Espainiako Kopako finala

«Ezin da hitzez azaldu zer sentitzen den irabaztean»

Juanan Larrañaga eta Sandra Ramajo Espainiako Kopa irabazitakoak dira Realarekin. Futbolari zirenean baino lasaiago hartuko dute larunbateko finala, baina ilusioz. Uste dute faborito ez izateak mesede egiten diola Realari. Taldea sasoi onean ikusten dute.

Juanan Larrañaga eta Sandra Ramajo, Zubietan, Realaren bufanda bat eskuetan dutela. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Juanan Larrañaga eta Sandra Ramajo, Zubietan, Realaren bufanda bat eskuetan dutela. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
ainara arratibel gascon
Zubieta
2026ko apirilaren 15a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Juanan Larrañaga (Azpeitia, Gipuzkoa, 1958) eta Sandra Ramajo (Irun, Gipuzkoa, 1987) Realarekin txapeldun izandako jokalariak dira, eta argi dute: «Ezin da hitzez azaldu zer sentitzen duzun irabazten duzunean: deskribaezina da». Biek irabazia dute Espainiako Kopa, Larrañagak 1987an, Zaragozan —bi liga ere irabazi zituen aurrez—, eta Ramajok, berriz, 2019an, Granadan. Hain justu, Atletico Madrilen aurka gailendu ziren, larunbateko finalean talde txuri-urdinak Sevillan izango duen aurkari beraren kontra, alegia. Futbolari zirenean «arduraz eta urduri» bizi izan zuten hura «ilusioz» hartuko dute orain, «baina urduri samar ere bai». Biak Sevillan izango dira: Larrañaga, EITBrentzat aditu lanak egiten, eta Ramajo, berriz, elastikoa eta bufanda jantzita, harmailetan, Realaren emakumezkoen taldeko gaztetxoen mailako entrenatzaileekin —Ramajo da talde horretako lehen prestatzailea— eta familiarekin. Egunaz disfrutatzeko irrikaz dira, pandemia zela-eta 2021eko titulua ezin izan baitzuten nahi bezala gozatu. Mikel Oiartzabal garaikurra jasotzen ikusten dute biek. 

1987ko finalerako ikusmin handia zegoela azaldu du Larrañagak, baina bazela alderik gaur egungoarekin: «Orduan ez zegoen sare sozialik, ezta sakelako telefonorik ere. Beraz, nahiko lasai igaro ahal izan genituen aurreko egunak. Entrenatu, eta ni, behintzat, kalera ohi baino gutxiago ateratzen saiatzen nintzen. Hedabideekin tratu zuzenagoa izaten zen, etxeko telefonora deitzen ziguten elkarrizketak egiteko, eta lasai asko egiten genituen. Gure artean baziren arau moduko batzuk tratu horretarako, bakoitzak bere lana ondo egiteko». Gogoan du finalaren egunean «bero handia» egin zuela: «Asko sufritu genuen»; baita Realaren hainbeste zale harmailetan ikustea oso berezia izan zela ere. «Horrek ikaragarrizko indarra eman zigun».

Atletico Madril zen faborito: «Haiek irabazitzat ematen zuten finala. Baina guk garbi genuen zer egin behar genuen: serio eta ondo jokatu, ahalik eta huts gutxien eginda». Hala izan zen. Bi aldiz jarri ziren aurretik, baina Atletico Madrilek berdintzea lortu zuen: 2-2. Azkenerako, penaltietan ebatzi zen finala. Penaltiak nork jaurtiko zituen erabaki zutenekoa ez du berehalakoan ahaztuko: «Toshackek galdetu zigun ea nor zegoen prest penaltiak jaurtitzeko, eta gazteenak izan ziren ausartenak. Gogoan dut Martin Begiristainek eta Musti Mujikak berehala esan zutela baietz». Larrañagak bat jaurti zuen: «Zelai erditik penalti puntura joateko tartea amaigabea egiten da. Baina nik zera izan nuen buruan etengabe: nora eta nola jaurti behar nuen». Bazekiten penaltietara iritsiz gero aukera asko zituztela irabazteko: «Luis [Arkonada] zegoen atean, eta argi genuen baten bat geratuko zuela. Jaurtitzaileek asmatzea zen gakoa». Hotelean ospatu zuten gero: «Jokalarion senideak etorri ziren, eta denok elkarrekin ospatu genuen. Gaua luze joan zen».

