Esan daiteke uda garaiko kirola dela arrauna; eta, justuki, urtaro horretan sartzearekin batera hasiko da KAE 1 liga: ekainaren 21ean. Erlojuaren aurka arituko dira gaur (13:00), Astilleron (Espainia), hamabi talde: Arkote, Astillero, Camargo, Castreña, Deustu, Hondarribia, Santurtzi, Lapurdi, Pedreña, San Pedro, Zarautz eta Zumaia. Traineruek goxo hartuko dituzte eguzki izpiak, eta gogoz uretaratuko dira, neguko «lan gogorra» atzean utzita.
Izan ere, liga udan jokatu arren, orain arte jo eta ke entrenatzen ibili dira den-denak, eta guztiek desio dute ondo hastea. Erlojua eta presioa izango dira gaur ontzien jarduneko etsai nagusiak, luzeak banaka egingo dituztenez ez dituztelako gainerakoen erreferentziak izango. Bi txandatan aterako dira.
Lehiarako prest dira Imanol Olasagasti San Pedroko arraunlaria eta Battit Ondikola Lapurdikoa. Argi esan du Ondikolak: «Guk nahiago dugu aurkariak ondoan izatea, baina lehen estropadarako ongi da erlojupekoa, bakoitza bere lanean zentratzeko; sekretu gutxi, tira eta tira egin beharko dugu, eta ikusiko da bakoitza non den». Olasagastiren ustez, erjoluaren aurkakoa modalitate «zintzoa» da, baldintza bertsuetan lehiatuko direlako ontzi guztiak: «Polita izango da».
Bihar, berriz, Pasai San Pedron (Gipuzkoa) neurtuko dituzte indarrak. «Asteburu nahiko teknikoa izango da, ziaboga askokoak baitira bi estropadak. Ez da erraza izango, baina gogotsu gaude. Etxekoa izateak, gainera, beti ematen du plus hori», azpimarratu du Libia ontziko arraunlariak. Iazkoa denboraldi zaila izan zen San Pedrorentzat; Eusko Label ligan 11. postuan egon zen sasoi osoan, eta mailaz jaitsi zen azkenean. Osatu dira kolpetik, baina: «Beti izaten dira aldaketak, igoerak eta jaitsierak, eta lehengo urtean jaitsiera tokatu zen. Ez dira samurrak izaten, baina indarberritu gara, eta segituan sartu gara dinamika berrian; gogotsu gaude».
«Asteburu nahiko teknikoa izango da, ziaboga askokoak baitira bi estropadak. Ez da erraza izango, baina gogotsu gaude»
IMANOL OLASAGASTI San Pedroko arraunlaria
Olasagastik iaz ez zuen arraun egin, ez baitzegoen prest maila gorenak dituen exijentziei aurre egiteko; gogoz itzuli da aurten: «Talde berria eta gaztea osatu dugu, baina oso ondo ari gara erantzuten. Indartsu gaude». Aitortu duenez, neguko estropadetan ez dira nahi bezala aritu, baina «puntu politean» iritsi dira liga hasierara. «Helburua aurreneko bi postuei lehenbailehen heltzea da, baina gehiegi fidatu gabe. Konfiantza izan behar dugu, bai, baina fidatu gabe».
Aurreneko bi asteburuetan lau estropada jokatuko dituzte, bina jardunaldi. Beraz, «inportantea da» ondo hastea: «Sendo egon behar dugu arlo guztietan». Hori uste du Ondikolak ere. Taldea «ongi» dagoela esan du: «Negua pixka bat konplikatua izan dugu, nahiko arraunlari gutxi izan baititugu. Baina Pasai Donibanetik 4-5 arraunlari etorri dira, eta haiekin hobeto gaude. Talde zabalagoa dugu, eta aldaketa batzuk egin ahal ditugu. Guretzat pozgarria da Gipuzkoatik arraunlari batzuk etortzea Ipar Euskal Herrira».
Ondikola bera ere aurten bueltatu da etxera; azken bost urteetan Hondarribian aritu da. «Lehengo urtean, irailean, [Lapurdiko] entrenatzaileak [Jon Salsamendik] utzi zuen; eta momentu hori pixka bat konplikatua izan zen talderentzat. Entrenatzen hasi behar zen, eta ez zen entrenatzailerik, ez zen arraunlaririk. Elkartetik deitu ninduten esku bat botatzeko, proiektua horretan ez geratzeko. Urte asko pasatu ditut etxetik kanpo, eta momentua izan da niretzat itzultzeko, lantaldea laguntzeko. Berriz martxan hasi, eta aurkitu genuen entrenatzaile bat, Mikel [Portularrume]. Azkenean, talde osoak ez, baina bizkarrezurrak hemen segitu du. Ea hobetzen dugun iazko maila».
«Talde osoak ez, baina bizkarrezurrak hemen segitu du. Ea hobetzen dugun iazko maila» BATTIT ONDIKOLA Lapurdiko arraunlaria
Argi du zer talde jo faboritotzat liga irabazteko eta Eusko Label ligara igotzeko: Santurtzi. «Besteen gainetik da. Eta, ondotik, talde pila bat ikusten ditut gutxi gorabehera maila bertsukoak. Bigarren mailan edo erditsuan lortzen badugu borrokatzea, uste dut estropada politak izango direla». Beste traineru bat ere nabarmendu du Olasagastik: Zarautz. «Neguko irakurketa eginez gero, badaude bi talde sendo: Santurtzi eta Zarautz. Lan polita egiteko gai direla demostratu dute lapurtarrek ere, zumaiarrek... baita Deustuk ere, ez genuen espero. Eta Chapela ere hor dago. Iruditzen zait segundo gutxiren barruan ibiliko garela ontzi asko; borroka egongo da, eta ea». Lehia estu horretan nor gailenduko, hortxe koxka.
KAE 2 liga ere, gaur
Ontzi mordoxka elkartuko dira gaur Astilleron. KAE 1 ligakoek ez ezik hantxe dute-eta estropada ETE eta KAE 2 ligakoek ere. Horiek ere erlojupekoa jokatuko dute. Sei ontzi lehiatuko dira gizonezkoen hirugarren mailan, eta lau ziaboga eman beharko dituzte, bost luzetan. Tik-tak, tik-tak, erlojua berehala jarriko da martxan.
KAE 1 liga
Klubak
Arkote
Astillero
Camargo
Castreña
Deustu
Hondarribia
Santurtzi
Lapurdi
Pedreña
San Pedro
Zarautz
Zumaia
Estropadak
Gaur. Astillero
Bihar. Pasai San Pedro
Ekainak 28. Donibane Lohizune-Ziburu
Ekainak 29. Portugalete
Uztailak 6. Zumaia
Uztailak 12. Plentzia
Uztailak 19. Zarautz
Uztailak 20. Gorliz
Uztailak 26. Pedreña
Uztailak 27. Santurtzi
Abuztuak 3. Hondarribia
Abuztuak 9. Camargo
Abuztuak 15. Castro
Abuztuak 16. Zarautz
Abuztuak 23. Bilbo