Itxura ona hartzen ari da txapelketa Ferrari etxeko Fernando Alonsorentzat. Ez zuen irabazi Hungariako Sari Nagusian, herenegun, baina irabazi gabe irabazten jarraitzen duela esan daiteke. Lewis Hamilton igo zen podiumaren gorenera, eta Alonsok sendotu egin zuen Munduko Txapelketako lidergoa. Bere aurkari zuzenen dantza ikusten ari da, postu horrek madarikazioren bat duela baitirudi. Azken lasterketetan Mark Webber da txapelketan bigarren dagoena, eta, beraz, Alonsoren gertueneko aurkaria.
Alemanian eta Hungarian, baina, zortzigarren postuan amaitu du. Hamilton zen Europako Sari Nagusira arte txapelketako lider, Alonsoren aurretik. Iritsi zen Valentziako lasterketa eta Hamiltonek ez zuen amaitu, Maldonadorekin izandako istripu haren ondorioz. Lehenago, Vettel zegoen Ferrarikoaren jomugan. Kanadan eta Monakon atzera egin zuen, ordea.
Alonsok ere izan ditu bere gorabeherak. Oraingoz dituen hiru garaipenak nabarmendu behar badira ere, lasterketa grisagoak izan ditu. Txinan eta Bahreinen puntu gutxi bildu zituen, kasu. Igandekoa urteko hirugarren emaitza txarrena du, bosgarren amaitu baitzuen. Hirutan egin du aurten bosgarren. Ezin da esan sekulako emaitza lortu zuenik, baina Webberrek haren atzetik amaitu zuela ikusirik, balantze positiboarekin agurtu zituen Hungariako lurrak. Webberrek asteburu ustela izan zuen berriro ere, Monakon eta Silverstonen uxatuak ziruditen zalantzak berriro sortuz. Urte osoan goi mailan ibiltzeko erregulartasuna ote du australiarrak?
Webberren kasuan bezala, galdera hori Alonso ez beste guztiei ere egin beharko litzaieke. Vettelek bere momentua izan zuen, baina berriro maila horretara iritsi ezinda dabil. Hamiltonek aro beltz bati amaiera jarri zion igandeko garaipenarekin. Asteburu osoa izan zen nagusi McLarenekoa, eta horrek konfidantza berreskuratzeko balioko zion. Alonso lider nabarmena da, puntuei dagokienez. Baina hura ere sufritzen ari da zenbait lasterketatan. Ez dago gidari dominatzailerik, ezta biren arteko lehiarik ere.
Lehen hamaika lasterketak igaro ostean txapelketak oso itxura zehaztua du. Alonsok ihes egin du eta atzean oso berdinduta daude indarrak. Espainiarrak berrogei puntura du Webber. Haren atzetik ez dago ezertarako tokirik: Webber, Vettel, Hamilton eta Raikkonen zortzi punturen tartean daude. Horiek dira Alonsoren ihesaldia neutralizatu behar dutenak, tropel baten modura. Baina logikoa denez, ez daude elkarrekin lan egin eta espainiarraren bila joateko asmotan. Bakoitzak bere burua lehenesten duenez, elkarri kalte egiten diote. Guztiaren onuradun Ferrariko gidari indartsua da.
Horrela hartuko dituzte abuztuko oporrak, irailean itzuliko baitira lasterketak Belgikan.
Irabazi gabe, aldeak gora
Lewis Hamilton gailendu da Hungariako Sari Nagusian, eta Fernando Alonsok lidergoa sendotu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu