Lander Martin (Beorburu, Nafarroa, 2001) da azken urteetan Euskal Herrian izan diren iraupen eskiatzaileen artean onenetakoa. Distantzia luzeko Espainiako txapeldun izan den arren, orain ia ez du denborarik eskiatzeko, entrenatzaile ari baita. Argi dauka etorkizunean ere prestatzaile lanetan jardun nahi duela.
Neguko Olinpiar Jokoetan egon zara, Milanen eta Cortina d’Ampezzon, entrenatzaile. Zer moduz?
Hala da, Espainiako selekzioarekin egon naiz. Iraupen eskiatzaileek lasterketetan erabili behar zuten materiala prestatzeaz arduratu naiz batez ere. Hala ere, denetik egitea tokatu zait: kirolariekin gimnasiora joatea, haien lasterketak grabatzea eta berrikustea, anoa guneetan egotea… Marti Vigo hautatzailearekin eta Jaime Gil prestatzaile fiskoarekin batera, prestatzaile jardun dut. Oso esperientzia polita izan da. Munduko Kopako probekin alderatuta, Olinpiar Jokoak oso ezberdinak dira. Jokoetara joaten diren herrialde asko ez dira Munduko Kopan lehiatzen. Lasterketak bakarrik ez, hara iristea ere izugarrizko esperientzia da haientzat.
Olinpiar hirian zer-nolako giroa topatu zenuen?
Hori da Olinpiar Jokoetako gauzarik politenetakoa! Edonorekin hitz egiteko aukera dago, haiekin bazkaltzeko... Munduko Kopan, aldiz, bakoitza bere kabuz ibiltzen da. Olinpiar hirian ez ezik, lasterketa egunetan ere giro izugarria topatu dut.
Zer egiten du entrenatzaile batek Olinpiar Jokoetako lasterketa batean?
Oso goiz jaiki, zerbait gosaldu eta pistara joaten ginen eskiak probatzera. Egun horretarako egokienak zirenak aukeratzen genituen. Gaur-gaurkoz, Italiako selekzioarekin ari gara elkarlanean, eta haiekin trukatzen dugu informazioa. Ondoren, eskiak prestatzera joaten ginen. Baldintzak kontuan hartuta, argizaririk egokiena aukeratzen genuen, eta, ondoren, eskiatzaileei eraman. Behin lasterketa hasita, entrenatzaileak egon daitezkeen guneetara joaten ginen, lasterketa ikustera. Han, eskiatzaileek arazoren bat izanez gero, materiala prest izaten genuen berehala aldatzeko. Lasterketa amaitzean, eskiak garbitu behar genituen hurrengo lasterketetarako. Ez genuen atseden hartzeko denborarik!
Eskien argizariarekin asmatzea da lasterketetan ondo aritzeko gakoetako bat. Horren garrantzitsua al da?
Bai! Estilo klasikoan, esaterako, lasterketaren emaitzaren erdia horren araberakoa da. Kasu honetan, izugarrizko maldak zeuden, eta, halakoetan, argizariarekin asmatu ezean, dena pikutara joateko arriskua izaten da: asko aldatu daiteke emaitza. Gauzak ondo ateratzen direnean ez da inor konturatzen, baina alderantziz gertatzen denean…
Norvegiako eta Frantziako eskiatzaileak koska bat gorago egon dira. Hainbestekoa al da aldea?
Olinpiar Jokoak oso ondo prestatzen dituzte betidanik. Urte arraroa izaten da Olinpiar Jokoetakoa. Askok ez dute denboraldia bete-betean hasten, baina sasoirik onenean iristen dira egun garrantzitsuetara. Olinpiar Jokoetan asko izaten da jokoan.
Johannes Klaebo izan da Jokoetako izarretako bat. Urrezko sei domina irabazi ditu. Nola ikusi duzu?
Oso nagusi izan da, eta nahi duenean irabazten duela ematen du, gainera! Dena neurtua duela dirudi. Aurkariak baino azkarragoa eta hobea da. Lasterketa batzuetan gehiago kosta zaion arren, gehienak erraz irabazi ditu. Gainera, distantzia guztiak menperatzen ditu: esprint distantziatik hasi, eta 50 kilometrora bitartekoekin bukatu. Haren atzetik sailkatzea irabaztearen parekoa da. Inoiz ikusi dudan iraupen eskiatzailerik onena da.
Noiz eta nolatan egin zizuten entrenatzaile izateko proposamena?
2024ko denboraldian izan zen. Lehiatzen nenbilen oraindik, baina aipatu zidaten hurrengo denboraldian prestatzaileen taldean egoteko aukera izango nuela. 2024ko abenduan hasi nintzen haiekin lanean. Denboraldi osoa egiteko aukera izan nuen, baina kontratua apirilean amaitu zitzaidan. Aurtengo denboraldirako aukera sortu zitzaidan berriro ere. Azarotik apirilera bitarte arituko naiz. Teknikari aritzea eskaini zidatenean, ez nuen zalantzarik izan.
