Tenisa

Iñaki Montes «ilusioz gainezka eta presiorik gabe» joango da Australiara

Lehendabiziko aldiz arituko da tenislari nafar bat Grand Slam batean. Ibilbidean hamaika lesio izan baditu ere, 24 urterekin ATP sailkapenaren 175. postura heldu da Montes, eta horren bitartez sailkatu da Australiako Irekiaren aurreko fasera.

Iñaki Montes tenislaria entrenamendu batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iñaki Montes tenislaria entrenamendu batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Maddi Iturriotz Alkorta
2026ko urriaren 24a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehendabizikoz tenislari nafar batek Grand Slam batean lehiatzeko aukera izango du. Urtarrilean gertatuko da. Izan ere, ATPko rankingean 175. postua eskuratu ostean, Iñaki Montes (Iruñea, 2002) Australiako Irekiaren aurreko faserako sailkatu da. «Ilusioz gainezka eta presiorik gabe» helduko dio lehiari, eta buru-belarri dabil prestaketa lanetan. 

Zenbaiti luzeak egingo zaizkio egunaren 24 orduak; Montesi, ordea, ez. Tenisari eskaintzen dio ia egun osoa: «08:00etan jaikitzen naiz, eta 09:00etarako gimnasioan egoten naiz. Ordu erdiko aktibazio saioa egin ostean, 12:00ak arte pistako entrenamendu saioa egiten dut. Jarraian, beste entrenamendu bat egiten dut, fisikoarekin lotura handiagoa duena». Bazkalostean, berriz, eten txiki bat egiten du: «Lo kuluxka bat egitea gustatzen zait». Horren ondoren, bi aukera izaten ditu: «Fisioarenera joan naiteke, goizean egiten ditudan saioetatik errekuperatzeko; edo entrenamendu gehigarri bat egin. Denboraldiaren zer garai den, horren arabera egiten dut bata ala bestea». Errendimendua hobetzeko asmotan planifikatzen du ekintza oro, baina gustura egiten duela aitortu du: «Beste askorentzat esfortzu handia izan arren, niretzat ez da hala, egin nahi dudalako egiten baitut».

Alta, azaldu du bere indargunerik handiena horixe bera dela: «Izugarri gustatzen zait kirol hau, eta asko gozatzen dut. Tenislariok etxetik kanpo igarotzen ditugu egun gehienak, eta hori sakrifizio handia da; baina ez naiz nazkatu, eta oraindik badut freskura». Jokoari dagokionez, aurkariaren jokamoldera egokitzeko duen gaitasuna azpimarratu du. Indargune horiei esker heldu da ATPko sailkapenaren 175. postura, eta, ondorioz, Australiako Irekiaren aurreko fasera.

«Iruditzen zait piloten pisuak erabat baldintzatzen duela kirol hau. Pilota bat ohikoa baino astunagoa baldin bada, baliteke tenislariak kolpea aldatzea eta min hartzea»

IÑAKI MONTES Tenislaria

Postu horretara iristeko, ordea, ibilbide luzea egin behar izan du. 3 urte zituela mahai teniseko pala bat hartu zuen, eta harekin «tematia» izan eta gero, gurasoek Montesi erraketa bat eman, eta Iruñeko Tenis Klubean sartu zuten. Gaztetan nabarmentzen hasi zen, eta Ekonomia ikasketak eta kirolari ibilbidea uztartzeko aukera izan zuen Virginiako (AEB) unibertsitatean igaro zituen lau urteetan. «Sekulako bizipena izan zen. Han balio handia ematen diete ikasketei eta kirol ibilbideari. Hamar taldekide pasatxo ginen, eta, gure artean lehiatuz, elkarren maila hobetzen genuen. Virginian ikasi nuen tenisa taldeko kirola ere badela». Iruditzen zaio AEBetan bizitakoa funtsezkoa izan dela gaur dagoen lekura heltzeko.

Hango ikasketak amaituta, etxera itzuli zen, eta, orain, Iruñearen eta Bartzelonaren artean ibiltzen da. Aitortu du oso etxetiarra dela, eta lehentasuntzat izan duela bere inguruan sortutako proiektuaren oinarria Iruñean egotea: «Iruñeak lasaitasuna eta poza ematen dizkit; pilak kargatzeko beharrezkoa zait hiri hau». Bartzelonan gastatzen ditu, ordea, Iruñean kargatzen dituen pilak. Hara joaten da profesionalen akademia batera, ahalik eta maila gorenera heltzeko asmotan.

Ibilbide gorabeheratsua

Bidea luzea izateaz gain, gogorra ere izan da. Azken bi urteetan hamaika lesio izan ditu, gehienbat sorbaldan. Haren atzean jende gehiago baldin badago ere —entrenatzaileak, fisioterapeutak...—, Montesek azaldu du lesioek bi alde txar dituztela, eta alde txar horietako batean zuzenean eragiten duela bakarkako kirola izateak: «Alde batetik, min hartuta zaudenean ezin zara lehiatu, eta hori bada berez nahikoa gogorra, baina, beste aldetik, ezin zarenez lehian ibili, ez duzu sari ekonomikorik lortzen, eta zuk egin behar diezu aurre sendatzeko gastu guztiei, ez baitago atzean klub bat gastu horiek ordaintzeko».

Lesioen alde txar hori alde batera utzi gabe, alde ona ere izan dutela azaldu du: «Hein batean probetxua atera diedala esan dezaket, kirolari moduan helduagoa bainaiz lesioei esker».

Materialaren garrantzia

Errendimendu handiko kirol guztietan bezala, lantaldetan ez ezik, tenisean ere materialek izugarrizko garapena izan dute —nanoaleazio adimentsuak, grafenoz eta karbonoz sendotutako markoak eta geometria aerodinamikoak erraketen sareetan, esate baterako—. Aurrerapen guztiak jokoaren abiadura biziagotze aldera egin dira, eta helburua ondorengoa izanda: ikusle gehiago erakartzea. 

Bide horretan, tenislari askok berebiziko garrantzia ematen diete erraketei, baina Montesek beste iritzi bat du. Haren esanetan, pilotek gehiago baldintzatzen dute norgehiagoka: «Iruditzen zait piloten pisuak erabat baldintzatzen duela kirol hau. Pilota bat ohikoa baino astunagoa baldin bada, baliteke tenislariak kolpea aldatzea eta min hartzea». Pilota mota bakarra unibertsalizatzea gustatuko litzaioke, baina ezinezkoa iruditzen zaio, horren atzean «interes eta negozio asko» baitaude.

Onenengandik ikasten 

Kirolari gehienek dute norengandik ikasi. Eta erreferentziazko jokalari bat aipatzeko esan, eta Diego Schwartzman Argentinako tenislari ohia esan du Montesek lehendabizi: «Profil antzekoa dugu. Ez da altua, ezta oso indartsua ere, nire antzera. Ondorioz, estrategiari garrantzi handiagoa eman behar dio, eta horixe miresten dut». Rafa Nadal ere aipatu du, baina garrantzi handiagoa eman nahi izan die oraindik jokatzen jarraitzen duten beste bi jokalariri: Carlos Alcarazi eta Rafa Jodarri: «Asko miresten ditut. Hain natural jokatzen dute, non egiten duten guztiak erraza ematen duen».

Hain zuzen ere, horretarako baliatuko du urtarrilean Australiako Irekia, miresten dituenengandik ikasteko: «Kirol emaitza aldetik, aurreikuspenik gabe joango naiz, presiorik gabe; baina bizipenen aldetik, gozatzeko helburuz joango naiz, jokalari onenak ikusi eta haiengandik ikastera».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA