Futbola

Irabazi, eta gozatu

Athletic eraginkorra izan da erasoan, eta sendo agertu da defentsan. Nico Williamsek gol eder batekin ospatu du kontratu berritzea. Zuri-gorriak pauso sendoak ari dira ematen Europarako bidean.

Athletic Nico Williams
Nico Williams, laugarren gola ospatzen. Javier Zorrila / EFE
haritz gallastegi
2023ko abenduaren 03a
05:00
Entzun

Arratsalde biribila izan zen San Mamesekoa. Athleticek jipoitu egin zuen Rayo Vallecano, eta Europara sailkatzeko asmoa ez dela txantxa berretsi zuen jarraitzaileen aurrean. Ia 45.000 zalek ikusi zuten zer egiteko gai den egungo Athletic. Eta gauza asko egiteko ahalmena du. Madrilgo taldearen aurkakoa bosgarren partida izan zen galdu barik errenkadan. Eta, Gironan gertatu legez, aurten erasoan erakusten ari den joari defentsako sendotasuna gehitu zion. Konfiantza hartu eta baikor izateko indarra ematen duen garaipena izan zen, aitzakia barikoa.

Neurketa atarikoak ez zuen ezer onik aurreikusten. Mikel Vesgak min hartu zuen beroketa ariketak egiten ari zen bitartean. Ondorioz, Valverdek ezin izan zuen hirugarren aldiz jarraian hamaikako berbera zelairatu. Dani Garcia min hartuta dagoenez, Ander Herreraren aldeko apustua egin behar izan zuen entrenatzaileak gasteiztarraren lekua betetzeko. Galarreta eta Herrera elkarrekin lehen aldiz hasieratik. Sormen lanerako jokalari aproposak, baina, era berean, defentsako lanerako zein aurkariaren indarra gelditzeko zalantza eragin dezaketen futbolariak. Bada, atzo haiek izan ziren nagusi. Ondo hartu zuten elkar, eta ez zuten asko sufritu. 

Athleticek lau eta huts irabazi zuen, baina bost gol sartu zituen. Izan ere, Gorka Guruzetak hamalaugarren minutuan sartutako gola baliogabetu egin zuen epaileak. Aurrelari donostiarrak ezkerrez egindako errematearen aurretik, erdiraketa egin zuen Nico Williams apur bat aurreratuta zegoen. Ordurako talde zuri-gorria hasia zen jokoan nagusitzen. Rayok arriskuak hartzen zituen baloiaren irteeran, eta aurrean egindako presioa baliatu zuten lehoiek markagailuan aurrea hartzeko. Iñaki Williamsek eskuin hegalean egindako presioak eragina izan zuen. Baloia Sanceti iritsi zitzaion, eta nafarraren pasea eskuin oinaren kanpoaldearekin errematatuta baliatu zuen Guruzetak. Beste arlo askotan laguntzeaz gain, denboraldiko zazpigarren gola sartu zuen atzo. Markagailuan aurrea hartzeak lasaitasuna eman zion Athletici. Erasoan ez zen erauntsi bat izan, baina defentsan ia ez zion aukerarik eman kontrarioari. 

Hala ere, gol baten aldeak ez zuen lasaitasunik ematen. Beste bat sartu beharra zegoen. Bada, garaipena bideratu zuen gola bigarren zatia hasi bezain pronto lortu zuen. Zortez. Iñakik erdiraketa eskuin hegaletik, baloiak Espinoren hankan jo eta norabidez aldatu ondoren, sareetara. Opari ederra. 

Azken ordu erdian Williams anaiak izan ziren protagonista. Iñakik erabaki zuen lehia, hiru eta hutsekoa eginda. Zazpigarren gola harentzat ere. Eta azkena gola asteko protagonistak egin zuen. Lekuek ezker hegaletik pasea area barrura, eta anaia gaztearen eskuinkada zehatzak zutoina jo, eta barrurako bidea hartu zuen Athletic sailkapeneko goiko postuetan egonkortzeko. 

Aukera ona Alavesek

Beste aurkari zuzen baten aurka jokatuko du gaur Alavesek, Mallorcaren aurka (14:00 DAZN). Gasteizko taldeak bolada ona mantendu nahi du, eta kolokan dagoen Mallorca oso ahul dago. Oraindik ez du etxean irabazi, eta Javier Agirre entrenatzailearen jarraipena zalantzan dago. Alaveseko entrenatzaileak, Luis Garcia Plazak, bere taldeak estrategia jokaldiei arreta jartzeko beharra azpimarratu du, eta Mallorcaren aireko jokoari balioa eman dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.