Jakinarazi dute jada noiz izango den Euskal Herria Txapela lehiaketako bederatzigarren finala: irailaren 4an izango da, 20:00etan, Lasesarren, Barakaldon (Bizkaia). Athleticek eta Osasunak jokatuko dute finala, talde horiek lortu baitzituzten puntu gehien joan den denboraldian ligan jokatutako derbietan. Bizkaitarrek hamabi puntu eskuratu zituzten, eta, nafarrek, aldiz, bederatzi. Alavesek eta Osasunak berdindu egin zuten puntuei dagokienez, baina, gol aldea kontuan hartuta, gorritxoak sailkatu ziren finalerako. ETBk zuzenean emango du partida.
«Ez da lagunarteko partida bat, Euskal Herriko txapela baitago jokoan»
KIKE ZURUTUZA Euskal Herria Kirola elkarteko bozeramailea
Lasesarren bildu dira gaur prentsaurrekoa egiteko, partida jokatuko den zelai berean. Bertan izan dira Markel Susaeta Athleticeko kapitain ohia eta Mikel Garcia atleta, bi horiek omenduko baitituzte aurtengo edizioan. Susaetaren ibilbide historikoa goraipatu nahi izan dute, 2007tik 2019ra izan baitzen zuri-gorria; eibartarrak erdi-punta gisa eta eskuin hegalean jokatu zuen. «Partida gehien jokatu dituen jokalarietako bat da», adierazi du Kike Zurutuza Euskal Herria Kirola elkarteko bozeramaileak. 500 partida baino gehiago jokatu zituen Athleticekin, eta 50 gol baino gehiago sartu. Adierazi du haientzat «kirolari eredugarria» dela: «Gainera, Euskal Herria Kirolaren balioak bultzatu ditu beti: noblezia eta euskara».
Garcia, berriz, munduko txapelduna izan da 400 metroko, 800 metroko eta 1.500 metroko probetan, T21 mailan —Downen sindromea duten kirolarientzako kategoria espezifikoan—, eta haren kirol ibilbidea aintzat hartu nahi izan dute antolatzaileek. «Haren ibilbidea omendu nahi izan dugu, eta baita hura bezala desgaitasun bat izanda kirolean aritzen diren pertsonak ere», nabarmendu du Zurutuzak. Jose Angel Iribar Athleticeko atezain ohia ere aurkezpenean izan da.
Osasunak seigarren aldiz jokatuko du Euskal Herria Txapela lehiaketako finala, eta, beraz, partida gehien jokatu dituen taldea izango da. Bestalde, Athleticek lortu ditu txapel gehien: hiru. Iaz ere zuri-gorriek irabazi zuten, Lasesarren.
Sarrerak bihar eskuragarri
Antolatzaileek finala irailaren hasieran jokatzea erabaki dute, ostegunez. Izan ere, asteburu horretan ez dute ligako partidarik izango. Iragarri dute 90 minutuko partida izango dela, ohi bezala, baina ez duela luzapenik izango. Talde bakoitzak asko jota sei aldaketa egin ahal izango ditu, eta, berdinketa izanez gero, penaltietan erabakiko da lehia. Jakinarazi dutenez, zenbait zozketa ere egingo dituzte egunean bertan, partidako atsedenaldian.
Zurutuzaren arabera, jada finkatuta dagoen proiektu bati jarraipena emango diote aurten ere. Ziurtzat jo dute giro ona egongo dela: «Ez da lagunarteko partida bat, Euskal Herriko txapela baitago jokoan».
Txapela nork eramango duen ikusteko sarrerak ehkirola.eus atarian egongo dira salgai bihartik aurrera, eta egunean bertan ere erosi ahalko dira, Lasesarren. Athleticeko, Osasunako eta Barakaldoko bazkideek %50eko deskontua izango dute.