Sestaoko xake txapelketako antolatzaileek jakinarazi dute bertan izatekoak ziren Israelgo zazpi jokalariek ez dutela parte hartuko azkenean. Uko egin diote gaur hastekoa den nazioarteko txapelketan lehiatzeari. Asteazkenean hiru jokalarik adierazi zuten ez zutela txapelketan parte hartuko, eta izena emanda zuten beste lau batu zaizkie orain.
Antolatzaileek eskatu zieten izena emana zuten jokalariei txapelketan ez parte hartzeko, Israel Gazan egiten ari den «giza eskubideen urraketa sistematikoa» gaitzesteko keinu gisara. Edo parte hartzea erabakitzen bazuten, Nazioarteko Xake Federazioaren banderarekin jokatzeko eskatu zien. Jokalariek, baina, uko egin zioten proposamenari.
Open kategoria duen nazioarteko txapelketa bat denez, antolatzaileek ezin diete lizentzia duten jokalariei parte hartzea galarazi. Are, Nazioarteko Xake Federazioak antolatzaileei ohartarazi zien arauak bete ezean ondorioak izango zituztela. Besteak beste, mehatxu egin zien txapelketari kategoria kentzearekin eta parte hartzaileei punturik ez banatzearekin. Horrek «arriskuan» jarriko lituzke txapelketa eta hura antolatzen duen taldea bera, Sestaoko Xake Kluba, antolatzaileen esanetan.
Bertan behera uzteak ere albo kalteak eragingo lizkieke parte hartzaileei. Izan ere, mundu osoko ehun jokalari baino gehiago dira parte hartzekoak, eta Sestaon daude jada ostatu hartuta. Zehazki, 240 xake jokalari lehiatuko dira, 33 herrialdeetakoak. Izen handiko jokalariak dira horietako batzuk, gainera. 20.000 euro inguru banatuko dituzte sarietan.
Sestao-Palestina taldeak protestara deitua zuen gaur eguerdirako, Xakea bai, genozidiorik ez lelopean. Gazan jasaten ari diren muturreko egoera salatzeaz gain, elkarretaratzearen xedea da ohartaraztea Israelgo gobernuak kirola eta kultura erabiltzen dituela genozidioa zuritzeko.