Orioko patroia

Gorka Aranberri: «Iruditzen zait batzuetan meritua kentzen zaiola egindako denboraldiari; lortutakoa oso-oso zaila da»

Bi estropada falta dira Eusko Label liga amaitzeko, baina txapelketak dagoeneko badu irabazlea: Orio. Taldeak lehortea amaiarazi du, 2019tik baitzegoen liga irabazi gabe. «Lan pila bat dago atzetik, ordu pila bat, sakrifizio handia», esan du Aranberrik.

Gorka Aranberri, Orioko patroia. JON URBE / FOKU
Gorka Aranberri, Orioko patroia. JON URBE / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
Aizarnazabal
2025eko irailaren 1a
18:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lanetik aterata, bazkaltzeko etenean elkartu da Gorka Aranberri Orioko patroia (Zarautz, Gipuzkoa, 1987) BERRIArekin. Pozik dago, baina argi du: oraindik denboraldia ez da amaitu, eta lan handia dute egiteko. Liga irabazita, beste marka bat dute orain begiz joa: estropada garaipenena. Hemezortzitik hamalau irabazi dituzte, eta Urdaibaik iaz lortutako errekorra berdindu. Bermeoko (Bizkaia) eta Portugaleteko (Bizkaia) estropadak falta dira, eta nahikoa dute horietako batean nagusitzea. Aurretik, Kontxako Bandera ere lortu nahi dute.

Bi jardunaldiren faltan, matematikoki irabazi duzue liga. Gustura zaudete?

Bai, bai. Horrelako denboraldia egitea ez da erraza. Lehengo urtean Bermeorekin ere gertatu zitzaigun: jendeari aspergarria iruditzen zaio beti berberek irabaztea. Iruditzen zait batzuetan meritua kentzen zaiola egindako denboraldiari; lortutakoa oso-oso zaila da, egundokoa, eta egindakoa hor geratuko da.

Galizian jokatu dituzue asteburuko estropadak, eta iritsitakoan, gauean, harrera egin zizueten herrian. Ondo joan zen?

Bai. Ni ez nintzen azaldu, emazteak gauean lana duelako. Hala ere, ligako titulua azkenengo jardunaldia bukatu eta gero ospatuko dugu; ospakizun hori handiagoa izango da. Denok juntatuko gara. Orion ohitura dago banderak irabazten direnean aliron-a egiteko, eta oraingoan ere hala izan da. Galiziatik bi banderarekin bueltatu gara, eta atzokoa ere polita izan zen. Ohi baino pixka bat beranduago, baina jende asko elkartu zen.

Azken urteetan Urdaibairekin izan zara txapeldun, aurten Oriorekin... Irabaztera ohituko zinen dagoeneko.

Bai [barrez]. Erraz esaten da ohitu hitza, baina irabaztea beti da zaila, beti kostatzen da. 2021etik 2025era arteko liga guztiak irabazteko aukera izan dut, zorte hori. Talde onetan izan naiz, baina ez da hori bakarrik. Jendeak pentsatzen du arraunlari onak juntatuta, besterik gabe, gauzak ondo egiten direla, eta lan pila bat dago atzetik, ordu pila bat, dedikazio handia, sakrifizio handia... Eta aurten ere halaxe izan da.

Niretzat, nentorren tokitik etorrita, erronka bat izan da: aurreko urtean ezer irabazi ez zuen talde bat hartu, talde on bat, eta nik eta etorri garenok eman diogun ukitu horrekin ea zertarako kapazak ginen demostratzeko erronka nuen. Eta begira zer denboraldi egiten ari garen. Oraindik ez da bukatu. Ginga jartzea falta zaigu, baina egindakoa hor dago, eta balioa eman behar zaio.

Irabazteko gosez segitzen duzu orduan?

Bai, bai. Gose hori galtzen denean, akabo. Azkenean, horrek ematen dizu aurrera jarraitzeko indarra: irabazteko poztasun horrek, hobetzen saiatzekoak... Gauza horiek asetzen zaituzte. Irabazteko gosea ez da bukatzen.

Aise ibili da Orio, nagusi. Orain arte egindakoaz zer balorazio egiten duzu? Zein izan da gakoa?

Balorazioa oso ona da, hori ez dago ukatzerik. Baina uste dut garaipen kopuruek adierazten dutena baino lan gehiago izan dugula. Aurkariak estropada askotan izan ditugu oso gertu. Taldeak lortu duen konfiantza edo segurtasun horri esker irabazi ditugu estropada asko. Atzetik joan garen zenbait estropadatan, larunbatekoan, esate baterako, buelta emateko kapazak izan gara, baita Zarauzko lehendabiziko jardunaldian ere. Estropada askotan egin dugu atzetik aurrerako lana. Ez da hain erraza izan.

Asmatu duzue egoerak kudeatzen.

Bai, estropada denak desberdinak dira. Kale guztiek dituzte abantailak eta desabantailak. Horiek kudeatzen jakin behar izaten da, eta momentuan bertan hartu behar diren erabakiak izaten dira. Garaipen kopuruari begiratuta badago esatea, objektiboki, hartutako erabaki horiek onak izan direla, eta taldeak irabazteko balio izan dutela. Irabazi ez dugunean, berriz, begiratu behar da hartutako erabaki horiek guretzako kaltegarriak izan diren edo ez. Bandera batzuk segundo eskas baten aldearengatik ez ditugu lortu, eta horrek ere asko esaten du taldearen alde.

«Denboraldia oraindik ez da bukatu. Ginga jartzea falta zaigu, baina egindakoa hor dago, eta balioa eman behar zaio»

Aurrez ere Orion ibilitakoa zara. Orduan aritutako batzuk elkartu zarete berriro ontzian: Martxel Aldai, Ibon Arruti, Aritz Lizarralde... Berezia izan da zuretzat?

