«Egia esan, txapelketaren egutegia jakinarazi zutenean ez ginen konturatu ere egin guk jokatuko genuela euskal selekzioaren lehen partida munduko txapelketa batean. Gero jakin genuen. Presioa izango dugu, mundu guztia egongo baita partida honi begira, baina ohorea ere bada», aitortu du Amaia Irazustabarrenak (Hernani, Gipuzkoa, 1994). Haratago joan da Nagore Martin (Gasteiz, 1994). «Zera aitortu behar dut: nahiagoko nuke gurea ez balitz euskal selekzioaren aurreneko partida. Urduriago egongo gara, ziur. Hori bai, selekzio osoa ariko da gu animatzen».
Destinoak hala erabakita, bietako batek jokatuko du norgehiagoka historiko hori. Gaur da hitzordua, Buenos Airesen arratsaldeko ordu biak direnean, arratsaldeko zazpiak Euskal Herrian. Irazustabarrena edo Martin, bietako bat ariko da Argentinako Goi Errendimenduko Gunean, 30 metroko frontoiko banakako paleta gomazko lehen partidan. Arrastoa utziko du neurketa horrek, eta mugarri bat ezarri, euskal selekzioak aurrenekoz jokatuko baitu ofizialki Munduko Txapelketa nagusi batean. Espainiaren aurka ariko da.
Irazustabarrena eta Martin Munduko Txapelketetan arituak dira. Bitan hartu du parte, bietan Espainiako selekzioarekin: palista hernaniarra 2014ko eta 2018ko ekitaldietan lehiatu zen, Zinacantepen (Mexiko) eta Bartzelonan, binaka. «Lehen aldian gaztea nintzen, eta ikastera eta gozatzera joan nintzen. Bigarren aldian, berriz, urrea irabazteko asmoz joan ginen, eta gutxigatik ez genuen helburua lortu: Maiderrek [Mendizabalek] eta biok zilarra lortu genuen». Palista gasteiztarra, berriz, aurreko bi ekitaldietan aritu zen, Bartzelonan eta Miarritzen (Lapurdi), trinketan, binaka. «Lehen aldian ez nuen asko jokatu, baina asko disfrutatu nuen esperientziaz. Laugarren izan ginen. Bigarren aldian, berriz, brontzea lortu genuen, eta jokatu egin nuen hirugarren eta laugarren posturako partida. Asko gozatu nuen».
«Nahiagoko nuke gurea ez balitz euskal selekzioaren aurreneko partida. Urduriago egongo gara, ziur»
NAGORE MARTIN Euskal selekzioko palista
Baina biek oso argi dute aurreko aldi horiek ez dutela «inolako antzik» oraingoarekin. «Espainiarekin aritu ginen horietan, baina, oraingoan, euskal selekzioarekin jokatuko dugu. Sekulakoa da hori. Oso ezberdina izango da, eta beste modu batean biziko dugu», azaldu du Irazustabarrenak. Gauza bera uste du Martinek. «Pilotari guztion ametsa munduko txapeldun izatea da. Lehen, Espainiarekin baino ezin genuen hori lortu, baina iaztik guk nahi dugun selekzioarekin ari gara jokatzen. Ohore ikaragarria da hori. Aspaldiko ametsa bete dugu».
Kontatu dutenez, ez dute Espainiako Federazioaren deirik jaso bere selekzioarekin jokatzeko. «Ezagutzen gaituzte: badakite euskaldunak garela, barruan daramagula euskal selekzioa, eta aspalditik borrokatu garela hori lortzeko. Oso argi zuten guk euskal selekzioarekin jokatuko genuela».
Brontzea Nazioen Ligan
Ez batek ez besteak ez du inoiz jokatu banaka munduko txapelketa batean. Binaka aritu dira beti: Irazustabarrena, 30 metroko frontoian, eta, Martin, trinketan. Azken unera arte ez da jakingo nork jokatuko duen gaur, baina Irazustabarrenaren ustez, ziurrenik Martin ariko da. «Nik baino denbora gehiago darama modalitate honetan jokatzen, eta igarri egiten da hori. Baina ni prest nago jokatzeko». Prest Irazustabarrena, eta prest Martin. «Ni trinketan aritu nahiz gehien, eta ez naiz horren ondo moldatzen modalitate honetan. Zaila izango da, baina domina lortzeko gogoz gaude. Ea lortzen dugun. Martxotik gabiltza gogor entrenatzen, gero eta hobeto ari gara, eta sasoiko gaude». Itxaropentsu egoteko arrazoiak badaude. Iaz, Martinek brontzezko domina lortu zuen Nazioen Ligan, Aguascalientesen (Mexiko). Espainiak irabazi zuen urrea, eta Mexikok zilarra.
«Lehen bi partidak oso gogorrak izango dira. Banaka edozer gerta daiteke. Finalerdietarako sailkatzea da helburua»
AMAIA IRAZUSTABARRENA Euskal selekzioko palista
Hain zuzen, Espainia izango da gaur aurkaria, txapeldun izateko «faborito nagusia» bi palisten arabera. «Ziurrenik, Maiderrek [Ardanazek] jokatuko du. Hura da munduko txapelduna, eta Nazioen Ligakoa ere bai. Hala ere, berdin du nork jokatuko duen, selekzio oso indartsua dute. Multzo gogorra egokitu zaigu, gero Argentinaren aurka ariko baikara, eta etxeko taldea izanik, abantaila izango baitu. Bi partidak oso gogorrak izango dira. Banaka edozer gerta daiteke. Finalerdietarako sailkatzea da helburua. Horra iristen bagara, aukera gehiago izango dugu domina bat irabazteko», esan du Irazustabarrenak. Martinen ustez, «faborito nagusiaren» aurka jokatzeak badu abantaila bat. «Ez dugu presiorik izango. Lehen partida honetan gure helburua ahalik eta ondoen aritzea eta konfiantza hartzea da. Bigarren partidan asko egongo da jokoan, eta horretan bete-betean aritu behar gara».
Senitartekorik ez da etorri haiek ikustera Euskal Herritik, baina Martin ez da bakarrik egongo. Etxekoa da. «Urte eta erdiz bizi izan nintzen Argentinan, eta nire bikotekidea [Santiago Andreasen] Argentinarekin ariko da txapelketan. Hark eta haren familiak asko animatuko gaituzte, seguru».
Emakumezkoetan esku pilotak indar handia hartu duen garai honetan, biek erremintaren aldeko aldarria egin dute. Irazustabarrena: «Modalitate askotan joka daiteke, eta eskuko minik ez dago. Gazteak anima daitezela, oso kirol polita baita».
EUSKAL SELEKZIOAK BESTE BI PARTIDA JOKATUKO DITU GAUR
Irazustabarrenak edo Martinek jokatuko duten lehen partidaz gain, euskal selekzioak beste bi partida jokatuko ditu gaur, Munduko Txapelketako lehen jardunaldian: 20:00etan, Julen Alberdik edo Mikel Aurrekoetxeak Frantziako selekzioko ordezkariaren aurka jokatuko du frontball-ean. 21:00etan, berriz, Unai Sagarzazuk edo Julen Loidik Mexikoren ordezkariaren kontra jokatuko du 30 metroko frontoiko paleta gomazkoan.