Azken orduko hutsune bat dela eta, azkenean 11 kirolari lehiatuko dira igandean Euskal Duatloiaren finalean, Tolosako zezen plazan (17:30, ETB1). Aurreko urteetako arrakastaren ondoren, bosgarren urtez jarraian goi mailako kirolariak jardungo dira txapelaren bila, eta ez da egongo faborito argirik. Lesio bat dela medio, Ugaitz Mugertzak ezin izango du parte hartu, baina izen handiko kirolariak ariko dira aurrez aurre. Hiru txandatan banatuta, 11 kirolarik neurtuko dituzte indarrak: Julen Alberdi Txikia IV.ak, Xabier Zalduak, Eneko Saralegik, Ibai Soroak, Aitzol Atutxak, Oier Kañamaresek, Julen Kañamaresek, Eloi Kortxerok, Oier Mitxelenak, Ioritz Gisasolak eta Julen Larreak. Ikuskizuna bermatuta egongo da.
Iaz bezala, aizkora eta lasterka lanak uztartu beharko dituzte kirolariek. 45 ontzako enbor horizontala ebaki beharko dute lehenbizi, 45 ontzako enbor bertikala ondoren, eta 500 metroko korrikaldia egin beharko dute azkenik. Formatu horretan, lau itzuliko lana edukiko dute, eta aizkora eta lasterka lanak egoki uztartzea ezinbesteko baldintza izango da. Arriskua egon daiteke lanak luzatzeko eta hauspoa betetzeko; ondorioz, gorputzak adina garrantzi izango du buruak. Lanak era horretan egiteak txapelerako atea irekiko die hautagai guztiei, eta baliteke txapela beste buru batera joatea. 2022ko eta 2024ko ekitaldiak Mugertzak irabazi zituen. 2023an Saralegi nagusitu zen, eta iaz, Txikia IV.a.
Txapelerako bideari erreparatu gabe, euren lana ahalik eta ondoen egitera joango dira plazara Zaldua (Zumarraga, Gipuzkoa, 1977) eta Mitxelena (Altsasu, Nafarroa, 2006). Partaideen artean beteranoena izango da Zaldua, eta gazteena Mitxelena. Bada, urteetan aurrera joan arren, ilusioari eusten dio gipuzkoarrak. «Gorputzaldi onarekin nabilela esango nuke. Akaso iaz bezain fin ez naiz egongo, prestakuntza aldetik ere ez naizelako hain zorrotz ibili. Aizkora apustua egin nuen, eta horrek dena atzeratu zidan. Hori bai, denborak kontuan hartuta, ez nabil iaztik hain aparte». Iaz bigarren postuan sailkatu zen, txapeldunarengandik soilik hogei segundora, eta sari handia luke txapela janztea. «Daukadan onena emango dut, eta gero gerokoak. Faboritoen zakuan sartzen ditut Atutxa eta Saralegi. Sekulako maila egongo da finalean».
«Gorputzaldi onarekin nabilela esango nuke. Akaso iaz bezain fin ez naiz egongo, baina denborak kontuan hartuta, ez nabil iaztik hain aparte»
XABIER ZALDUA Aizkolaria
Mitxelenaren kasuan aski sari bada finalean egotea. 19 urte besterik ez, eta hasi berria da mundu honetan, eta halako kirolariekin batera plazan aritzeak ilusioa egiten dio. Finalaren aurretik, bi kanporaketa jokatu dira, biak Gipuzkoan: Berastegin eta Zumarragan. Hamalauna kirolari lehiatu dira bakoitzean, eta finalerako sailkapena eskuratu izana sekulako oparia izan da, nafarraren esanetan. «Duela lau urte hasi nintzen aizkoran, eta ez nuen uste hain denbora gutxian halako final batean sartzeko gai izango nintzenik. Aurrez segan jarduten nuen, aitarekin, eta orain ikusten dut asmatu nuela aizkorara jauzi eginda. Finalean nire helburua izango da erritmo jakin bat hartzea eta horri eustea. Nahiko lasai nago, nahiz eta jakin familia eta lagunak bertan izango direla». Helburu bat jartzen dio bere buruari Mitxelenak: azkena ez geratzea.
«Duela lau urte hasi nintzen aizkoran, eta ez nuen uste hain denbora gutxian halako final batean sartzeko gai izango nintzenik»
OIER MITXELENA Aizkolaria
Gakoa, indarrak neurtzea
Zalduaren esanetan, gako nagusia izango da indarrak neurtzea. «Neure burua ezagutzen dut, eta lehen bi itzulietan indarrak kontrolatzea beharrezkoa izango da. Hirugarren itzulia oso gogorra izaten da, fisikoki eta psikologikoki, eta estrategia izango dut amaierarako indarrak gordetzea. Aizkora eta lasterka uztartzea ongi datorkit, eta ea batetik besterako aldaketetan asmatzen dudan». Mitxelenak bertikaleko enborrari dio errespetu handiena. «Arlo horretan galtzen dut denbora gehien. Urtebete ere ez daramat enbor horrekin entrenatzen, eta ea egur onak egokitzen zaizkidan. Lasterka ongi moldatzen naiz. Hori bai, kanporaketetan soilik bi itzuli eduki ditugu, eta finalean lan bikoitza izango dut».
Edonork irabazita ere, Zalduak uste du garaile nagusia Euskal Duatloia dela: «Aurten gazte mordoak eman du izena proban, eta herri kiroletara gazteak datozela ikustea oso pozgarria da. Horrek esan nahi du harmailetan ere gazteak biltzen direla». Mitxelenaren esanetan, oraintxe bertan erakargarria da herri kirolen munduan atea jotzea: «Hainbat txapelketa antolatzen dituzte gazteontzat, asko laguntzen digute, eta oso eskertuta gaude». Erretiratzean, laguntzeko prest izango da Zaldua, baina oraindik ez du hori buruan: «Nire erronka da 50 urte bete arte jarraitzea, eta beste bi urte falta zaizkit. Maila onean utzi nahi nuke kirola, arrastaka ibili gabe».