Marta Unzue. Bartzelonako jokalaria

«Inoiz baino aukera handiagoa dugu finalerdietarako sailkatzeko»

Rosengard Suediako taldearen aurka jokatuko du gaur nafarrak, Txapeldunen Ligan. Haren ustez, aurkarien indar fisikoaren aurka, baloia izatea eta abiaduraz jokatzea izango dira partidaren gakoak. Dena den, Unzuek nabarmendu du presiorik ez dutela: «Gure lehentasuna Espainiako Liga da».

BARTZELONA.
ainara arratibel gascon
Donostia
2017ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Athleticekin fitxatzekotan egon zen Marta Unzue futbolaria (Berriozar, Nafarroa, 1988), baina, ikasketak direla eta, Bartzelonara joan zen. Dagoeneko 11 urte daramatza Bartzelonan jokatzen, eta taldeko zutabeetako bat da, kapitaina izateaz gain. Leire Landa eta Ane Bergara taldekideekin batera, gertutik erreparatzen die euskal taldeen ibilbideei. Ez du baztertu egunen batean etxera itzultzea. «Polita litzateke Athleticen jokatzea, hango zaleek oso modu berezian bizi baitute futbola».

Hiru aldiz sailkatu zarete Txapeldunen Ligako final-laurdenetarako, baina ez duzue langa hori gainditu. Oraingoan lortuko duzuela uste duzu?

Aurreko aldietan egokitu zitzaizkigun aurkariak kontuan hartuta, uste dut kanporaketarik parekatuena sasoi honetakoa dela, eta, gauzak ondo eginez gero, aukera handiena dugun urtea dela. Denboraldi honetan ez dugu neurketarik galdu Txapeldunen Ligan, eta sendotasun hori erakusten segitu behar dugu zelaian.

Nolakoa da Rosengard taldea?

Oso talde fisikoa da, gorpuzkera handikoa. Hori aprobetxatuz, nahiago dute luze jokatu. Gainera, geldikako jokaldietan gol asko sartzen dituzte. Horren aurka, saiatu behar dugu baloiaren jabetza izaten, haien atzetik korrika ez egiteko. Gainera, baloia daukagunean azkar mugitu behar dugu, aurrealdeko jokalarien abiadura baliatu ahal izateko. Gure estiloa ezartzea da garrantzitsuena, jokaldiak asko landuz. Eroso sentitzen gara modu horretara jokatzen.

Non egongo da kanporaketaren gakoa?

Oso garrantzitsua izango litzateke joaneko partidan golen bat sartzea. Golik ez hartzea ere inportantea da, baina, baten bat sartzen badigute, burua hotz izan behar dugu. Argi izan behar dugu kanporaketak 180 minutu irauten duela, eta ezin dugula galdutzat eman gertatzen zaigun lehendabiziko ezustekoarengatik. Uste dut horrek izan behar duelaPSGren aurkako iragan sasoiko kanporaketatik ikasi behar dugun gauzarik garrantzitsuena.

Rosengard taldean Marta Viera da Silvak jokatzen du. Bost urtez munduko jokalari onenaren garaikurra irabazi zuen Viera da Silvak. Nola zaindu behar da halako jokalari bat?

Buruz burukoan oso ona da. Elkarri laguntzak eman, eta gutxienez bi jokalari egon beharko dugu haren inguruan, buruz buruko horiek saihesteko. Gainera, areatik ahalik eta urrutien jokatzera behartzen saiatu behar dugu. Dena den, ez da zaindu beharko dugun jokalari bakarra. Anita Schellingek ere kalitate handia dauka, eta edozein neurketa erabaki dezake. Gainera, nazioartean aritutako jokalari asko ditu.

Eguraldia dela eta, neguan ez da ligarik izaten Suedian. Rosengard lehiatu gabe egotea abantaila al da zuentzat?

2014an antzeko zerbait gertatu zitzaigun Wolfsburgen kontra, eta kanporatu egin gintuzten. Wolfsburg eta gure arteko aldea handiagoa zen, baina kasu honetan ere ezin gara fidatu. Agian, lehiatzeko erritmoa falta zaie, baina, aldi berean, haien prestaketa osoa gure kontrako bi neurketetara bideratu dute. Guk, ordea, Espainiako Ligan ere izan dugu burua. Gure joko erritmoa ezarri behar dugu, eta azkenaldian gehiago lehiatu garela baliatu.

Kanporaketa hau gaindituta, aukerak ikusten dituzu finalera iristeko?

Ezin diogu geure buruari presio hori jarri. Txapeldunen Ligan jokatzea opari moduko bat da, eta asko gozatzen dugu txapelketa hori jokatzen. Baina gure lehentasuna liga da. Dena den, gero eta gertuago daude Europako talde onenetatik, eta, sailkatuz gero, gure onena emango dugu. Ametsa litzateke finala jokatzea.

Polita litzateke denboraldi honetan Nou Campen beste Bartzelona-PSG bat jokatzea, eta zuek zelaian egotea, ezta?

Bestean, [gizonen partidan] zelaian egoteko aukera izan nuen, eta ikaragarria izan zen. Asko gozatu genuen. Gutxik uste zuten kanporaketa gaindituko zutenik, are gehiago PSGk gola sartu zuenean. Baina azken unera arte borrokatu ziren, eta garaipenean sinetsi zuten. Eredu bat da guretzat. Nou Campen jokatzea izugarria litzateke, eta, aukera emango baligute, ahaztezina. Baina Mini Estadioan oso gustura aritzen gara.

Ligan bigarren zoazte, Atletico Madrilen atzetik. Nola helduko diozue txapelketaren azken txanpari?

