Arrauna

Isuntza: olatuan gora begira

Asteburu bikaina osatu du Isuntzak: Ondarroan seigarren izan zen, eta Hondarribian bosgarren. Jurgi Gorostiza arraunlariak taldeak aspaldiko astebururik «borobilena» osatu duela nabarmendu du.

Isuntzako ontzia, denboraldi honetan etxean jokatutako estropadan. MIGUEL TOÑA / EFE
Isuntzako ontzia, denboraldi honetan etxean jokatutako estropadan. MIGUEL TOÑA / EFE
2026ko abuztuaren 10a
14:24
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ekaitzak ekaitz eta haizeak haize, asteburu bikaina osatu dugu». Jurgi Gorostiza (Mendexa, Bizkaia, 1989) Isuntzako arraunlariaren hitzak dira. Eusko Label ligan Bizkaiko traineruak seigarren egin zuen Ondarroan (Bizkaia), eta bosgarren Hondarribian (Gipuzkoa). Osertz Aldairen hamar urteko etapa emankorraren ostean, ziklo aldaketa egon da Lekeitioko traineruan, eta Markel Akarregiren aroari eman diote hasiera. Denboraldi ona osatzen ari da taldea, baina gehiago nahi dute.

Asteburuan ez zituzten baldintza errazak izan arraunerako; izan ere, Ondarroan ekaitza lehertzeko arriskua zegoen, eta Hondarribian, berriz, haize ufadek eragina izan zuten. Asteburuan egindako lanarekin pozik dago Gorostiza: «Puntu gehien lortu dugun asteburua izan da. Ez ginen baldintza errazetan aritu, baina trainerua denboraldiko boladarik onenean dago, eta horrek indarra eman digu».

Bi estropadetan ontzian izan zen Gorostiza. Itsasoko estropadak izan ziren biak, eta halakoetan faktore asko elkartzen dira. Barrutik nola bizi izan zuen kontatu du: «Ekaitza emanda zegoen, eta arduratuta geunden. Ez genekien estropada aurretik edo ondoren sartuko zen ekaitza». Kezkatzeko arrazoiak bazituzten: «2021ean, Ondarroan jokatutako estropadan asko galdu genuen. Hala ere, asteburua salbatzeaz gain, bikain aritu gara». 

«Puntu gehien lortu dugun asteburua izan da. Ez ginen baldintza errazetan aritu, baina trainerua denboraldiko boladarik onenean dago, eta horrek indarra eman digu»

JURGI GOROSTIZA Isuntzako arraunlaria

Harrobiko arraunlaria da Gorostiza. Hainbat urte daramatza traineruan, eta ongi ezagutzen du taldearen dinamika. Aurten, gainera, gazte asko ari dira traineruan, eta hori erronka izaten da talde guztientzat. Isuntzako arraunlariak asteburu honetan taldea nola ikusi duen azaldu du: «Oso ongi ikusi dut taldea. Taldekide gehienak gazteak dira, nahiz eta hor gauden lau beterano. Denboraldiari ilusioz ekin genion, eta jarritako erronkari ongi ari gara aurre egiten».

Lanaren fruituak

Ekaitzarekin eta haizearekin arraun egitea sekula ez da lan erraza izaten. Isuntzak, baina, bikain erantzun du. Ondarroako estropadan, txandako azkenak geratu ziren, baina itxura oso ona eman zuten, eta Hondarribia azkenera arte estutu zuten. Atzo, berriz, Urdaibairen pare helmugaratu ziren, baina Lekittarra ontzia sei ehunen lehenago sartu zela ebatzi zuten epaileek. Ondorioz, bietan lortu zuten Bou Bizkaia-ren aurretik geratzea. Gorostizak emaitza horiek lortzeko gakoak azaldu ditu: «Neguan egindako lanak, tentsioa mantentzeak eta orain arte lortutakoak eman digun konfiantzak eraman gaitu emaitza hauek lortzera». 

Bigarren txandan finkatzea lortu du Isuntzak. Oraintxe, zortzigarren postuan da, 69 puntu lortuta, eta hamabost puntuko aldea du lehen txanda markatzen duen Santurtzirekiko. Taldearen hasierako helburua mailari eustea zen, eta hori eta gehiago ari dira lortzen. Isuntzako arraunlariak orain artekoaren balorazioa egin du: «Hasierako helburu hori ia eskuan daukagu. Zortzigarren postu hori defendatzea da gure helburua, eta, posible bada, zazpigarren postuan dagoen Ondarroa estutzea».

Nahi ala ez, talde askok Kontxako estropada daukate begiz jota; Isuntzak ere bai: «Iaz, 26 urteren ostean, sailkatzea lortu genuen. Dagoeneko talde batzuk estropada horri begira jarrita daude. Guk ere helburu hori dugu, eta horretarako egingo dugu lan». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA