Indar Gorrik salatu du zale bati isuna jarri diotela Palestinako genozidioa salatzeagatik

Indarkeriaren Aurkako Espainiako Batzordeak 60.000 euroko isuna ezarri dio, X sarean idatzitako mezu batengatik. Epaileak kasua artxibatu zuen duela bi urte.

Indar Gorri taldeak agerraldia egin zuen atzo kasua salatzeko, Osasunaren partidaren aurretik. INDAR GORRI
Indar Gorri taldeak agerraldia egin zuen atzo kasua salatzeko, Osasunaren partidaren aurretik. INDAR GORRI
aitor biain
2025eko maiatzaren 16a
09:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Indar Gorri taldeak salatu du Indarkeriaren Aurkako Espainiako Batzordeak 60.000 euroko isuna jarri diola zale bati, Palestinako genozidioa salatzeko mezu bat idazteagatik. Espainiako Poliziak orain urtebete atxilotu egin zuen zale hori, gorroto delitua egotzita, eta epaiketa ere egin zioten. Baina epaileak ez zuen deliturik ikusi, eta kasua artxibatu egin zuen. Mezua idatzi zuenetik ia bi urte pasatu diren honetan, ordea, Espainiako Batzordeak zigortu egin du gaztea, «kiroleko arrazakeriaren eta xenofobiaren legea» baliatuta.

Indar Gorrik agerraldia egin zuen atzo, Osasunaren eta Atletico Madrilen aurkako partidaren aurretik, kasua salatzeko. Zehaztu zuten mezu hori 2023ko urrian idatzi zuela Indar Gorrik berak X sare sozialean, Granada futbol taldeko Son Weissman jokalariak idatzitako beste bati erantzunez. Indar Gorriren arabera, futbolariak palestinarrei «buruan tiro egiteko» eskatu zuen mezu batean, eta Gazako erasoen aldeko beste hainbat ere zabaldu zituen.

Horiei erantzunez, Indar Gorrik «Weissman kanpora, sionismo-faxismoa suntsitu» idatzi zuen bere kontuan. Izan ere, aste horretan Iruñera joatekoa zen Weissman, Osasunaren eta Granadaren aurkako partida jokatzera. Weissman, ordea, ez zen joan, segurtasun arrazoiengatik.

Indar Gorrik salatu du zigor hau ez dela salbuespena; izan ere, azken bi urteetan 82 zale atxilotu ditu Poliziak, eta guztira 174.000 euroko zigorra ezarri die isunetan —331 isun ezarri dizkiete denera—. Horrez gain, futbol zelaietara sartzeko 42 urteko debekuak ere jarri dizkiete. «Isun honekin ez zaie soilik zale multzo oso bati erasotzen ari: adierazpen askatasunaren aurkako eraso zuzena da hau, eta Palestinako herriarekiko elkartasunaren aurkako erasoa ere bada», adierazi du Indar Gorrik.

Isuna salatzeko kanpaina bat abiatuko dute hurrengo egunetan, eta isuna ordaintzen laguntzeko zenbait modu jarriko dituzte eskuragarri. Besteak beste, ekarpenak jasoko dituzte labur.eus/60000arrazoi atariaren bitartez. «Haiek 60.000 euroko isun bat ikusten duten tokian, guk beste 60.000 arrazoi ikusten ditugu borrokan jarraitzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.