Atletico Madrilengandik lau puntura gaude. Aldea da, baina oraindik jardunaldi dezente geratzen dira. Gainera, Atletico Madrilek gure zelaira etorri behar du jokatzera, eta hor aldea murriztu dezakegu. Bestalde, goiko postuetan gauden taldeen artean ere norgehiagokak egongo dira, eta dena dago erabakitzeko. Denboraldiko neurketa politenak geratzen dira, eta aurreko sasoiko arantza kendu nahi dugu. Izan ere, puntu batengatik galdu genuen liga. Uste dut denboraldi honetan ere ondo ari garela, eta taldea sendo iritsiko dela partida erabakigarrietara.

Zure denboraldiaz zein balorazio egiten duzu?

Ona. Entrenatzaileak uste osoa du nigan, eta gustura ari naiz, partida gehienak jokatzen ari naizelako.

Iazko sasoian eskuin hegalean aritu zinen, baina orain zelai erdian jokatzen ari zara. Non jokatzen duzu erosoen?

Iragan denboraldian galdera hori egin bazenit, eskuin hegalean erantzungo nizuke. Orain, baina, zelai erdian jokatzen ari naiz neurketa gehienak, eta oso eroso eta gustura nago. Zelai erdian espazio gehiago duzu, baloi gehiago ukitzen duzu, eta hori da gure jokoaren oinarria. Hori bai, hegalean jokatzen nuenean, aukera gehiago nituen erasora igotzeko, eta orain horren falta daukat.

11 urte daramatzazu Bartzelonan, eta taldeko kapitaina zara. Iritsi zinenean espero zenuen hainbeste urte bertan egotea?

Inolaz ere ez. Oso gogoan dut fitxatzera nindoanean Xavi Llorens entrenatzaileak aitari esan ziona: «Maila galduko dugu, baina, lasai, hemendik urte batzuetara liga irabaziko dugu». Asmatu egin zuen. Urte hauetan Llorensek egin duen lana nabarmendu nahiko nuke. Asko borrokatu da gure alde. Hari esker, gure baldintzak dezente hobetu dira: profesionalak gara, osasun zerbitzu bat daukagu, aukera dugu Masian otorduak egiteko, lehen baino erosotasun handiagoa dugu bidaiatzeko... Espero dugu etorkizunean baldintza horiek are gehiago hobetzea.

Bartzelona talde bat baino gehiago dela esan ohi da. Hala da?

Bai. Oso talde handia da, eta jende asko mugitzen du. Oso harreman ona dugu oraingo presidentearekin. Aurrekoan Espanyolen aurkako derbia ikustera etorri zen, eta horrek agerian uzte du zuzendaritza batzordeak gure taldearekin duen konpromisoa eta inplikazioa.

Euskal Herriko beste bi jokalari daude taldean: Leire Landa eta Ane Bergara. Erreparatzen al diozue euskal taldeen jardunari? Nola ikusten ari zarete?

Bai, erreparatzen diogu. Athleticek oso denboraldi hasiera ona egin zuen, baina Txapeldunen Ligatik kanpo geratzea kolpe handia izan zen haientzat. Horren ondorioz, hainbat partida galdu zituzten, ezustean. Baina berriro ere oso joko ona egiten ari dira, nahiz eta igandean Valentziaren aurka galdu. Ziur nago goiko postuetan amaituko dutela sasoia. Reala oso partida onak jokatzen ari da, baina ate aurrean ez dabil aurreko urteetan bezain fin. Hori dela eta, merezi baino puntu gutxiago ditu. Dena den, ziur naiz Espainiako Koparako sailkatzea lortuko dutela. Bestalde, Oiartzun jaisteko hautagai nagusietakoa zen hasierako jardunaldietan, baina, pazientzia izan, eta egoera iraultzea lortu du. Zail izango duen arren mailari eutsiko diola uste dut.

Etorkizunean gustatuko litzaizuke hiru taldeetako batean jokatzea?

Bartzelonan oso gustura nago, eta arreta osoa hemen daukat. Oso identifikatuta nago proiektuarekin, hiria oso erosoa da bizitzeko eta klima zoragarria dauka. Baina beti esan izan dut polita litzatekeela etxera itzultzea. Beraz, nork daki. Athleticen jokatzea oso polita litzateke, oso talde berezia baita. Asko gustatzen zait hango zaleek nola bizi duten futbola. Lezaman jokatzea oso ederra da, oso giro berezia egoten baita beti. Gainera, oso gogoan dut San Mamesen irabazi genuen liga. 30.000 zaleren aurrean egin genuen, eta uste dut zaila izango dela berriro ere hainbeste jenderen aurrean jokatzea.

Nafarroan talderik ez egoteagatik penatuta zaude?

Osasunak aukera izan zuen emakumeen talde bat sortzeko, eta Lehen Mailan egoteko. Baina ez zuten horren aldeko benetako apustu bat egin. Gaizki egin zituzten gauzak. Pena da. Izan ere, goi mailan Nafarroako jokalari dezente daude, eta, sorterrian taldea egonez gero, ziurrenik askok han jokatuko lukete.

Gorputz Hezkuntza ikasi zenuen. Erretiroa hartzean, irakasle aritu nahi duzu, zure ahizpa bikia bezala?

29 urte ditut, eta beste hiru urte jokatu nahiko nuke Lehen Mailan. Gero, kirol errendimenduaren inguruan lan egin nahi dut.

Datorren sasoian unzuetar bat egongo al da Messi, Neymar, Suarez eta gainerakoak entrenatzen?

Polita litzateke osabak aukera hori izatea, eta gaitasuna badu horretarako. Harekin tarteka hitz egiten dut, baina ez horretaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.