Eskiatzailea izanda, inbidiarik izan al duzu?
Esperientzia oso desberdina da. Hala ere, nahiko barneratuta neukan jada ez nintzela eskiatzaile moduan joango. Beraz, prestatzaile moduan joatea zen beste aukeretako bat, eta izugarria iruditu zait. Inbidia izan dut, baina ez hainbestekoa. Beste aldetik ikustea ere ondo dago.
«Nahiko barneratuta neukan ez nintzela eskiatzaile moduan joango Olinpiar Jokoetara. Beraz, prestatzaile moduan joatea zen beste aukeretako bat, eta izugarria iruditu zait»
Zure kirol ibilbidean pentsatu al zenuen noizbait Olinpiar Jokoetan egoteko aukera izango zenuela?
Azken bi urteetan ez, baina aurretik bai. Pentsatzeko modua aldatu behar izan nuen orain bi urte.

Oso umetan hasi zinen eskiatzen. Nola duzu gogoan?
Gurasoak beti joan izan dira lagunekin eskiatzera, eta haiekin hasi nintzen. Belaguara eta Somportera joaten ginen. Herrian ere, Beorburun, elurra egiten zuen batzuetan, eta plastikoekin ibiltzen ginen. 12 urterekin Irrintzi eski taldean hasi nintzen eskiatzen, Iruñean. Eskolako lagun batek proposatu zidan, eta biek eman genuen izena. Asteburuero joaten hasi nintzen, eta lasterketetan parte hartzen ere bai. Ordutik ari naiz horretan.
Kirol honi lotuta lan egitea espero zenuen?
Ez! Gozatu egin nahi nuen kirol honekin, eta banekien kirolari eta entrenatzaile moduan lan egitea oso zaila izango zela. Pentsa, umetan mediku izan nahi nuen [barrezka].
Emaitza onak lortzen ari zara azken urteetan. Pozik al zaude zure kirol ibilbidearekin?
Bai. Iaz Espainiako txapeldun izan nintzen esprintean, Ibai Letonarekin. 2023an eta aurten, berriz, distantzia luzeko txapeldun izan naiz Marxa Bereten; eta beste bitan, esprint modalitatean. Ezin naiz kexatu.
Distantzia guztietan lehiatzen zara. Zer-nolako eskiatzailea zara?
Burugogorra, batez ere! Asko gustatzen zait lehiatzea, eta ahal dudan distantzia guztietan aritzen naiz. Izan ere, oso eskiatzaile gutxi aritzen gara lasterketetan. Eskiatzaile gutxi horiek espezializaziora jotzen badugu, egoera okertu egingo da. Europan jada eskiatzaile askok jo dute espezializaziora. Alde horretatik, gauzak asko aldatu dira azken hamarkadan. Kirol olinpikoa izateak hori ekarri du.
Udan gimnasio batean egiten duzu lan. Nola uztartu dituzu gimnasioko zereginak, entrenamenduak eta prestatzaile lanak?
Neguan entrenatzaile aritzen naiz, eta, kontratua apirilean amaitzen zaidanez, udan gimnasio batean aritu naiz lanean azken bi urteetan. Entrenatzaile jarraitu nahiko nuke urte guztian, baina ikusteko dago. Orain, suhiltzaile izateko lan eskaintza publikoa prestatzen ari naiz, eta horretan saiatuko naiz buru-belarri. Badirudi hemendik gutxira izango dela azterketa; beraz, horretan saiatu behar dut. Dena uztartzea oso zaila da. Ahal dudanean ikasi egiten dut, eta entrenatzeko denbora ateratzea ez da erraza.
«Gero eta gehiago inbertitzen ari dira iraupen eskian, baina emaitza onak lortzen ari direlako gertatu da hori. Mendiko eskian beti inbertitu izan dute, baita biatloian ere»
Erakundeek eta federazioek nahikoa inbertitzen al dute iraupen eskian?
Gero eta gehiago inbertitzen ari dira, baina emaitza onak lortzen ari direlako gertatu da hori. Mendiko eskian, esaterako, beti inbertitu izan dute. Biatloian ere diru asko jartzen dute, baina hemen gutxik egiten dute biatloia. Beste kirolekin alderatuz, iraupen eskian ez da ia dirurik inbertitzen.
Motzean
Iraupen eskian egin duzun lagunik onena?
Irati Cuadrado eta Hugo Escudero.
Lasterketa bat?
Marxa Beret.Entrenatzeko leku bat?
Lillehamer [Norvegia].
Iraupen eskiatzaile bat?
Benjamin Ogden.
Beste kirol bat?
Txirrindularitza.Kirolari bat?
Tadej Pogacar txirrindularia.
Sareetan gehien jarraitzen diozun kirolaria?
Tadej Pogacar.
Jateko?
Pasta.
Edateko?
Ura.
Musika talde bat?
Coldplay.
Abesti bat?
Fix you [Coldplay].
Oporretarako leku bat?
Menorca [Herrialde Katalanak].