Imanol: «Pena dut, asmoa jarraitzea baitzen»

Realeko entrenatzaileak azaldu du kargua uzteko «garai egokia» zela, eta eskertuta mintzatu da Aperribaik, jokalariek eta zaleek emandako «maitasun izugarriarekin»: «Ez dut errekonozimendurik nahi; ja jaso dut».

Imanol Alguacil
Zubietako prentsa aretoa bete egin da Imanolen prentsaurrekoan. JON URBE / FOKU
jon olano
2025eko maiatzaren 2a
13:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Astebete zen Imanol Alguacilek jakinarazi zuela ez zuela datorren sasoian Realeko entrenatzaile karguan jarraituko, baina erabaki horren inguruko azalpenik eman gabea zen Orioko teknikaria. Txuri-urdinek Athleticen kontrako derbia dute datorren igandean (21:00), eta halabeharrez kazetarien aurrera irten beharra zuen Imanolek gaur. Eta Realeko aulkia uzteko erabakiaz xehetasun batzuk eman ditu, baina askorik sakondu nahi izan gabe. Besteak beste, esan du jarraitzeko asmoa zuela eta «kristoren penaz» doala, baina ez dagoela arrazoi zehatzik: «Hasieratik esan nuen ni hemen egongo nintzela irabaziz gero. Aurten nik nahi baino gutxiago irabazi dugu, eta seguruenik arrazoi nagusia horixe izan da». Eta, hortaz, «garai aproposa» zela erreleboa emateko: «Asko hitz egiten ari zen ez nuela kontratua berritzen; garai egokia da bai zaleentzat bai jokalarientzat».

Zubietako prentsa aretoa beteta zegoela hitz egin du Imanolek, haren hitzek sortzen duten ikusminaren erakusgarri. Esker hitzak izan ditu: «Oso eskertuta nago: Jokini, pazientziagatik; klubari, jokalariei, langileei, zuei. Kristoren pena daukat, asmoa jarraitzea baitzen. Baina aldi berean oso pozik noa, oso harro urte hauetan lortutakoagatik, oso gustura eta oso lasai. Hemendik aurrera, buruan dut Europan berriro sartzea, eta taldea hor goian uztea». Imanolen arabera, «garaia iritsi da» sei urteko zikloa bukatutzat jotzeko: «Ez dut dramarik nahi».

Imanol
Imanol, gaurko prentsaurrekoan. JON URBE / FOKU

Kazetarien galderei erantzunez, ukatu egin du nekatuta dagoela: «Batere ez. Nire ametsa horrela bukatzea zen: ondo bukatzea, gustura. Eta lortu dut. Nire ustez, zintzo jokatu dut Realarekin, eta horrela nahi dut jendeak ni ikustea». Horrela ikustea, alegia: «Pertsona bat zaratarik egin gabe sartu zena, lanerako gogoz eta Realaren alde onena eman nahi zuena, eta lan handia eginda joango dena». Hori horrela, gaineratu du ez duela aitortzarik behar, eta «oso eskertuta» dagoela, «maitasun izugarria» jaso duelako kargura heldu zenetik: «Ez dut gainetik zamarik kendu. Esana nuen berritu nahi nuela kontratua, baina ez edozein modutan. Nire sentsazioak onak dira. Denak du hasiera bat eta bukaera bat, eta hala gogoratzea nahi dut. Ez dut izugarrizko errekonozimendurik nahi; nik ja jaso dut».

imANOLEN AROA, ZENBAKIETAN

Amaitzear da Imanol Alguacilen zikloa Realean, teknikariak 334 partidatan taldea zuzenduta. Eta sei urteotako emaitzek erakusten dute Imanolen estiloa zein izan den: gehien errepikatu den emaitza 1-0ekoa izan da (45 partidatan). Txuri-urdinek defentsaren sendotasunean oinarritu dituzte emaitza onak: 132 partidatan (%40) ez dute golik jaso. Baina horren ifrentzua erasoko jokoaren zenbakiak dira: 161 partidatan (%48,9) Realak gol bakarra edo bat ere ez du egin. Guztira, 469 gol sartu ditu 329 partidatan (1,4 partidako), eta 337 sartu dizkiote (1,02). Aurten, datuak okerragoak dira: aurreko sasoiekin alderatuta, partida gehiagotan jaso du golen bat, eta gehiagotan geratu da kontrarioen atea zulatu ezinik.

Gasteizko porrotaren biharamunean

Realak Alavesen aurka 1-0 galdu ondoren eman zion Imanolek bere erabakiaren berri Jokin Aperribai Realeko presidenteari, eta prentsaurrekoan gogoan izan du biharamun hori: «Ohera joan nintzen hurrengo egunean albiste hori Jokini emango nionik pentsatu gabe. Ezta esnatu nintzenean ere; etxetik Zubietarako bidean izan zen; telefonoa hartu nuen orduan, eta esan nuen: kito. Klik egin zidan zerbaitek. Pentsatu nuen: zertarako itxaron gehiago?».

Realarekin ziklo historikoa osatzen ari zen Imanol, baina aurtengo denboraldian gorabehera handiak izan ditu taldeak. Hala ere, Europan sartzeko lehian dago oraindik, Espainiako Kopako finala esku-eskura izan zuen, eta Europa ligan Manchester Unitedek kanporatu zuen, ahazteko moduko arbitratze lan bat tarteko. Zenbakiak eskuan, beraz, txuri-urdinen denboraldia ez da horren eskasa. Imanolentzat, ordea, aurten eginiko lana «ez zen nahikoa»: «Oso pozik nago. Berritu nahi nuen. Nola ez naiz penaz joango? Nire bizitzako kluba uzten ari naiz. Baina anbiziotsua naiz, gehiago irabazi nahi nuen. Niretzat ez zen nahikoa. Ez nago nekatuta. Nire harremana presidentearekin eta klubarekin ezin hobea da. Jokalariekin ere bai. Langile taldearekin pozarren nago. Baita zuekin [kazetariekin] ere!».

Edonola ere, ez dio aterik itxi etorkizunean Reala berriro entrenatzeari, eta «oso pozik» agertu da jakinda Sergio Franciscok hartuko duela bere lekua: «Zoriondu nuen. Merezi du Sansen egiten ari den lanagatik. Zorterik onena opa diot, eta egon dadila urte luzez».

Derbia giltzarri Europarako sailkatzeko

Igande gauean Realak eta Athleticek Reale Arenan jokatu behar duten partidari begira, Imanolek ezinbestean izan du hizketagai zuri-gorriek Europa ligan Manchester Uniteden kontra jasandako porrot mingarria: «Derbia izanda, ez dago derbi errazik; intentsitate handiko partidak dira. Haiek minduta egongo dira, intentsitate hori ez dute jaitsiko. Partidak areatan erabakitzen dira, eta igandean ere hala izango da». Athletici irabaztearen garrantzia ere aipatu du, bai Europarako sailkatzeko lehian horrek duen balioagatik, baita derbiak berak duen esanguragatik ere:

«Beti nahi izan dut derbia irabazi, badakit zer garrantzi duen gure zaleentzat, eta ni ere zalea naiz».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.