«Toshackek galdetu zigun ea nor zegoen prest penaltiak jaurtitzeko, eta gazteenak izan ziren ausartenak. Gogoan dut Martin Begiristainek eta Musti Mujikak berehala esan zutela baietz»

JUANAN LARRAÑAGA Realeko futbolari ohia

Ramajorentzat oso berezia izan zen Granadako finala, Realarekin jokatu zuen azken neurketa izan baitzen. Ez zuen aukerarik izan zelaian egoteko, lesio luze batetik osatu berria baitzen, baina, kapitaina izanda, garaikurra berak jaso zuen: «Burbuila moduko batean nengoen orduan. Inguruaz ahaztu, eta momentua bizitzen duzu, horretaz askorik ohartu gabe. Jaitsi nintzenean eta taldekideei kopa eman nienean hasi nintzen konturatzen txapeldun ginela».

Lehen aldiz jokatu zuten final bat: «Atletico Madril genuen aurrean, orduko talderik indartsuena. Astebete lehenago irabazi egin ziguten ligan, Zubietan, eta ligako txapeldun izan ziren». Tekniko-taktikoki ez ezik, buruz ere prestatu behar izan zuten finala: «Dena berria zen guretzat. Psikologikoki lanketa handia egin genuen, finaleko egoera posible guztiak irudikatzeko, eta horiei nola aurre egin jakiteko. Gauza bat genuen argi: edozer gerta ere, gure planari eutsi behar geniola, eta azkenera arte lehiatu». Estadioa bera ere irudikatu zuten: «Gu ez geunden ohituta halako zelai handi batean jokatzera, ezta hainbeste jenderekin ere. Irudikatze lan horretan asko lagundu zigun goizean estadiora joan izanak». 

«Dena berria zen guretzat. Psikologikoki lanketa handia egin genuen, finaleko egoera posible guztiak irudikatzeko, eta horiei nola aurre egin jakiteko»

SANDRA RAMAJO Realeko futbolari ohia

Aitortu du aste «berezia eta presio handikoa» izan zela: «Elkarrizketa ugari eman behar izan genituen, jende mordoa etorri zen gu entrenatzen ikustera...». Baina asmatu zuten horretatik ere apur bat aldentzen: «Oihana Aldairen [taldeko atezainetako bat] baserrian bazkari bat egin genuen taldekide guztiek». Argi du noiz jabetu ziren finala jokatzeak zuen oihartzunaz: «Estadiora gerturatu ahala, zur eta lur geratu ginen. Autobusaren inguruan zale ugari ikusi genituen elastiko txuri-urdinekin. Bagenekien jendea etorriko zela, baina ez genituen hainbeste zale espero. Oso hunkigarria izan zen». 

Atletico Madrilek 1-0 hartu zuen aurrea finalean, baina txuri-urdinek emaitza irauli zuten. Nahikarik sartu zuen txuri-urdinen bigarren gola, 60. minutuan. «Hortik aurrera, asko sufritu genuen. Haiek etengabe iritsi ziren gure atera: erdiraketak, jaurtiketak... Baina Mariasunek [Quiñones, atezaina] sekulako partida egin zuen. Aulkian ezin genion eutsi. Ezin genuen sinetsi irabazten ari ginenik. Pentsa, ospakizuna Atletico Madrilek aldez aurretik hartuta zeukan dantzalekuan egin genuen. Guk ez geneukan ezer hartuta, ez baikenuen uste irabaziko genuenik».

Granadako ospakizunekin ez ezik, Donostiakoekin ere akordatzen da: «Zubietara iritsi ginenean, zalez beteta zegoen. Ia ezin ginen autobusetik jaitsi ere. Zuzenean Donostiara joan ginen, eta, arratsaldean, Anoetan ospatu genuen, mutilen lehen taldea Real Madrilen aurka jokatzekoa baitzen. Ahaztezina izan zen hura, baita herrietan barna egin genuen ibilbidea ere». Halaber, nabarmendu du garaikurrak garrantzi handia izan zuela emakumezkoen taldea garatzeko: «Kluba urrats asko egiten ari zen, baina, hortik aurrera, bizkorrago egin ziren ziurrenik. Zale gehiago erakartzeko ere balio izan zuen».

