Mikel Arruabarrena. AEL Limassol taldeko jokalaria

«Inbidia sanoa ematen dit Eibar egiten ari den sasoiak»

Athleticeko harrobia, Osasuna B, Xerez, Tenerife, Legia Varsovia, Eibar, Leganes, Eibar berriz, Huesca, Hong Kongera joan-etorria, eta udatik Zipren. Han ikusiko du biharko derbia.

Aitor Manterola Garate.
2017ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Jokalariak beti prest eta eginda eduki behar du izaten ditu maletak. Galdetu, bestela, Mikel Arruabarrenari (Tolosa, Gipuzkoa, 1983). «Gustura nago Zipren: taldean ondo, eta bizimodua ere ona da, klima egokiarekin gainera», esan dio telefonoz BERRIAri.

Ziprera joan aurretik, zer gertatu zitzaizun Hong Kongen?

Babesleak kale egin zuen, eta ez zegoen ziurtasunik soldata kobratzeko. Etxera itzultzea erabaki nuen. Azken egunak ziren fitxaketak egiteko, eta bi aukera sortu zitzaizkidan: bat Zipreko hau zen, eta bestea, Adelaidakoa (Australia). Ziprekoa hautatu nuen, gertuago dagoelako. Mikel Saizar laguna dut, eta Zipren ibilia zen; berak esan zidan etortzeko, eta bi denboralditarako sinatu nuen. Nire adinarekin bi urterako kontratua izatea ez da ohikoa, eta heldu egin behar nion. Gustura gaude hemen. Gozatzen ari naiz ziurrenik futboleko nire azkeneko urteak izango diren hauetan.

Zeinek esan behar zizun Zipren bukatuko zenuela, ezta?

Futbola horrelakoa da. Eibarren Bigarren B Mailan egonda, ez nuen pentsatu ere egiten segituan Lehen Mailan izango ginela, eta pentsaezina zen ere alde egin nuen bezala alde egin beharko nuela Eibarretik. Gauza batzuk onerako gertatzen dira, eta beste batzuk, txarrerako.

Eibarren bi alderdiak bizi izan zenituen, ona eta txarra.

Lehen Mailako lehen sasoian oso ondo aritu nintzen, baina, bigarrengoan, sobera nengoela sentitu nuen. Maitatua sentitu bai, baina entrenatzaileak ez zuen nirekin kontatzen, eta beste aukera batzuen bila atera behar izan nuen. Nire ibilbidea Eibarren bukatzea nahiago izango nuen, baina begira orain, pribilegiatua naiz, futboletik bizitzen jarraitzeko aukera daukat oraindik.

Eibar sekulako denboraldia ari da egiten. Urrutitik begiratuta ezer berezirik gehitu nahi?

Inbidia sanoa ematen dit taldeak. Sekulako jokalariak dauzka. Beti esan izan dut Lehen Mailakoa bidaia txiki bat dela, baina aurrera doa. Momentua gozatu behar da, jaitsiz gero oso zaila izango delako berriz igotzea. Nik bizi izan dut zer den, eta beste mundu bat da Lehen Mailakoa: izugarria.

Zerbait txarra ikusten diozu taldeari edota klubari?

Betiko gauza batzuk galtzen ari dira; adibidez, euskal jokalariak gero eta gutxiago dira. Pena ematen dit, baina hau futbol profesionala da, eta diru asko mugitzen da. Dirua ondo zaintzen jarraitu behar du Eibarrek, oraingo bidetik.

Oraindik uste duzu bidaia laburra izango duela Lehen Mailan?

Auskalo, ezin da jakin. Baina jokalari gero eta hobeak ari da ekartzen, eta asmatzen ari da fitxaketa ia guztiekin. Jarrai dezala horrela, eta, jarraituz gero, diru gehiago sartuko da, eta diruarekin errazago da jokalari onak ekartzea. Baina ia talde guztiak jaitsi dira noizbait Bigarren Mailara.

Osasuna, aldiz, oso gaizki pasatzen ari da.

Gertatzen da inork ez zuela espero Lehen Mailara igotzea aurreko denboraldian, baina merezita igo zen. Orain, sufritzen ari da aurreko urteetan egindako txarkerien eraginez. Osasunak burua galdu zuen bere garaian dirua kudeatzeko lanean, eta, orain, komeriak. Ezin du nahi bezala indartu taldea, eta egin duen onena da etxeko jokalarien alde egitea. Zaleak bikain ari dira. Hasieratik sartu zen atzean, eta partida bakar bat irabaztea oso zaila ari zaie egiten. Etxean beti izan dira indartsuak, eta hor ere sufritzen ari dira. Ea Lehen Mailara igo izanak balio dien gauza guztiak garbitzeko. Zaleek ez dute bakarrik utziko, eta aurrera jarraitu behar du.

Biharko partidan, hala ere, edozein izan daiteke emaitza?

Futbolak hori dauka. Bi talde izango dira aurrez aurre, eta Ipuruan ondo irabazi zuen Osasunak. Eibar Europan ikustea izugarria litzateke, baina zaila izango da. Ea lortzen dugun Euskal Herriko bost taldeek jarraitzea Lehen Mailan. Ezin da fidatu Eibar, azken kolpeak eman behar dituelako Osasunak.

Zipren ematen ari zaren mailarekin pozik?

Bai. Golak sartzen ari naiz [bederatzi sartu ditu ligan, eta bi Kopan], eta taldea ondo hasi zen. Azkeneko hiru asteetan egin dugu behera, baina sartu gara sei aurrenekoek jokatuko dugun kanporaketan. Europan jokatu nahi dugu, eta horretarako finalerdietan sartu behar dugu.

Hemendik uste den baino maila hobea dago Zipren?

Bai. Begira zer gertatu zaion Athletici Apoelen aurka. Partida bakarra galdu du ligan, eta gure aurka izan zen. Maila ona dago.

Zaleak ez al dira sutsuegiak?

Oso kritikoak dira. Onena da ez diedala ezer ulertzen, eta gustatzen ari zait ez ulertzearen hori [barrez].

Euskal Herriko jokalari eta entrenatzaile batzuk ari zarete Zipren. Harremanik bai?

Elkartu izan gara, bai. Zipren punta batetik bestera joateko ordubete dago autoz, eta geratu izan gara. Orain, gainera, Alain Eizmendi fitxatu dugu, Eibarrentaldekide izandakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.