Sekula burutik pasatu gabeko amets batean murgilduta dago Urko Iruretagoiena, Izeta (Aia, Gipuzkoa, 1999). Futbolaren lokatza aski ongi ezagutu ondoren, debuta egin berri du Espainiako Lehen Mailan, 26 urterekin. Hori aski ez, eta txikitako taldearekin egin du: Athleticekin. «Sinestezina da bizitzen ari naizena», aitortu du. Soilik hiru partidatan parte hartu du, eta 45 minutu jokatu. «Banekien nora nentorren», zehaztu du. Indartsu dago hala sasoiz nola buruz, eta lanean gogor dihardu aukera iristen zaionerako. Sekulako ilusioa piztuko lioke Realaren aurka minutu batzuk jokatzea Anoetan.
Ate joka duzue Realaren aurkako derbia. Nabaritu al duzu zerbait berezia aste honetan Lezaman?
Beti bezala, hiru puntu izango ditugu jokoan, baina egia da aldarteari dagokionez pisu handia izan dezakeela irabazteak edo galtzeak. Guri bikain etorri zaigu astebeteko atsedena hartzea, jokalariak indarberritzeko eta fisikoki beste aurrerapauso bat emateko. Niri sekulako ilusioa pizten dit Anoetan jokatzeak.
Gipuzkoarra izaki, are bereziagoa al da derbi hau?
Lagun kuadrillan Realaren zale asko ditut, eta adar jotzen hasiak dira. Ea irabazten dugun, adarra nik haiei jotzeko. Familian ere denetarik daukagu. Lau anaia gara: bati ez zaio futbola gustatzen, bestea Realaren zalea da, bestea Athleticena, eta ni ere bai. Giro berezia sumatzen dut. Zarautzen bizi naiz, Jose Angel Iribarren herrian. Hari esker, zale zuri-gorri asko dago inguruan, eta polita da babes hori nabaritzea.
Sekula ez al zara egon Realetik hurbil?
12 urterekin hasi eta 15 urtera bitarte Zubietan ibili nintzen. Oso ongi lan egiten da bertan, Lezaman bezala, baina gero ez nuen aukerarik izan jarraitzeko. Handik kanpo eraiki behar izan nuen etorkizuna. Uste dut maila guztiak pasatu ditudala: Hirugarren Mailan hasi eta Lehen Mailara arte. Oso harro nago lortzen ari naizenaz.
Espero zenuen Lehen Mailara iristerik?
Inola ere ez. Ezta Bigarren Mailara ere. Baina egia da nire aukeretan sinetsi dudala beti. Fisikoki ongi prestatuta egon naiz, eta buruz ere gogorra izan naiz. Athleticeko jokalaria izanda, amets bat bizitzen ari naiz, baina ez naiz konformatzen. Ahalik eta gehien jokatzea dut helburu.
Iragan sasoiak aldatu zuen zure ibilbidea: hamabost gol sartu zenituen Mirandesekin.
Ikaragarria izan zen. Beti edukiko ditut gogoan hango bizipenak. Ikusi besterik ez dago talde hartako zenbat jokalari ari garen orain Lehen Mailan. Entrenatzailea ere aparta genuen: Alessio Lisci. Oso gertukoa da, eta asko daki. Hamabost gol sartu arren, ez nuen espero Athleticek atea zabaltzerik, baina aukera eman zidaten, eta oso pozik nago.
«Valverdek esan zidan partida itxietan eta gogorretan aintzat hartuko nauela; edozertarako prest nago»
Derbiari begira jarrita, bi taldeak zaudete bolada zail samarrean.
Dinamika txarrean gabiltza biak, bai. Realak irabazi egin zuen azken partida, baina, derbia galduz gero, kolpea hartuko luke berriro. Gu, berriz, Getaferen aurka galduta, egoerari buelta emateko itxaropenez gaude. Partida itxia espero dugu, ez oso ikusgarria. Baliteke bi areetako lanak baldintzatzea emaitza.
Zuek zer moduz zaudete aldartez? Ernesto Valverdek hitzaldi pare bat eman dizkizue.
Kezkarik eta haserrerik ez du agertu entrenatzaileak, baina aztertu dugu non eta nola hobetu dezakegun jokoa. Valverderengan konfiantza izugarria daukagu denok. Plan bat dauka derbirako, eta kasu egin behar diogu. Badakigu irabaztea eskura izango dugula baldin eta hark pentsatutakoa egiten badugu zelaian.
Ustez, inoizko talde onena zeukan Athleticek, baina emaitzak ez datoz bat uste horrekin. Zer gertatu da?
Ez dakit, baina ez gara nahi bezala funtzionatzen ari. Lesioekin zorte txarra izan dugu, eta baliteke egutegiaren zama nabaritzea. Gainera, aurkarien errespetu handiagoa daukagu orain, eta talde guztiek bikain prestatzen dituzte gure kontrako partidak. Ez dago aitzakiarik. Dakigun bakarra da hobetu beharra daukagula.
Txapeldunen Liga aipatu duzu, eta zu ez zaude izena emanda bertan. Nola daramazu hori?
Horren berri izan nuenean, dezenteko kolpea hartu nuen, gogorra egin zitzaidan onartzea, baina jada eman diot buelta. Aurrera begira nago. Txapeldunen Ligako partidetara gozatzera joaten naiz San Mamesera, beste edozein ikusle bezala.
«Badakigu irabaztea eskura izango dugula baldin eta Valverdek pentsatutakoa egiten badugu zelaian»
Ligan ere ez duzu askorik jokatu orain arte. Konforme al zaude?
Aurrez banekien nora nentorren. Postu guztietan bezala, aurrelarion artean ere lehia handia daukagu, eta zaila da jokatzeko aukera izatea. Dena den, denboraldiak aurrera egin ahala, lesioak izango dira, kargak handitu ere bai, eta baliteke aukerak izatea. Valverdek esan zidan partida itxietan eta gogorretan aintzat hartuko nauela; edozertarako prest nago.
Pentsatuta daukazu gol bat sartuz gero nola ospatu?
Agian negar egingo dut. Bikaina litzateke gol hori San Mamesen sartzea, baina Anoetan sartzea ere ez legoke gaizki.
Datorren urteko ekainean amaituko zaizu kontratua. Zer asmo daukazu?
Udan izan nuen beste talderen batera joateko aukera, baina Athleticen geratzea zen nire lehentasuna. Aurrera begira ere asmo hori daukat. Neguko merkatuan ez nuke atera nahi. Ikusiko dugu zer moduz doan sasoia, eta gero gerokoak.
IGOR ZUBELDIA: «GARAI ONEAN jokatuko dugu DERBIA»
Realak irabazi egin ditu azken bi partidak, Sevillaren eta Negreiraren aurka. Igor Zubeldiaren iritziz, bi garaipen horiei esker, taldea bide «onean» dago. «Bi partida horiek irabazi izanak pauso txiki bat emateko gaitasuna eman digu». Hori kontuan hartuta, iritzi dio «garai onean» jokatuko dutela Athleticen aurkako derbia, larunbatean, Anoetan. Argi du zer helburu duten: «Irabazten badugu, beheko postuetatik aterako gara behingoz. Hori egin nahi dugu».
Athleticen, berriz, beste jokalari batek min hartu du: Maroan Sannadik. Aurrelariak aspaldi zuen min eskuin belaunean, baina ez dio jokatzeari utzi. Lesioak, ordea, okerrera egin du, eta astelehenean bertan egingo diote ebakuntza. Hiru hilabete inguru egongo da jokatu gabe.
 
     
    