Bai; izan ere, alboko herrikoak dira. Bermeon gehienak bizkaitarrak ziren; hemen nire eskualdeko gehiago gaude, eta betidanik ezagutzen ditudan arraunlariak dira. Polita izan da berriro hona etorri eta beraiekin beste liga bat irabaztea.

Eskarmentua duzuen arraunlariek eta gazteek osatu duzue ontzia. Ondo moldatu zarete?

Bai, uste dut talde sendo batek hori behar duela. Gazteak freskura ematen dizu, inozentzia hori, nerbio puntu hori, eta beteranoak, ba, pauso hori. Gaztea urduri dagoenean, lasai egoteko esaten dio zaharrak, esperientziagatik, gauza ondo doala. Iker Zabala entrenatzaileak egin duen lanarekin, nahasketa hori bonba bat da. Uste dut lortu duela talde honen osagaiak bateratzea.

Gazteei ere eman die arraun egiteko aukera.

Bai, baina ez die eman gazteak direlako, ezta etxekoak direlako eta eman behar zaielako ere. Gazteek beren postua lortu egin behar izan dute, eta estropada meritu propioengatik jokatu dute, eta egin duten lanagatik. Taldeko beste patroiak —Oihan Manterolak— oraindik ez du debutatu; 16 urte bakarrik ditu, baina oso ondo ari da lanean, KAE2 liga irabazi du, eta ikusten da bidea egiten ari dela. Eta talde nagusiko gainerako kide guztiok bandera bat edo bi irabazi ditugu gutxienez, eta horrek asko esan nahi du.

Hain zuen, ligako patroi gazteena izan duzu alboan: Oihan Manterola. Hastapenak gogorarazi dizkizu?

Orain dela urte asko pasatutako gauzak dira, baina antzekotasun batzuk ikusten dizkiot. Bere tokia bilatu behar du, eta aukerak etortzen zaizkionen ahalik eta ondoen aprobetxatu.

«Kontxan ahalik txukunen aritzen saiatuko gara. Gure lana ondo egiten badugu, hortxe ibiliko gara, nire ustez»

Ez zenuten ospakizunetarako tarte handirik izango. Kontxa dator orain. Gogotsu zaudete?

Bai, bai, ilusio handia dugu. Ikusi besterik ez dago: atzo liga irabazi genuen, asteburuko bi banderak lortu genituen, baina arraunlarion ospakizuna neurrikoa izan zen. Lanak ditugu oraindik egiteko, lan politak; zailak bezain politak. Kontxaren historian garaipen gehien dituen taldea da Orio, eta urte dezente daramatza irabazi gabe. Erronka handi bat da; gosez gaude. Ikusita zer urte egin dugun, baditugu aukerak, eta horri heldu behar diogu. Ahalik lan txukunen aritzen saiatuko gara. Gure lana ondo egiten badugu, hortxe ibiliko gara, nire ustez.

Gainera, irabaztea lortuz gero, Kontxa gehien irabazi dituen patroia izango zara. Iaz berdindu zenuen Aita Manuel, bederatzi bandera lortuta.

Urte osoan zehar inor ez da akordatzen zenbaki horiekin, baina data hauek iristen direnean, bai. Zure izena hor ikustea polita da. Baina politagoa izango da erretiroa hartzen dudanean eta atzera begira jartzen naizenean.

Orain artekoa ikusita, Zierbenak eta Donostiarrak dirudite aurkari indartsuenak. Hala ere, Kontxan beti daude ezustekoak. Nolako lehia espero duzu?

Azkenengo urteetan behintzat, ligaren isla izan da Kontxa. Aurreneko lauzpabost postuetan dauden taldeak hor ibili izan dira. Gogotik lan egin beharko dugu ohorezko txandan eduki ditugun aurkariei irabazteko: Donostiarrari, Zierbenari... Urdaibaik ere bigarren postuan amaitu zuen atzo.

Denboraldia borobiltzeko, beste marka bat ere izango duzue begiz joa: estropada garaipenena. Hemezortzitik hamalau irabazi dituzue dagoeneko, eta iaz Urdaibaik egindako errekorra berdindu duzue. Hori hautsi nahi duzue?

Taldea piztuta mantentzeko beste pizgarri bat da marka hori. Zenbaki sinple bat ematen du, baina hogei estropadetatik hamabost irabaztea oso konplikatua da. Kanpotik ez zaio balio handirik ematen, baina arraunlariak badaki zenbat sufritu duen, zenbat saiatu den... Hau lortzeko zorte puntu bat ere eduki behar duzu, baina atzean lan asko dago. Zerutik ez zaizu erortzen, bestela besteei ere eroriko litzaieke.

Baduzu arraunean lortzeke duzun amets edo helburu bat? Izan taldekoa zein banakakoa.

Egia esan, ez. Azkenengo urteetan lortu nahi izan dudana da entrenatzera gustura joatea, disfrutatzea, eta taldeari ahalik eta zuku gehien ateratzea. Ikustea talde horrek prozesuan zehar nola hobetzen duen, eta horretaz disfrutatzea. Uste dut azken urteetan horrek balio izan didala. Eta hori da nire helburua. Gainera, hala izanda, ikusi dut udan gero emaitzak etorri direla, eta hori oso polita da.

Oraindik gozatzen segitzen duzu, beraz.

Bai, bai, asko. Estropada irabazteak asko ematen dizu, baina entrenatzera gustura joan, entrenamendu oso on bat egin eta mutilak gustura ateratzeak ere bai. Asko betetzen nau ikusteak gauza bat esan eta eginda ontziak ondo erantzuten duela, eta mutilak hori barneratzen ari direla. Azken urteetan asko eman dit horrek, eta horrelaxe segitzen dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.