Asier Marcok (Tafalla, Nafarroa, 1997) eta Iker Otegik (Hondarribia, Gipuzkoa, 1996) bi kontu dituzte elkarrekin: judoa maite dute eta aurten lortu dute Europan judoko epaile izateko titulua. «Hasi nintzenean ez nuen hona ailegatzeko aurreikuspenik. Nire helburu nagusia beti zera izan da: judoaz disfrutatzea», nabarmendu du Marcok. Aitarengandik datorkio judoarekiko zaletasuna, Bertxarri Tafallako klubean irakaslea baitzen. 3 urterekin hasi zen judoan entrenatzen, nahiz eta ez den inoiz lehian aritu. Otegi, berriz, 5 urterekin hasi zen judoan, eta txapelketetan parte hartzen zuen. Espainiako txapelduna izandakoa da. Oraindik ere, epaile izateaz gain, lehiatzen jarraitzen du. Aurten, dena den, ez du txapelketarik jokatu, min hartuta egon baita.
18 urterekin egin zuten Espainian epaile izateko azterketa. Aurretik, Marco Nafarroako Txapelketan aritu zen epaile, eta Otegi Gipuzkoakoan eta Euskadikoan. Horretarako ere titulua atera behar izan zuten. «Azterketa idatzia egiten dizute arauen inguruan; ondoren, erakutsi egin behar duzu ikasitakoa, eta, azkenik, txapelketa batean ebaluatu egiten zaituzte. Espainiakoa ere antzera egiten da. Urtean behin egiten dute, eta epaileen batzordeak erabakitzen du bertako txapelketak epaitzeko gai zaren edo ez», azaldu du Otegik. Ondorengoa erantsi du Marcok: «Espainiako Kopan eta beste hainbat lehiaketetan aritu behar duzu epaile onenen zerrendan sartzeko».
Europara salto egitea, baina, beste kontu bat da. Biak bat datoz: prozesua «luzea eta zaila» izan da. «Arau asko hartu behar dituzu kontuan», adierazi du Otegik. Marcoren ustetan, azterketa bera gainditzea baino gehiago, ondorengoa da zaila: Espainiako Epaileen Batzordeak zu hautatzea. Izan ere, Espainian epaileen zerrenda bat dago, eta hor pixkanaka-pixkanaka goraka egin behar da, Europan aritzeko hautagaien zerrendan sartzeko: «Normalean, epaile bat edo bi hautatzen dituzte, baina aurten hiru izan gara, Malagan jokatu delako Espainiako Txapelketa».
Arau aldaketak, ohikoak
Judoan ohikoa izaten da lau urtez behin arauak aldatzea, Olinpiar Jokoen zikloarekin batera. Bi epaileen esanetan, arauak aldatzearen arrazoi nagusia kirola «erakargarriagoa» egitea da: «Judoa gehiago ulertzeko egiten dira aldaketak. Ulerterraza izan behar du ikuslearentzat. Hala, errazagoa da ikusteko, baina epaileentzat gauzak zaildu egiten dira», nabarmendu du Otegik. Bide berean, Marcok esan du arauak aldatzen dituztela «dinamikoagoa eta ikusgarriagoa» izateko.
«Judoa gehiago ulertzeko egiten dira aldaketak. Ulerterraza izan behar du ikuslearentzat. Hala, errazagoa da ikusteko, baina epaileentzat gauzak zaildu egiten dira»
IKER OTEGI Judoko epailea
Kirol batzuetan epaileek irainak eta bestelakoak jaso ohi dituzte. Judoa, baina, salbuespena da horretan, errespetua baita kirolaren oinarrietako bat. Marcok eta Otegik adierazi dute kirolariekin errespetuan oinarritutako harremana dutela, eta, beharbada, entrenatzaileek hitz egiten diete gaizkien: «Ezustean modu txarrean erantzuten dute. Baina, ondoren, haiekin hitz egiten dugunean, nork bere akatsak onartzen ditu. Okerrena, beharbada publikoa da, batez ere txapelketa garrantzitsuetan», esan du Otegik. Marcok, berriz, uste du judoa ez dela batere alderagarria futbolarekin eta saskibaloiarekin, haietan zaleak «garrasika» hasten baitira.
Epaile lanetan aritu diren borrokarik gogoangarrienaz galdetuta, Otegik berehala erantzun du: judoko munduko txapelduna epaitu zuenekoa: «Berezia izan zen. Azterketa egin nuen tokian izan zen, Malagan». Marcok, berriz, borroka bat du gogoan, baina ez judoka batengatik, epaile batengatik baizik: «Raul Camacho judoko epaile onenetakoa izan da munduan. Erretiroa hartzera zihoan egunean, harekin batera aritu nintzen Espainiako Txapelketan».
«Judoa ez da gure ogibidea. Ikusi beharko dut lanarekin uztartzeko moduan nagoen. Horrek asko baldintzatuko du etorkizuna. Asteburuetan bidaia asko egin behar izaten ditugu, eta gure poltsikotik ere jarri behar izaten dugu dirua»
ASIER MARCO Judoko epailea
Aurrera begira, disfrutatzen jarraitu nahi du Marcok. «Judoa ez da gure ogibidea. Ikusi beharko dut lanarekin uztartzeko moduan nagoen. Horrek asko baldintzatuko du etorkizuna. Asteburuetan bidaia asko egin behar izaten ditugu, eta gure poltsikotik ere jarri behar izaten dugu dirua». Antzera mintzatu da Otegi. Irakaslea da, eta judoko epaile izatea zaletasun bat besterik ez da: «Ez nuke esango ondo ordainduta dagoenik, ordu asko pasatzen baititugu. Dirua irabazten dugu, baina inondik inora ere bizitzeko adina».