(ID_15973323) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2026-04-10, Donostia. Futbola
Juanan Larrañaga eta Sandra Ramajo, elkarrekin hizketan, Zubietan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Larunbaterako baikor

Granadako eta Zaragozako finalak gogoan, larunbatekoari begira jarri dira. Ramajok nabarmendu du «oso gogotsu» dabiltzala azken egun hauetan: «Pandemia zela-eta ez genuenez aukerarik izan azken finala bertatik bertara ikusteko, denak irrikaz gaude egun hori iristeko. Reala finalerako sailkatu zenetik, zale guztiok hori baino ez dugu buruan. Berezia izango da». Larrañaga bat dator horrekin: «Itxaronaldia luze egiten ari da, eta espero dugu denok gozatu ahal izatea». 

Partida «benetan zaila» espero du Larrañagak: «Baina, ligan elkarren kontra jokatu zuten azken aldian, galdu arren, Reala gai izan zen Atletico Madrilekin lehiatzeko. Taldea ondo ikusten dut. Atletico Madrilekoak dira faborito, baina, esan bezala, gure garaian ere hala zen, eta irabazi egin genuen. Faborito ez izatea ona da. Ni, behintzat, baikor naiz». Ramajok partida «oso polita» espero du: «Atletico Madril talde handia da, eta ohituago dago halako partidak jokatzera. Baina Reala bikain ari da, batez ere erasoan. Gai da partida bakoitzak eskatzen duen horretara egokitzeko, eta ez du etsitzen. Gainera, erakutsi du partidak iraultzeko gaitasuna duela. Hori oso garrantzitsua da final bati begira. Jokalariak konfiantza handiz daude, eta lasai ikusten ditut». Gainera, uste osoa dute Pellegrino Matarazzok finalerako prestatu duen planean: «Iritsi zenetik erakutsi du gai dela partidak iraun bitartean gauzak aldatzeko, eta aldaketetan asmatu egiten du».

«Reala bikain ari da, batez ere erasoan. Gai da partida bakoitzak eskatzen duen horretara egokitzeko, eta gainera, erakutsi du markagailuak iraultzeko gaitasuna duela. Hori oso garrantzitsua da final bati begira»

 SANDRA RAMAJO Realeko jokalari ohia

Larrañagak zera uste du, Atletico Madrilek Realaren esku utziko duela jokoaren ekimena hartzea. «Azken batean, Simeoneren taldea hobeto moldatzen da kontraerasoan, eta hor Realak sufritu egiten du. Bizkarrera min handia egiten diote. Hori ondo zaindu beharko du. Baloia duenean ere sendo eta ondo kokatuta egon beharko du, ez dezan galera inozorik izan, eta Atletico Madril kontraerasora atera ez dadin». Ramajo ere antzera mintzatu da: «Taktikoki ondo ordenatuta egon behar dute, eta presioan asmatu. Juananek dioen moduan, ez zaie zuzen jokatzen utzi behar, trantsizioetan oso bizkorrak eta arriskutsuak baitira. Nire ustez, Realak asmatu egingo luke partidako tarte batzuetan baloia Atletico Madrili utziz gero».

Lehen minutuak funtsezkoak izango direla nabarmendu dute: «Oso adi irten behar dute, eta beldurrik gabe aritu. Aurkariak ikusten badu beldurrez daudela, min egiten saiatuko da», berretsi du Larrañagak. Ramajok hau erantsi du: «Nire ustez, funtsezkoa da zati bakoitzaren hasieran eta bukaeran ondo egotea. Baloia izaten ahalegindu behar dute, eta aurkariaren zelaian jokatzen».

Biek Kopa irabazi zutenean, atezainen jarduna erabakigarria izan zen. Oraingo honetan, horixe da zalantza nagusietakoa Matarazzok aterako duen hamaikakoari dagokionez: Remirok edo Marrerok jokatuko duen. Biek uste dute Marrero arituko dela. «Min hartuta egon ez denean, Kopako partidak hark jokatu ditu, eta lan ona egin. Uste dut merezi duela», dio Larrañagak. Hau esan du Ramajok: «Kanporaketa batzuetan, Osasunaren aurka adibidez, haren jarduna erabakigarria izan zen. Kopako atezaina da, eta iruditzen zait horri eutsi behar zaiola».

«Uste dut penaltietan irabaziko dutela, guk egin genuen bezala; sufrituta, baina titulua etxera ekarriko dute»

 JUANAN LARRAÑAGA Realeko jokalari ohia

Biak baikor dira finalari begira: «Uste dut penaltietan irabaziko dutela, guk egin genuen bezala; sufrituta, baina titulua etxera ekarriko dute». Ramajok ere espero du Realak irabaztea: «Nik uste dut 1-2 irabaziko duela, emaitza iraulita».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA