu gara. Sekulakoa da lortu duguna. Historikoa da. Hamabost modalitatetan lehiatu gara, hamabitan domina irabazi dugu, eta beste batean, xarean, brontzezko domina nork irabazi erabakitzeko partida jokatu dugu. Azken unean gonbidatu gintuzten horretan aritzeko, eta 18 eta 20 urteko pilotariekin lehiatu gara. Egin dugunak esperantza ematen digu hurrengo Munduko Txapelketan dominen sailkapenean gailentzearekin amets egiteko», azaldu du Aitor Erauskin Euskadiko Euskal Pilota Federazioko kirol zuzendariak.
«Egin dugunak esperantza ematen digu hurrengo Munduko Txapelketan dominen sailkapenean gailentzearekin amets egiteko»
AITOR ERAUSKIN Euskadiko Euskal Pilota Federazioko kirol zuzendaria
Beti ahal da hobetu, eta Erauskinek esan du urrezko domina gehiago irabaz zezaketela. «11 final jokatu ditugu: lau irabazi ditugu, eta zazpi galdu. Galdu ditugun horietako batzuk irabaztear egon gara, adibidez, pala motzekoa. Hura irabazi izan bagenu, gurea izango zen bigarren postua dominen sailkapenean. Baina gu ez gara modalitate guztietan lehiatu, trinketeko Nazioen Liga jokatu zenean oraindik ez baikinen selekzio ofiziala. Aldiz, beste herrialdeak txapelketa guztietan aritu dira. Horrek meritu gehiago ematen dio egin dugunari».
Arantzarik ez zaie geratu sartua, baina «pena» du erremintan ez dutelako dominarik lortu. «Eskuzko modalitatean dominak lortu ditugu, eta zesta-puntan ere bai. Pilota egokituan, berriz, sekulako lorpena egin dugu, orain arte ez baikinen gai izan Frantziari aurre egiteko, eta lehiakorrak garela erakutsi dugu».
Baina emaitzez harago, Erauskinek nabarmendu egin du euskal selekzioko kide guztien artean izan duten «giro ona». «Banakako kirol honetan sekulako talde lana egin dugu. Talde izaera oso sendoa eraiki dugu, eta horri esker lortu ditugu horren emaitza onak».
Lan handia
Lana aipatu du, eta azpimarratu horren guztiaren atzean «lan izugarria» dagoela. «Hau ez da bakarrik hemen igaro ditugun bi asteak. Lan izugarria egin behar izan da hona iristeko, eta asko kostatu da. Lehenik, bi Nazioen Liga antolatu ditugu, eta horietan lehiatu ere bai. Eta, gero, Munduko Txapelketa honetan hartu dugu parte. 2024ko abenduaren 28tik hona [egun horretan onartu zuen Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak Euskadiko Federazio eskubide osoko kide bezala] lan asko egitea egokitu zaigu, baina oso lan polita izan da, eta pribilegituak gara hau guztia bizitzeagatik».
Hori dela eta, Erauskinek eskerrak eman dizkie Euskadiko Euskal Pilota Federazioko zuzendaritza batzordeari, pilotariei eta klub guztiei. Azken horiei erreparatu die bereziki. «Kluberik gabe ez dago ez euskal pilotarik, ezta euskal pilota selekziorik ere. Benetan eskertu nahi diet klub horiei egunerokoan egiten duten lana, lan horrek ematen baitigu hau: gure herria ordezkatzea».
Munduko Txapelketako antolaketari dagokionez, Euskadiko Federazioko kirol zuzendariak esan du logistikoki ez dela erraza izan bi toki ezberdinetan lehiatzea: Buenos Airesen eta Colonia del Sacramenton (Uruguai). Goraipatu egin du Colonia del Sacramentoko egoitza. «Ikaragarria izan da. Dena bikain antolatua egon da, eta emaitzak ere oso onak izan dira [euskal selekzioak urrezko domina bat eta zilarrezko beste bat irabazi ditu binakako zesta-puntan]. Esperientzia bikaina izan da». Buenos Airesko egonaldia ere «oso polita» izan dela iritzi dio. «Zalantzak izan zituzten non egin txapelketa, eta hemen egitea erabaki zuten. Denbora gutxi izan dute hori egiteko, eta egin dute. Badakigu zer-nolako azpiegiturak dauden hemen. Horietan lehiatu gara, eta ez dago aitzakiarik, oso pilotaleku onak baitira. Pilotariek beraiek esan digute oso gustura aritu direla horietan. Esperientzia oso baliagarria izan da, eta ikasteko balioko digu, lau urte barru guk hobeto egiteko».
«Lan asko egitea egokitu zaigu, baina oso lan polita izan da, eta pribilegituak gara hau guztia bizitzeagatik»
AITOR ERAUSKIN Euskadiko Euskal Pilota Federazioko kirol zuzendaria
Izan ere, erronka handia izan da Argentinan eta Uruguain jokatutako Munduko Txapelketan parte hartzea, eta erronka handia bezain berezia izango da lau urte barru Euskal Herrian, Bilbon eta Barakaldon (Bizkaia) jokatuko den Munduko Txapelketa antolatzea eta horretan aritzea. «Zer egiteko gai garen erakutsiko dugu, antolaketa lanetan, eta, batez ere, lehian. Lau urte luze ditugu aurretik, baina azken urte eta erdian hartu dugun joerari eusten badiogu, seguru nago hobetu egingo ditugula Munduko Txapelketa honetako emaitzak».
Anbiziotsu mintzatu da Erauskin. «Helburu nagusia ez da parte hartzea izango, jada behin hartu baitugu parte. Helburu nagusia dena irabaztea izango da. Oraingoan baino presio handiagoa izango dugu, baina lau urte ditugu ondo prestatzeko. Espero dut modalitate guztietan parte hartu ahal izatea. Horretarako, sailkatu egin behar gara. Lortzen badugu, zergatik ez dugu irabaziko dominen sailkapen nagusia? Hortxe erronka».