Behobia-Donostia herri lasterketak urteurren biribila beteko du datorren igandean: proba horren 60. ekitaldia jokatuko dute. Zenbaki biribila da, eta oso garrantzitsua lasterketa hori antolatzen duenarentzat, Fortuna kirol elkartearentzat. Eta urteurren berezi hori aprobetxatu nahi izan du aurtengo ekitaldia emakumezkoena izan dadin.
Aurtengo elastikoa da horren erakusle: morea da, eta 50/50 Egin dezagun posible leloa du idatzia aurrealdean. Lelo horrek Fortunak 2018an abian jarritako 50/50/25 egitasmoari egiten dio erreferentzia. Haren helburua zen aurtengorako gutxienez korrikalarien erdiak emakumezkoak izatea. Ez dute helburua bete, baina, hala ere, Fortunako ordezkariak «oso pozik» daude, inoiz baino emakumezko gehiagok eman baitute izena: 27.981 korrikalarik eman dute izena, eta horietatik 9.474 dira emakumezkoak; hau da, %33,86. Jauzi handia da iazko ekitaldiarekin konparatuz: 758 emakumezko gehiago, hain zuzen. Gehiago izan zitezkeen, izen emateen %35 baino gehiago, baina dortsalen trukaketa handia egon da azken egunetan.
Fortunak bukatutzat eman du 50/50/25 egitasmoa, baina elkarte horretako ordezkariek agindu dute lanean jarraituko dutela gero eta emakume gehiagok parte har dezaten. «Aurten amaitu da 50/50/25 egitasmoa, baina asmo horrekin jarraitzeko asmoa dugu. Fortunarentzat helburu eta erronka nagusia da gutxienez korrikalarien erdiak emakumezkoak izatea», azaldu du gaur Iñigo Etxeberria Behobia-Donostiako koordinatzaileak lasterketaren aurkezpenean.
«Datorren urtean baliteke %40ko langa gainditzea emakumezkoek, eta, horrela jarraituz gero, baliteke 2030erako parte hartzaileen erdiak izatea emakumezkoak»
IÑIGO ETXEBERRIA Behobia-Donostiako koordinatzailea
Aurten ariko diren emakumezkoen kopuruaren garrantzia nabarmentzeko, Etxeberriak atzera egin du, eta azaldu du nola egin duen gora emakumezkoen parte hartzeak 1979tik, aro modernoko lehen ekitalditik. «1979an, %2 besterik ez ziren izan emakumezkoak; 2000n, %10eko langa gainditu zuten; 2014an, %20koa, eta iaz, %30koa. Aurten, berriz, ia %35 dira». Itxaropentsu dago. «Gure ustez, baliteke datorren urtean %40ko langa gainditzea, eta, horrela jarraituz gero, baliteke 2030erako parte hartzaileen erdiak izatea emakumezkoak». Baikor egoteko datuak dituzte. «Gehienak gazteak dira, kirol asko egiten dute, eta ez dute inolako konplexurik. Joera hori igartzen ari da kirol guztietan, baita Behobia-Donostian ere».
Gipuzkoakoak dira gehienak
Hala, iaz bezala, 26 eta 30 urte artekoa izango da adin tarte nagusia lasterketan. Aurretik, 41-45 edo 46-50 izaten zen adin tarte nagusia. Korrikalarien jatorriari dagokionez, berriz, Gipuzkoakoak izango dira gehienak: 7.052. Iaz, Kataluniakoak izan ziren gehienak, baina, aurten, gorakada handia egon da probintziako korrikalarien artean: iaz baino mila baino gehiago ariko dira.
Ibilbidea iazko bera da, hau da, 20,196 kilometroko luzera izango du, abiadura handiko trenaren lanek eraginda. 2014an egindako moldaketaren ostean, hogei kilometro zituen ibilbideak; iaztik, ordea, 196 metro gehiago ditu. Behobian hasiko da, eta ordutegiei eutsi diete. 09:30ean abiatuko dira esku bizikletaz lasterketa egingo dutenak —65 ariko dira—, bost minutu geroago, 09:35ean, patinatzaileen txanda izango da —153 ariko dira—, eta 09:55etik aurrera oinezkoena. Azken lasterkariak 11:35ean abiatuko dira. Helmuga, berriz, Donostiako Bulebarrean izango da.
Abiadura handiko trenaren lanek eragina izango dute Behobia-Donostian, baina baita Anoeta estadio txikia eraberritzeko lanek ere. Izan ere, aurten ez da haurren Behobia-Txikirik egingo. Antolatzaileak saiatu dira beste kokalekuren bat topatzen, baina ez dute bideragarri ikusi.
Latxgarrek laugarrenez irabazi nahi du
Behobia-Donostia zerbait bada, herri lasterketa da: Euskal Herrian jokatzen den jendetsuena da. Hala ere, milaka korrikalarien artean goi mailako hainbat aritzen dira. Haiek irabaztea dute helburu. Aurten, emakumezkoetan, atleta hauek ariko dira irabazteko lehian: Elena Loyo, Sara Benedi, Edymar Brea —ikusteko dago garaiz iritsiko den Venezuelatik—, Diana Martin eta Nuria Lugueros, besteak beste. Iazko irabazleak ere korrituko du, Mireia Guarner katalanak, baina, itxuraz, ez da irabazteko lehian izango, duela lau hilabete haurra izan baitzuen.
Gizonezkoetan, berriz, atleta hauek nabarmentzen dira: Txakib Latxgar, Iraitz Arrospide, Asier Calahorra eta Nicolas Cuestas, besteak beste. Latxgarrek hirugarrenez jarraian irabazi nahi du. 2019an ere nagusitu zen. Beraz, laugarren garaipena lor dezake. Lortuko balu, garaipen gehien lukeen euskal gizonezko atleta litzateke. Maria Luis Irizar da nagusi garaipen zerrendan. Hark zazpi aldiz irabazi zuen. Inork ez du egin halakorik.
Eguraldiak zeresan handia izan ohi du, eta, itxuraz, ez du berorik egingo. Etxeberriak esan du gustatuko litzaiokeela iazkoaren pareko eguraldia egitea: haizerik eta euririk ez, eta 12 gradu inguruko tenperatura. Korrikalariei esan die tentuz jarduteko. «Gozatzeko eguna da».