Ion Izagirrek bizikleta gainean esango du agur, azkenean Lombardian lehiatuko baita

Iragan astean ezkerreko eskumuturra apurtu zuen entrenamendu batean, baina ferula batekin lehiatuko da. Bestalde, Euskaltel-Euskadik gertuago du UCIko lehen 30 taldeen artean sailkatzea, gaur Aljerian 92 puntu batu baititu.

Ion Izagirre aurtengo Miguel Indurain sarian. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Izagirre aurtengo Miguel Indurain sarian. IÑIGO URIZ / FOKU
ainara arratibel gascon
2026ko urriaren 7a
17:33
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ion Izagirrek (Cofidis) bizikleta gainean esango dio azkenean agur bere kirol ibilbideari. Lombardiako Tourra korrituko du larunbatean. Ezker eskumuturrean ferula bat duela parte hartuko du, iragan astean eroriko bat izan baitzuen entrenatzen ari zela, eta eskumuturra apurtu zuen. Hala, bazirudien ezingo zela gehiago lehiatu, eta modu horretan hartuko zuela erretiroa. Baina gaur jakinarazi du horren berri, eta lasterketa horretan izango da. «Bizikleta gainean amaitu nahi nuen nire kirol ibilbidea», esan du Loiuko aireportura bidean Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan. Aitortu du bertan egote hutsa «garaipen baten parekoa» dela. 

Esan du badakiela ez duela ondo pasatuko: «Medikuekin, familiarekin, fisioterapeutekin... denekin hitz egin ostean hartu dut erabakia. Ahal genuen guztia egin dugu bertan egoteko».

Izagirrek 37 urterekin eta profesionaletan hamazazpi denboraldi ondoren eskegiko du bizikleta. Azken sasoi honetan gorabehera asko izan ditu, baina birritan altxatu ditu besoak helmugan: Miguel Indurain sari nagusian eta Marco Pantaniren Oroimenezkoan. Azken garaipen hori hilaren 12an lortu zuen, eta, bere burua sasoiko ikusten zuenez, itxaropentsu zegoen azken lasterketetara begira.

Hennequinek etapa, eta Mintegik eta sailkapen nagusia, Aljerian

Bestalde, Euskalt-Euskadik gertuago du UCIren 30 talde onenen artean sartzea, eta, hala, datorren urtean aukera izateko itzuli handietan parte hartzeko gonbidapena jasotzeko. Lasterketa batzuk falta dira oraindik, baina oraintxe bertan postu horretan dago. Aljerian jokatzen den El-Djazair itzulian lortutako puntuei esker lortu du bertan sartzea. Gaur jokatu da azken etapa, eta Iker Mintegik sailkapen nagusia irabazi du. Hala, 40 puntu eskuratu ditu. Gainera, bigarren geratu da Danny van der Tuuk taldekidea, (30 puntu), seigarren Nico Alustiza (10 puntu) eta zazpigarren Jonathan Lastra (5 puntu). Horrekin batera, Hennequinek etapa irabazi du gaur. Beraz, beste beste zazpi puntu poltsikoratu ditu. Guztira 92 dira.

Aste honetan Jorge Azanza Euskalteleko zuzendaria zerrenda horretan 30. egotearen garrantziaz hitz egin du BERRIAri emandako elkarrizketa batean. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA